"enLANzar" programak laguntza eskainiko die Bizkaiko enplegu anezketatik igaro diren pertsonei

Bilbo, 2017ko apirilak 12

• Programa berriaren hiruhilekoko jardueren artean daude hauek, besteak beste: enpresetara bisitak, hitzaldiak, lantegiak, networking eta sektoreko jardunaldiak.
enLANzar programaren helburua da Foru Aldundiak DEMAren bitartez sustatzen dituen enplegu programetako parte hartzaileei laguntzea.

DEMA enLANzar1

Iragan astelehenean, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak enLANzar aurkeztu zuten. Programa horrek lagundu egingo die Bizkaiko Enpleguko eta Ekintzailetzako Anezka programan eta Taldeka Ekintzailetza Taldeak programan parte hartu dutenei eta enplegua aktiboki bilatzen jarraitzen dutenei.

Teresa Laespada foru diputatua eta Gloria Mugica DEMAko zuzendari kudeatzailea izan ziren jardunaldia irekitzearen arduradunak. Jardunaldian parte hartzaile ugari izan ziren, Bizkaian orain arte abian jarritako anezkatakoak. Hain zuzen, anezketako kideek helarazi zioten Foru Aldundiari horrelako ezaugarriak zituen programa baten premia zegoela: enLANzar programak babesa, orientazioa eta laguntza eskainiko die, arlo bakoitzeko adituen eta DEMAko teknikarien tutoretzapeko zerbitzuen eskaintza zabalarekin. Parte hartzaile bakoitzak gehien interesatzen zaizkionetan parte hartu ahal izango du, bere helburua betetzeko: lan merkatuan sartzea. "Foru Aldundiarentzat lehentasuna du zuen lan profilak merkatuak eskaintzen duenarekin bat etortzea", ziurtatu zuen Laespadak.

Etorkizuneko enplegua
Anezketako kideei euren bidea egiten laguntzeko tresnak helarazteko asmoz, jardunaldian Lanbideren zerbitzu berria ere aurkeztu zen : FUTURE Lan (enplegu prospektiben behatokia). Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusi ohi eta ikerketen kabinete teknikoko egungo buru Javier Ramosek azaldu zuen "erabakiak hartzen laguntzeko zerbitzua" dela; izan ere, EAEko sektore ekonomiko eta talde okupazionaletako enplegu proiekzioak ditu 2030. urtera arte. FUTURE Lan zerbitzuak euskal enpresetako langileen eskaera aurreikusteko aukera ematen du ("estatistikek ematen diguten argiari esker"), bai eta etorkizunean izan daitezkeen bat ez etortzeak ere Euskadiko lan merkatuko langile gaituei dagokienez.

Enplegua eskuratzen laguntzea
Ramosek hitz egin ondoren, Pilar Carranzak eta Myriam Márquezek, enLANzar proiektuaren arduradunak eta teknikariak, hurrenez hurren, programak eskaintzen dituen zerbitzuak aipatu zituzten. Carranzak azaldu zuenaren arabera, programa "DEMAk jarraipena eskaintzeko zuen kezkari, jarduerari eta pertsonen arteko konexioari zor zaio".

EnLANzar programak orientazio zerbitzu bat izango du. Horren bitartez, nahi dutenei banakako tutoretzak (aurrez aurre eta online), taldeko tutoretzak eta aholkularitza eskainiko zaizkie autoenplegurako.

Halaber, programa baliatuko dutenen esku geratuko da DEMAko lan eremu bat (Barakaldon). Ordenagailuak, inprimagailua, telefonoa eta wifia izango dira bertan, lan egiteko, biltzeko, enpresekin bitartekaritzak egiteko, bai eta enplegua bilatzearekin zuzenean lotutako beste ekintza batzuk egiteko ere.

enLANzar programak jardueren programazio zabala du, eta hiru hilez behin aurkeztuko dira. Horien xedea da informazioa lortzea lan merkatuari buruz eta enplegagarritasuna hobetzea. Hauek nabarmendu daitezke: enpresetara bisitak, hitzaldiak, lantegiak, networking eta sektoreko jardunaldiak.

Bestalde, komunikazio tresnak aktibatuko dira, programaren hartzaileak informatuta izateko langabeentzako interesgarriak diren enplegu eskaintzei, foroei, ekitaldiei, azokei eta abarri dagokienez.

Myriam Márquezek adierazi zuen moduan, "programa nahieran egina dago"; enLANzar jada Bizkaiko enplegu anezketako parte hartzaile ohiak direnek DEMAri eskatu ziotenaren isla da.

Taldeka Ekintzailetza Taldea anezkenen antzeko enplegu programa bat da, baina ekintzailetza gehiago bultzatzen da bertan. Programa horretako parte hartzaileek ere era berean baliatu ahal izango dituzte DEMAk eta Sailak enLANzar programaren bitartez haien esku jartzen dituzten aukerak. Aukera horiek baliatzeko, bide hauetakoren batera jo behar da:

• Telefonoa: 94 418 90 55
• WhatsAppa: 656 796 287
• Helbide elektronikoa: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Lana aurkitzeko gakoak
enLANzar programa aurkezteko jardunaldia amaitzeko, Elena Huergak, garapen profesionalaren arloko coachak, hitzaldi bat eskaini zuen. Elenak "zure lana aurkitzeko ezinbesteko bost gako" eskaini zituen. Hain justu ere, gako horiek lan munduan izan duen esperientziarekin indartu eta arrakasta ereduekin irudikatu zituen.

© 2012 DEMA. Todos los derechos reservados.

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y facilitar la usabilidad mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continua navegando, consideramos que acepta su uso.