Actualidad DEMA

DEMAren Taldeka programari esker, 19 enpresa sortu ziren 2016an

Bilbo, 2017ko apirilaren 27a

• Maiatzaren 7ra arte egongo da irekita Taldeka programan izena emateko deialdia, adineko pertsonen arloan dauden negozio aukerak landuko dituena
• Programa honetan parte hartzen dutenek autoenplegurako laguntzetarako sarbide sustatua izango dute

Oraindik ere ez du urterik bete, baina Taldeka programa dagoeneko hasi da bere fruituak ematen. Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak iazko maiatzean jarri zuen martxan, eta harrezkero, DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatutako programa honi esker, 19 enpresa sortu dira. Alabaina, 2016an eratutako ekintzailetza taldeetakoren batek ekainaren 30era bitarte jarraituko du bere garapenarekin. Espero da, egun horretarako, beste hainbat negozio plangintza ere enpresa bihurtuta egotea.

Taldeka programaren helburua da, hain zuzen, langabezian dauden pertsonak lan arloan aktibatzea, ekintzailtzarekin lotutako prestakuntza emanez, eta, hala, gutxienez % 60k euren lanpostua sortzea. Programa honetan parte hartuz gero, bestalde, autoenplegurako laguntzetarako sarbide sustatua eskuratuko da: 5.000 €-tik gora, enpresako, Taldeka bakoitza osatzen duten pertsonek euren ideia enpresarialak abian jar ditzaten. Oraingoz, Bilboko ekintzailetza taldean, Merkataritzaren eta Turismoaren sektoreetan landu dira proiektu gehien (proiektuen % 25 izan dira sektore bakoitzekoak); Bizkaiko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Taldeka-n, berriz, Eraikuntzaren eta Prestakuntzaren sektorekoak (% 17, bakoitzean).

Adineko pertsonen premiei erreparatzen dien Taldeka
Gaur egun, Sailak eta DEMAk, Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldearekin lankidetzan, deialdi bat daukate irekita Taldeka batentzat; hain zuzen, biztanleriaren zahartzeak dakartzan negozio aukerak aztertuko dituena. Egia esan errealitate horrek enplegu aukerak sortzen ditu, eta geroz eta gehiago sortuko ditu, gainera. Geroz eta zaharragoa den biztanleria baten premietan oinarritutako ekintzailetza gauzatzea lehiarako abantaila izan liteke lan arloa aktibatzea lortzeko; izan ere, aurreikusten da 2025. urtean Euskal Lurralde Historikoko biztanleen % 27k 65 urte baino gehiago izango dituztela.

Taldeka honetan sartu ahal izango dira, hain justu, Psikologiako, Pedagogiako, Informatika Ingeniaritzako, Gizarte Langintzako, Gizarte Hezkuntzako, Arkitekturako, Gizarte Erabilerako Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko, Fisioterapiako, Elikadurako, Odontologiako, Heziketa Fisikoko edo Arlo Soziosanitarioko LHko profesionalak, baldin eta langabezian edo enplegua hobetzeko prozesuan, eta Lanbiden izena emanda badaude. Bizkaiko udalerriren batean egon beharko dute erroldatuta, eta han bizi; era berean, unibertsitateko titulu akademikoa, teknikoa (erdi edo goi mailakoa) edo/eta Lanbide Heziketakoa eduki beharko dute.

Deialdi honetan izena emateko epea maiatzaren 7ra arte luzatu da. Programan parte hartu nahi dutenek hemen eman ahal izango dute izena: bit.ly/TaldekaDEMAeus edo bit.ly/TaldekaGSSIeus. Gainera, xedatutako epearen barruan, curriculuma aurkeztu, eta nortasun ekintzaileari buruzko test bat bete beharko dute; zehazki, programari buruzko informazio gehiago emateko antolatuko diren informazio solasaldietan. Solasaldiak noiz eta non izango diren izena eman duten pertsonei jakinaraziko zaie, hala dagokionean.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo DEMAren bulegoetara (Barakaldo Elkartegia. Fanderia 2, Barakaldo), edo deitu telefono zenbaki honetara: 94 418 90 55.

“enLANzar” programak laguntza eskainiko die Bizkaiko enplegu anezketatik igaro diren pertsonei

Bilbo, 2017ko apirilak 12

• Programa berriaren hiruhilekoko jardueren artean daude hauek, besteak beste: enpresetara bisitak, hitzaldiak, lantegiak, networking eta sektoreko jardunaldiak.
enLANzar programaren helburua da Foru Aldundiak DEMAren bitartez sustatzen dituen enplegu programetako parte hartzaileei laguntzea.

DEMA enLANzar1

Iragan astelehenean, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak enLANzar aurkeztu zuten. Programa horrek lagundu egingo die Bizkaiko Enpleguko eta Ekintzailetzako Anezka programan eta Taldeka Ekintzailetza Taldeak programan parte hartu dutenei eta enplegua aktiboki bilatzen jarraitzen dutenei.

Teresa Laespada foru diputatua eta Gloria Mugica DEMAko zuzendari kudeatzailea izan ziren jardunaldia irekitzearen arduradunak. Jardunaldian parte hartzaile ugari izan ziren, Bizkaian orain arte abian jarritako anezkatakoak. Hain zuzen, anezketako kideek helarazi zioten Foru Aldundiari horrelako ezaugarriak zituen programa baten premia zegoela: enLANzar programak babesa, orientazioa eta laguntza eskainiko die, arlo bakoitzeko adituen eta DEMAko teknikarien tutoretzapeko zerbitzuen eskaintza zabalarekin. Parte hartzaile bakoitzak gehien interesatzen zaizkionetan parte hartu ahal izango du, bere helburua betetzeko: lan merkatuan sartzea. “Foru Aldundiarentzat lehentasuna du zuen lan profilak merkatuak eskaintzen duenarekin bat etortzea”, ziurtatu zuen Laespadak.

Etorkizuneko enplegua
Anezketako kideei euren bidea egiten laguntzeko tresnak helarazteko asmoz, jardunaldian Lanbideren zerbitzu berria ere aurkeztu zen : FUTURE Lan (enplegu prospektiben behatokia). Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusi ohi eta ikerketen kabinete teknikoko egungo buru Javier Ramosek azaldu zuen “erabakiak hartzen laguntzeko zerbitzua” dela; izan ere, EAEko sektore ekonomiko eta talde okupazionaletako enplegu proiekzioak ditu 2030. urtera arte. FUTURE Lan zerbitzuak euskal enpresetako langileen eskaera aurreikusteko aukera ematen du (“estatistikek ematen diguten argiari esker”), bai eta etorkizunean izan daitezkeen bat ez etortzeak ere Euskadiko lan merkatuko langile gaituei dagokienez.

Enplegua eskuratzen laguntzea
Ramosek hitz egin ondoren, Pilar Carranzak eta Myriam Márquezek, enLANzar proiektuaren arduradunak eta teknikariak, hurrenez hurren, programak eskaintzen dituen zerbitzuak aipatu zituzten. Carranzak azaldu zuenaren arabera, programa “DEMAk jarraipena eskaintzeko zuen kezkari, jarduerari eta pertsonen arteko konexioari zor zaio”.

EnLANzar programak orientazio zerbitzu bat izango du. Horren bitartez, nahi dutenei banakako tutoretzak (aurrez aurre eta online), taldeko tutoretzak eta aholkularitza eskainiko zaizkie autoenplegurako.

Halaber, programa baliatuko dutenen esku geratuko da DEMAko lan eremu bat (Barakaldon). Ordenagailuak, inprimagailua, telefonoa eta wifia izango dira bertan, lan egiteko, biltzeko, enpresekin bitartekaritzak egiteko, bai eta enplegua bilatzearekin zuzenean lotutako beste ekintza batzuk egiteko ere.

enLANzar programak jardueren programazio zabala du, eta hiru hilez behin aurkeztuko dira. Horien xedea da informazioa lortzea lan merkatuari buruz eta enplegagarritasuna hobetzea. Hauek nabarmendu daitezke: enpresetara bisitak, hitzaldiak, lantegiak, networking eta sektoreko jardunaldiak.

Bestalde, komunikazio tresnak aktibatuko dira, programaren hartzaileak informatuta izateko langabeentzako interesgarriak diren enplegu eskaintzei, foroei, ekitaldiei, azokei eta abarri dagokienez.

Myriam Márquezek adierazi zuen moduan, “programa nahieran egina dago”; enLANzar jada Bizkaiko enplegu anezketako parte hartzaile ohiak direnek DEMAri eskatu ziotenaren isla da.

Taldeka Ekintzailetza Taldea anezkenen antzeko enplegu programa bat da, baina ekintzailetza gehiago bultzatzen da bertan. Programa horretako parte hartzaileek ere era berean baliatu ahal izango dituzte DEMAk eta Sailak enLANzar programaren bitartez haien esku jartzen dituzten aukerak. Aukera horiek baliatzeko, bide hauetakoren batera jo behar da:

• Telefonoa: 94 418 90 55
• WhatsAppa: 656 796 287
• Helbide elektronikoa: enlanzar@dema.eus

Lana aurkitzeko gakoak
enLANzar programa aurkezteko jardunaldia amaitzeko, Elena Huergak, garapen profesionalaren arloko coachak, hitzaldi bat eskaini zuen. Elenak “zure lana aurkitzeko ezinbesteko bost gako” eskaini zituen. Hain justu ere, gako horiek lan munduan izan duen esperientziarekin indartu eta arrakasta ereduekin irudikatu zituen.

Datorren astelehenean Bizkaiko anezketatik igaro diren pertsonei laguntzeko sortu den “enLANzar” programa aurkeztuko da

Bilbo, 2017ko apirilaren 7a

Datorren astelehenean, apirilak 10, Bilboko Foru Artxibategian (María Díaz de Haro 11), enLANzar programa aurkezteko jardunaldia egingo da, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sutatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak Bizkaiko Anezka-Enplegu eta Ekintzailetza egitasmoan parte hartu duten pertsonei laguntzeko martxan jarri duten orientazio eta jarraipen zerbitzua.

EnLANzar programaren helburua izango da anezketatik igaro diren eta enplegua bilatzen ari diren pertsonekin hartu-emanean jarraitu eta haiei laguntzea.

Jardunaldia goizeko 11:00etan hasiko da, Teresa Laespada Enplegu, Inklusio eta Berdintasuneko foru diputatuaren eta Gloria Mugica DEMAko zuzendari-gerentearen hitzaldiekin.

Javier Ramosek hartuko du hitza ondoren —LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi ohia eta gaur egun erakunde horren ikasketa teknikoen kabineteko buru dena—, hitzaldi bat emateko LANBIDEk eskaintzen dituen baliabideei eta FUTURE Lan zerbitzu berriari buruz (enplegu behatoki prospektiboa).

Gero, enLANzar programaren zerbitzuen funtzionamendua azalduko da, haien programazioa eta haietako bakoitza eskuratzeko modua, eta jardunaldia amaitzeko, Elena Huerga garapen profesionaleko coach-ak hitzaldi bat emango du enplegua aurkitzeko bost arrakasta gakoei buruz.

Egina dago adineko pertsonen beharrizanen eta biztanleriaren zahartzearen inguruko negozio aukeretan sakonduko duen ekintzailetza talde bat sortzeko deialdia

Bilbo, 2017ko apirilaren 7an

• Bizkaiko biztanleen ia % 22 dira 65 urtetik gorakoak
• Errealitate sozial horrekin zerikusia duten negozio aukerak aztertuko ditu Taldeka-Ekintzailetza Taldeak

DEMA. Firma Taldeka Sociosanitario

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak eta Enplegua eta Ekintzailetza bultzatzeko Foru Agentzia DEMAk beste deialdi bat egin dute Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programari begira. Oraingo honetan, Gizarte Zerbitzu Integralen Taldearekin elkarlanean eramango da burura programa hori, aipatu Taldean adituak baitira batez ere mendekotasun egoeran eta/edo gizartetik kanpora gelditzeko edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko gizarte zerbitzu berritzaileak garatzen. Aldundiaren, DEMAren eta GZI Taldearen arteko lan konpromiso horri esker, Taldeka berri bat sortuko da, Europan eta Bizkaian biztanleen zahartzearen errealitateak eta, hedaduraz, silver economy deritzon ekonomia zilarreztatuak sorrarazten dituzten aukeretan oinarrituta ekintzailetzaren alorrean sakondu dezan.

Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programak langabeen artean nork bere enplegua sustatzea du xede. Horretarako aintzat hartzen ditu negozio aukeraren bat ahalbidetu dezaketen enpresak, eta taldeko lana aberasteko formulak erabiltzen ditu kideen artean.

Hiru fasetan ekin
Hiru fasetan garatuko da Taldeka programa. Lehenengoak bi hilabete iraungo ditu, eta coaching eta mentoring tekniken bidez, ekintzailearen profila sendotzeko pertsona barruko trebetasunetan eta ekintzailetzaren alorreko trebetasunetan trebatzeko prozesu kooperatiboa eramango da burura. Fase honetan gehienez ere 500 €ko beka jasoko du parte hartzaileak joan-etorriek, dietek eta antzekoek eragiten dituzten gastuak ordaintzeko. Hurrengo bi hilabeteetan, DEMAk eta GZI Taldearen silver ekintzailetza sailak lagunduta, negozio plan bat landuko dute programan parte hartzen dutenek. Hirugarren fasean, abian jarriko dute proiektua, eta hamabi hilabetez kudeatzeko

laguntza teknikoa izango dute. Fase horretan, 15/2017 Foru Dekretuan eta, hala behar badu, 2018an argitaratzen den Dekretuan finkatutako laguntzak, nork bere enplegua sustatzeko laguntzak, jaso ahal izango dituzte ekintzailetza taldea osatzen dutenek (5.000 eurotik gora enpresako).

Deialdia gaurtik 2017ko maiatzaren 3ra arte egongo da indarrean Bizkaian erroldatuta dauden egoiliarrentzat, langabezia egoeran baldin badaude edo enplegua hobetzeko prozesuan Lanbiden izena emanak baldin badaude. Gainera, gaiarekin zerikusia duen titulazio akademikoren bat izan behar dute (Psikologia, Pedagogia, Ingeniaritza, Informatika, Lan Soziala, Hezkuntza Soziala, Arkitektura alorreko Profesionalak, Teknikariak erabilera sozialeko etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko alorrean, Fisioterapia, Elikadura, Odontologia, Hezkuntza Fisikoa, Goi mailako lanbide heziketa arlo soziosanitarioan), baita eskarmentua eta/edo prestakuntza espezifikoa ere zahartzearen esparruan.

Biztanleria zahartua
Bizkaian gutxi gorabehera 250.000 lagun dira 65 urtetik gorakoak, hau da, biztanleriaren guztizkoaren ia % 22. Herritarren zahartzearen errealitate horrek enplegu eta ekintzailetza aukera berriei zabaltzen dizkie ateak arlo soziosanitarioan. Ekintzailetza talde berri honek bide horiek aztertu eta taldekideentzako aukera gisa proiektatuko ditu.

Deialdi honetan izena eman nahi dutenek helbide honetara jo behar dute: bit.ly/TaldekaDEMAeus edo bit.ly/TaldekaGSSIeus. Gainera, curriculuma aurkeztu eta nortasun ekintzaileari buruzko test bat beteko dute epe jakin batean, programari buruzko informazio gehiago emateko xedean antolatuko diren solasaldietan. Solasaldi horiek zehazki noiz izango diren garaiz jakinaraziko zaie izena emandako pertsonei.

Informazio gehiago nahi dutenek DEMAren bulegoetan lortu dezakete (Barakaldo Elkartegia. Fanderia kalea 2, Barakaldo), edo telefono bitartez (94 418 90 55).

DEMAk Aldundiaren enplegu politiketan parte hartzen du, 2017an 10.000tik gora pertsonengana iritsiko direnak

Bilbo, 2017ko apirilaren 6a

• Joan den urtean 400 bat lagunek aurkitu zuten lana DEMAren programei esker
• Bi programa berrik –Eskutik eta Indartu– enpresei laguntzeko ekintzak abiaraziko dituzte

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak, atzo emandako prentsaurrekoan, Aldundiak 2017rako martxan jarri dituen enplegu programen eta inbertsioen datu nagusiak eman zituzten. Kopuruak esanguratsuak dira: Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko sailak berak bultzatzen dituen ekintzak –zeinetan DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak parte hartzen duen– 10.000tik gora lagunengana iritsiko dira aurten.

Norantz bideratu behar dira ahaleginak?
Rementeriak eta Laespadak ez dute zalantzarik: foru erakundea lanean ari da eta lanean jarraitu behar du gazteen, 45 urtetik gorakoen eta iraupen luzeko langabeen enplegua sustatzeko ahaleginean, baina arreta berezia jarri behar du ere gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonengan eta beren negozioa martxan jarri nahi duten lagunengan.

DEMA elkarlanean ari da Sailarekin, eta bere ahaleginak bideratzen ditu irtenbide espezifikoak aurkitzera enplegu eta ekintzailetza arloan kolektibo horientzat. Teresa Laespada diputatuak banan-banan azaldu zituen Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak martxan jarriko dituen programa eta ekimenak, 2,3 milioi euroko ekarpena izango dutenak:

Enpresari programak kultura ekintzailea sustatu nahi du Lanbide Heziketako ikasleen artean. 2016an, 119 tailer antolatu ziren (ekintzailetza eta ideien heltzea), 2.501 parte hartzailerekin. Gainera, 532 pertsonaren 212 enpresa ideia landu ziren, eta 144 lagunek proposatutako 50 proiekturen aholkularitza lana egin zen; horietatik, 10 negozio plan aukeratu ziren eta deialdiko enpresa proiektu onenen saria jaso zuten.

• Abian izeneko programa pentsatuta dago negozio ideiak enpresa proiektu bihurtzeko. Hona hemen 2016ko zifrak: 15 ikastaro, 564 negozio ideia, 510 negozio plan eta martxan jarritako 186 enpresa, 268 lanposturekin.

• Anezka-Enplegu eta Ekintzailetza eta Taldeka-Ekintzailetza Taldeak lan ekimen solidarioak dira, enplegua bilatzeko eta ekintzailetza bultzatzeko helburua dutenak. Gaur den eguneraino, 11 anezka sortu dira Bizkaian eta 208 lagunek parte hartu dute, % 60tik gorako laneratze indizearekin (norberaren kontura edo besteren kontura). Taldeka programari dagokionez –anezken antzeko lan taldeak, baina ekintzailetzara bideratuagoak–, 4 talde sortu dira, eta 76 lagun aritu dira horietan.

Enplegurako 3 tresna berri
Laespadak aipatu zuen, halaber, DEMAko EnLANzar programaren eskaintza berria, proiektu bat, orientazioa eta ondorengo laguntza emango diena ANEZKA Enpleguko Anezketatik eta TALDEKA Ekintzailetza Taldeetatik igarotako pertsonei.
Era berean, aurten bi programa berri jarriko dira martxan: batetik, Eskutik programa (enpresa berriei laguntzeko); horren bidez, Enplegu eta Ekintailetza Foru Agentziak 60 bat erakunderi laguntzea aurreikusi du; bestetik, Indartu programa (bi urte baino gehiago dituzten enpresak finkatzeko), 30 bat enpresari laguntzeko xedea duena. “DEMAren autoenplegurako dekretuen eta laguntzaren bidez abian jarri diren ekintzaileek egindako eskaera bati emandako erantzuna dira, laguntzen jarraitzeko eskatu baitziguten” azaldu zuen Teresa Laespadak.

DEMA ferias y eventos en Bizkaia                           Teresa Laespada

Diputatuak gogora ekarri zituen, bide batez, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak DEMA agentziarekin batera egindako beste jarduera batzuk. Nabarmentzekoa izan zen Prestik Enplegu Azoka; 6.000 bisitari izan zituen, 74 erakunde erakusle eta 70 hizlari, eta Bizkaiko Ezkerraldean eta Meatzealdean jarri zuen arreta nagusia, lan egoera okerrena lurraldeko bi eremu horietan ematen baita; bestalde, enpleguko eta ekintzailetzako hainbat jardunaldi egin dira, hala nola Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldiak, Emprendit-ON Ekintzailetzako Gazteen Foroa eta “Bizkaiker” (bizkaiaker.eus) enpleguko mapa birtuala.