Gure blog-a

Ekintzailetza Aretoa abenduaren 12an eta 13an egingo da, PRESTIK Enplegu Azokarekin batera

  • SAREKIN, Bizkaiko Ekintzailetza Sarea, lehenengo ekitaldiarekin finkatuko da: Ekintzailetza Aretoa. Ekintzaileak Bizkaiko ekintzailetzan parte hartzen duten eragile guztiekin topatzeko gunea.

 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziarekin batera SAREKIN Sarearen lehen Ekintzailetza Aretoa antolatu dute. Ekitaldia 2018ko abenduaren 12an eta 13an egingo da, 15:00etatik 19:00etara, Bilboko Euskalduna Jauregian, bi urtean behin egiten den PRESTIK Enplegu Azokaren seigarren edizioarekin bat etorriz.

 

Aretoaren helburua da ekintzailetzan parte hartzen duten eragile guztien topagunea izatea, eta Bizkaiko ekintzaileentzat da, hain zuzen, beren negozio ideia garatzeko edo martxan jartzeko edo enpresa proiektu bat finkatzeko orientazioa nahi dutenentzat. Ekimenaren burua SAREKIN Sarea izango da, Bizkaiko ekosistemako eragileen sareak osatua. Hain zuzen, eragile horiek elkarlanean aritzen dira ekintzaileei sistemaren baliabide guztiak modu ordenatuan eta lankidetzazkoan eskaintzeko.

 

Ekintzailetza Aretora doan sar daitekeen arren, aldez aurretik erregistratu egin behar da www.sarekin.eus webgunean, eta, halaber, izena eman behar da hitzaldi, tailer eta gainerako jardueretan parte hartzeko ere.

 

SALON EMPRENDIMIENTO SAREKIN 2018

 

Stand tematikoak, orientazio mahaiak, hitzaldiak eta networking topaketak.

Ekintzaileen ekosistemaren inguruan arituko diren bi egunetan, besteak beste, stand tematikoen erakustoki handi bat egongo da, negozio proiektu batek finkatu arte igarotzen dituen faseak irudikatzeko. Gainera, informazioa eta aholkularitza eskainiko da Bizkaian ekintzaile izateko eskuragarri dauden baliabideei buruz:

  • Ekintzailetza kulturaren gunea
  • Enpresa proiektu berrien gunea
  • Enpresak sortzeko eta abian jartzeko gunea
  • Finantzaketa gunea
  • Enpresak finkatzeko gunea

Sarekin Sarean parte hartzen duten Bizkaiko eragileak egongo dira stand horietan, ekintzaileei informazioa eta aholkuak emateko. Gainera, haien beharrizanetan jarriko dute arreta eta haien esku jarriko dituzte eragileen sareak dituen baliabide eta zerbitzu guztiak beren proiektuak sortzeko eta handitzeko.

 

Banaka orientatzeko mahaiak ere egongo dira, ekintzailetzaren arloko kezkak eta ideiak dituzten pertsonentzat, finantzaketa bilatzen ari diren enpresari hasiberrientzat, enpresa finkatzeko laguntza behar dutenentzat…

 

Halaber, hitzaldi aretoak ere egongo dira, ekintzailetzarekin lotutako hitzaldiak, mahai inguruak eta aurkezpenak egiteko aldi berean.

 

Jardunaldi teknikoen egitaraua ere eskainiko da, funtsean bokaziozkoak diren jardueretan ekintzailetza sustatze aldera. Bokazioak bizimodu, pasio eta ekintzailetza bihurtzen dira, hau da, “maite dudana, ondo egiten dudana, munduak behar duena eta ordaindu diezadaketena”. Hala, jarduera dinamikoak diseinatu dira: lehenengo, mahai inguru tekniko bat egingo da, eta, ondoren, ekintzailetzari buruzko tailer praktiko bat bideo-jokoen, kirolaren eta artearen sektoreetan.

  • Mahai ingurua eta ekintzailetza tailerra: “Digitala naiz, bideo-jokoak maite ditut”.
  • Mahai ingurua eta ekintzailetza tailerra: “Kirolaria naiz”.
  • Mahai ingurua eta ekintzailetza tailerra: “Artista naiz”.

 

 

Amaiera umoretsua eta 3.000 euroko saria.

Ekintzailetza Aretoaren lehenengo edizioa eta Prestik Azokaren seigarren edizioa amaitzeko, umorea izango da nagusi, monologoen lehiaketaren amaierako gala egingo baita, sorkuntza artistikoa bultzatzeko umore kutsuarekin. Gai nagusia pertsona batek besteen nahiz norbere kontura lan merkatuan sartzea erabakitzen duenean izan ditzakeen gorabeherak dira: lan elkarrizketak, zailtasunak, betebeharrak, merkatuaren eskakizunak…

 

Amaierako gala abenduaren 13an egingo da, azokaren amaierarekin batera, eta 3.000 euro emango zaizkio lehenengo saridunari, hau da, epaimahaiaren iritziz 4 finalistetako onena izan denari. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Ramón Barea (aktorea, dramagilea, antzerki zuzendaria eta errealizadore zinematografikoa), Maribel Salas (aktorea eta umorista), Felipe Loza (aktorea, zuzendaria eta gidoilaria) eta Gloria Múgica (DEMAko zuzendari kudeatzailea). Informazio gehiago hemen: Bakarrizketa lehiaketa Enplegu

Concurso Monólogos Empleo

CHICHINABO CABARET – Gazte Enpleguaren musikala (Tu poder es tu alegría)

Umorearen aldeko beste apustua Felipe Lozaren eskutik dator. Chichinabo Cabaret lana egokituko du eta Pabellón 6 aretoan eta Euskalduna Jauregian eskainiko du. Lanak samurtasunez eta ironiaz lantzen ditu egungo gazteek laneratzean dituzten arazoak.

 

 

Berdintasunaren aldeko konpromisoa

Euskalduna Jauregian aldi berean egingo diren Ekintzailetza Aretoak nahiz Prestik Enplegu Azokak berdintasunaren aldeko apustu sendoa egin nahi dute enpleguan. Horregatik, bi ekitaldiek, beren programazioetan, berdintasun hori benetan lortzea eta Bizkaiko etorkizunaren alde egitea hedatzeko, lantzeko eta eztabaidatzeko jarduerak, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte. Tartean dauden eragileen eta herritarren arteko topagunea izango da, eta horren bitartez, Bizkaiko enpleguaren eta ekintzailetzaren gaur egungo egoerari buruzko ezagutza sortuko eta hedatuko da. Hain zuzen ere, topagune horretatik ia 10.000 bisitari igarotzen dira edizio bakoitzean.

 

 

“SAREKIN, Bizkaiko Ekintzailetza Sarea”

“SAREKIN Bizkaia Ekinez – Bizkaia emprende” Teresa Laespada foru diputatuaren apustu irmo batetik sortu zen. Hain zuzen, denboran iraunkorra den Ekintzailetza Sare baten sortzailekide izateko prozesu baten alde egin zuen, ekintzaileen artean antzemandako premiei erantzun ahal izateko. Hala, 2018. urtearen hasieran, prozesu parte hartzaile bati ekin zitzaion eta Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemako eragile guztiak tartean sartu ziren. Prozesu hori ondorioei buruzko agiri batekin eta Ekintza Plan batekin amaitu zen (aurtengo ekainean argitaratu ziren). Horrela, “SAREKIN Bizkaia Ekinez – Bizkaia emprende” Sarea sortu zen: lankidetza sare egokia, Bizkaiko lurraldean ekintzailetzarako sinergiak sortzeko eta baliabideak bilatzeko. Doan sar daitekeen gune birtual bat ere badu (bizkaia.network), eta, bertan, sarean lankidetza proiektuak kudeatu eta Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemako baliabideak aurkitu daitezke, ekintzailean arreta jarrita. Laburbilduz, lurraldeko ekoizpenaren bultzatzailea da, eta haren lehen ekitaldi handia Ekintzailetza Aretoa izango da.

Gaur egun, ekintzailetza sarea ekintzaileak era batera edo bestera laguntzen dituzten Bizkaiko 80 erakundek osatzen dute. Erakunde horiek Sarekin Sarea sortzearen eta indartzearen alde egin dute, lankidetzarako modu berritzaile gisa, Bizkaian dugun ekintzailetza talentuari arreta hobea eskaini ahal izateko.