Actualidad DEMA

Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldien ondorioek bizi plana eta negozio plana integratzearen alde egiten dute

Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldien ondorioek bizi plana eta negozio plana integratzearen alde egiten dute

  • Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak sustatu zuten topaketa.
  • Bertaratuek 7,69ko notarekin baloratu zituzten ekitaldian azaldutako edukiak. Ondorioztatu dute bizi plana negozio planean integratu gabe zaila dela modu iraunkorrean eta epe luzean ekitea.

Martxoaren 2an Bizkaia Aretoan (UPV/EHU) Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldiak egin ziren. Jardunaldiok Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak sustatu zituzten. Jardunaldien xedea izan zen ekiteko erabakia hartzen duten pertsonei zuzenean eragiten dien gai bat argitzen saiatzea: bizi plana eta negozio plana integratzea.

Ekitaldia, gainera, eragileen artean topatzeko, gogoeta egiteko eta askotariko proposamenak egiteko gune gisa ezarri zen. Hain zuzen, eragile horiek beren esperientzien berri eman nahi izan zuten, egungo ekintzailetzaren ekosistema hobetzeko. Ekosistema horrek gure garaiko erronka sozioekonomiko handietako asko partekatzen ditu: produkzio ereduak eraldatzea, konpetentziaren eta kooperazioaren ideia, tokikoaren eta globalaren arteko harremana, aukera berdintasuna, talde zaurgarrienak integratzea, ingurumena hondatzea…

Jardunaldiek bi zati izan zituzten, pertsonengan arreta jarrita

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak ireki zituen Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldiak, pertsonen alde eginez: “ezagutza, teknologia eta zaintzak konbinatu behar ditugu nahasketa horretatik abiatua enplegu hobi berriak sortzeko” azaldu zuen.

Lehenengo zatia goizean egin zen, eta entzun eta inspirazioa hartu zen. Ekintzaileen zuzeneko lekukotzaz gain, tokiko eta estatuko mailan ekiteko hainbat ekimen aurkeztu ziren: trebatzeko eta laguntzeko programak, esperientziak, praktikak, tresnak, sare informalak… Jardunaldien lehenengo zati hori lau mahai ingurutan banatu zen: Unibertsitatetik aplikatutako prestakuntza, Taldean ekitea, Norbere nagusia izatea eta Ekintzaileek kontatuko digute. 109 emakumek eta 47 gizonek hartu zuten parte. Batik bat, enpresa pribatuetakoak eta administrazio publikokoak ziren, baina ekintzaileak, langabeak eta ikasleak ere izan ziren.

foto1

Entzutea eta inspirazioa hartzea

1. mahaia (Unibertsitatetik aplikatutako prestakuntza), Alfonso García Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko zuzendari nagusiak eta DEMAko buruak dinamizatu zuen, eta honako hauek osatu zuten: María Saizek, Ekintzailetza eta Enpresen Zuzendaritza –MBAe3– Masterreko (UPV/EHU) zuzendariak, eta María Ángeles Diezek, Ekonomia Sozial eta Solidarioa Masterreko (UPV/EHU) Batzorde Akademikoko kideak. Dinamizatzaileak eta parte hartzaileek ohar eta ondorio interesgarriak egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetza ekosistemari buruz:

1. mahaia: Unibertsitatetik aplikatutako prestakuntza

  • Euskal biztanleen % 3,7k ekintzailetza du buruan aukera profesional gisa.
  • Euskadik ekintzaile izan daitezkeen pertsonen tasa baxuenetako bat du.
  • Euskadiko ekintzaileek 39 urterekin lortzen dute “arrakasta”, batez beste.
  • BIZIraunkortasuna aurkitzeko, ekintzailetzaren ingurunea ikuspegi feministatik eta balantza hirukoitzetik begiratuta behatu behar da: iceberg erre-produktiboa berrinbertitzea.

2. mahaia (Taldean ekitea), Susana González Rómulok dinamizatu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko aholkulariak. Mahai horretan parte hartu zuten hauek: Loli Castilleja eta Mariem Diana Diakite, Alencop ordezkatuz; Laurent Ogel, PRAXXisen zuzendaria; Pilar Garay, emprendes.net-ekoa; eta Beatriz Alejos, DEMAko enpresen sorkuntzaren arloko teknikaria. Kalitatezko gogoetak egin zituzten, esaterako:

2. mahaia: Taldean ekitea

  • Ekintzailetza eskubide sozial bat bezala planteatu behar da, BIZIraunkortasuneko baldintza materialak bermatzeko, eta ez alternatiba bakar gisa.
  • Ekintzailetza ekosistema osasuntsu batek aintzat hartzen ditu pertsonak maila emozionalean, erlazionalean eta materialean.
  • Ekiten ikasteak negozio ideia garatzen eta optimizatzen eta negozio ideia horrek arrakasta izaten laguntzen du. Ekintzaileek beren proiektuak gauzatzeko behar dituzten tresnak ezagutu behar dituzte.
  • Taldeko autoenpleguak aukera ematen du arriskuak partekatzeko eta prozesuei ekiteko, pertsonengan arreta jarriz.

Comunicación Estratégicako kontseilari eta Komunikatikeko bazkide sortzaile Arantxa Sainz de Murieta profesionala arduratu zen 3. mahaia (Norbere nagusia izatea) dinamizatzeaz. Mahai horretan parte hartu zuten hauek: Txelu Balboa (ColaBoraBora eta Juntas Emprendemos), Idoia Postigo (Emakumeekin), May Serrano (La Quinta Ola) eta Eva Calavia (Dabne). Emakumeen ekintzailetzari buruzko ikuspuntuak eskaini zituzten:

3. mahaia. Norbere nagusia izatea

  • Aitortzak, konfiantzak eta elkarrekikotasunak marrazten dute zirkulu bertutetsua ekintzailetza sozialerako, taldean ekiteko. Ekintzailetza mota hori berritzailea da, eta bereizlea.
  • Emakumeak ez du ikusgarritasunik eta aukerarik enpresa munduan. Metafora berriak behar dira errealitateak eraldatzeko eta estereotipoak hausteko.
  • Emakumeen % 3,9 soilik daude zuzendaritza karguetan.
  • Emakumea ez da errudun sentitu behar bizitza erdigunean jartzeagatik, erreproduktiboa lehenesteagatik produktiboa bideragarri izateko.
  • Emakumea ez da “ez gizagaixoa, ezta superwoman ere”. Funtsezkoa da emakume ekintzaileen kolektiboak etiketak kentzea.
  • Emakumeek etxeko jakintzak eta jakintza erreproduktiboak barneratuta dituzte, eta horiei esker, haien ekintzailetza ekimenak iraunkorragoak dira.

4. mahaiaren (Ekintzaileek kontatuko digute) kudeatzailea Rosa Fernández izan zen, ColaBoraBorako bazkide sortzailea. Mahaian hainbat ekintzailek parte hartu zuten, eta hasieran eta tartean izandako bizipenen berri eman zuten. Halaber, ekintzailetza prozesuetan izandako esperientzia jakinarazi zuten: Lorena Pla (Gizabi), Eva María Esteban (Lágrimas de Cocodrilo), Eleder Ríos (Euskal Salbamendu eta Sorospen Zentroa) eta Loreto Madariaga (Neurki). Barrutik egindako lekukotzak ezinbestekoak dira prozesuak ulertzeko eta irtenbide bideragarriak bilatzeko.

4. mahaia. Ekintzaileek kontatuko digute

  • Ekintzailetza eta BIZIraunkortasuna ez dira posible, zaintzeko denbora tarteak gorde gabe.
  • Ilusioa, inozentzia, hazkundea eta ekintzailetza negozio bat abian jartzeko premiazko balio aplikagarriak dira.
  • “Nork bere burua zaintzea” ez litzateke ekintzaile baten konpondu gabeko arazoa izan behar, ekintzailetza batek nahi duena, gehien gustatzen zaiona egiteko modu gisa planteatzen bada ere.
  • Plangintza eta inprobisazioa ekintzailetza prozesuaren zati dira. Bizitzak agintzen du, baina ihesgune bat aurkitzea aukera ona izan daiteke BIZIraunkortasuna bilatzeko.

Ideiak elkarrekin sortzen, erronkari aurre egiteko

Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldien bigarren zatian, arratsaldean, elkarrizketak eta partekatzeak egin ziren hiru orduz: elkarlaneko lan saio bat egin zen elkarrizketa gisa, hobetzeko ekintzak eta estrategiak proposatzeko ekintzailetzarekin, berrikuntza sozialarekin eta BIZIraunkortasunarekin lotutako programak eta neurriak bultzatzeko eta finkatzeko helburuarekin.

foto2

51 pertsonak hartu zuten parte, gehienbat enpresa pribatuko eta ekintzailetzaren munduko ordezkariek, baina baita administrazio publikokoek eta beste sektore batzuetakoek. Saioan, parte hartzaileek ideiak, inspirazioa eta kontaktuak bilatu zituzten funtsean, baina motibazioen artean, honelako topaketa batek eskaini ditzakeen sinergiak aurkitzeko aukera ere azpimarratu zuten.

Saioaren hasieran, networking egiteko tarte bat hartu zen, eta gero, elkarrizketak egin ziren. Nolanahi ere den, aurretik, hainbat jarraibide eta adostasun ezarri ziren, taldean lan egiteko giro ona sortzeko asmoz.

Dinamika horretan, parte hartzaileek ekintzaile izateko maila desberdinetan dauden mugen berri izan zuten:

  1. Pertsonalak. Emozio eta egoera psikologiko negatiboak, ekintzailearen bakardadea, egoera ekonomikoa, ekintzailetzaren burbuila, enpresa kulturarik ez izatea, nork bere buruari eskatzea eta perfekzionismoa. Faktore horiek baldintzatzen dute pertsonek ekitea.
  2. Testuingurukoak. Estigma soziala, logika ekonomizista, erregulazioak, politikak eta burokraziak, finantzaketa eta merkaturako sarbidea. Horiek dira ekiteko testuinguruko eragozpenak.
  3. Enpresa proiektuarenak. Ekintzailetza baldintzatzen dute proiektu baten inguruan business plan eta komertzializazioak, ekipoak eta kolaborazioek, premia bereziek, elkarrekin sortzeak eta ideiagintzak, berrikuntzaren kulturak eta baliabide ekonomikoek.

Mugak identifikatu ondoren, parte hartzaileak erronkari irtenbideak ematen ahalegindu ziren, proposamenak espres elkarrekin sortzen. Proposamen horiek guztiak eta Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldietatik ateratako ondorioen xehetasunak dokumentu honetan jaso dira:

2017ko Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldien ondorioak.

foto3

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak eskerrak eman nahi dizkie jardunaldi honetan parte hartu duten guztiei, izan duten inplikazioagatik eta interesagatik iraunkorra den eta bizitzan arreta jartzeko aukera ematen duen ekintzailetza ekosistema baterako gakoak bilatzeko. Uste dugu dokumentu horretan jasotako ekarpenak abiapuntu baliotsu bat direla erronka lantzen jarraitzeko. Eskerrik asko, halaber, ColaBoraBorari, jardunaldiak dinamizatzeagatik eta ondorioen txostenaren argitalpenagatik, eta UPV/EHUri, jardunaldiak egiteko lokala lagatzeagatik.

V. Gizartegunek Bizkaiko lan orientazioaren oraina eta etorkizuna aztertuko ditu

Bilbo, 2017ko maiatzaren 9a 

• DEMAk eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatutako eztabaida eta gogoeta jardunaldia.
• Hiru mahai inguru izango dira, hainbat erakunde eragilek, prestakuntza arloan lan orientazioan espezializatutako pertsonek, kolektibo ahuletako ordezkariek eta langabeek osatuta.

Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintailetza Foru Agentziak V. Gizarteguna egingo dute. Jardunaldia Deustuko Unibertsitatean egingo da (CRAI Liburutegia, Ellacuría Aretoa), eta oraingo honetan lan orientazioaren oraina eta etorkizuna aztertuko dira. Kolektibo tekniko bati begira antolatu da: eragile publikoak eta pribatuak –adituak eta profesionalak–, Bizkaiko lan orientazioaren eremuan lanean dihardutenak edo elkartzen direnak.

V. Gizartegune honetan, jakintza sortu eta zabaldu nahi da, Bizkaian dauden lan orientazioko zerbitzuen egungo egoera xehetasunez ezagutzeari begira. Era berean, topaketan, lan orientazioaren etorkizunari buruzko gogoeta bat egin nahi da, horrelako zerbitzuak zer norabidetan doazen jakiteko, baldintzatzen dituzten alderdiak aintzat hartuta: lan merkatuaren eta enpresen egoera, globalizazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, lankidetza publiko-pribatua, lanbidearen etorkizuna, etab.

Foru Diputatu Teresa Laespadak eta ekitaldia antolatzen lagundu duen Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek jardunaldia irekiko dute, eta ondoren hiru mahai inguruak hasiko dira. Lehenengoan, arloko profesionalak bilduko dira, hainbat erakundetatik etorrita: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, Lanbide, Andalucía Orienta eta Santa María La Real Fundazioa. Galdera honi erantzuten saiatuko dira: Norantz doa lan orientazioa? Bigarrengoan, lan orientazioaren berrikuntza aztertuko dute, eta horretarako hainbat hizlari elkartuko dira Santanderko Udaletik eta Wooorkeretik, Eures Saretik, Aldalanetik eta Lan Orientatzaileen Elkartetik (AOSLA-Gizalan). Eredu eta metodologia berriei, teknologia berrien aplikazioari, lankidetza publiko-pribatuari eta lanbidearen etorkizunari buruzko esperientziak partekatuko dituzte. Amaitzeko, hirugarren mahai inguruan, hainbat kolektibotan diharduten lan orientatzaileen arteko solasaldi bat egingo da, eta horretarako Unibertsitateko, Lanbide Heziketako, kolektibo berezi eta/edo ahuletako ordezkariak eta langabeak bilduko dira.

V. Gizartegunen parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezakete doan.