Actualidad DEMA

Prestik-ek enplegu poltsa bat ireki du 50 enpresatako 140 lanbide-profiletarako

Hainbat sektoretako Bizkaiko berrogeita hamar bat enpresak gaurtik aurrera euren enplegu poltsak zabalik edukiko dituzte 143 lanbide-profiletarako, PRESTIK 2018 enplegu eta ekintzailetza azoka dela eta.

Interesdunek enplegu poltsarako izena eman dezakete PRESTIK 2018 Enplegu eta Ekintzailetza Azokaren web-orrian (www.prestik.eus). Azoka hori Euskalduna Jauregian egingo da, abenduaren 12an eta 13an, DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentziak sustatuta.

Berehalako kontratazioak zein etorkizunekoak sartuko dira enplegu poltsetan, eta abenduaren 3an amaituko da inskripzioak jasotzeko epea. Parte hartzen duten enpresa guztiak eta eskatzen dituzten profilak ikus daitezke www.prestik.eus b-orrian, “Enplegu Poltsa” gainean klik eginda. Eskaintzetariko bakoitzean, interesdunek inskripzioa egin eta euren curriculuma igo ahalko dute.

Goian aipatutako foru sailak bi urtean behin antolatzen du Prestik azoka, bere menpeko DEMA agentziaren bitartez. Oraingo honetan azokak Bilboko Portuaren, Euskaltelen eta BBKren finantza-laguntza jaso du, eta Sarekin sarearen Ekintzailetzaren Aretoa izango du osagarri.

GUNEAK

PRESTIK azokaren seigarren edizioak iraungo duen bi egunetan gune bat eskainiko da parte hartzen duten enpresek jendaurreko aurkezpenak egin ditzaten, ezagutzera emateko zer profil bilatu ohi dituzten eta nolakoak diren giza baliabideen arloko euren politikak, eta bilera horietara joaten diren pertsonekin ikuspuntuak eta gogoetak trukatu ahal izateko.

Azokan bertan, halaber, izango dira hasiera batean hautatutako pertsonei aurrez aurreko elkarrizketak egingo dizkieten enpresak. Horretarako hitzordua ezarriko zaie aldez aurretik.

Hitzaldiez, jarduerez eta aretoko tailer praktikoez osatutako askotariko programazioa ere izango du Prestik azokak. Xehetasunak eta inskripzioak www.prestik.eus web-orrian daude. Azokara joaten direnek kontsultak egin ahalko dituzte lan-orientazioaren arloko eta ekintzailetzaren arloko profesionalekin. Tour batean ere parte hartu ahal izango dute, non lanaren bilaketa ahalik eta eraginkorrena izan dadin bete behar diren urratsak azalduko baitira. Enpleguaren gymkhana bat egingo da, talde-lana eragiteko probekin, eta azken belaunaldiko bi smartphone zozketatuko dira parte-hartzaileen artean.

Europa mailako enplegu eskaintzen berri jakin nahi duten pertsonek Eures Sareko eta Lanbideko teknikarien laguntza jasoko dute. Lanbide Heziketarako eta Unibertsitaterako Erasmus+ programari buruzko gune bat ere egongo da, eta bertan espezialista batzuek banakako aholkularitza eskainiko dute.

PRESTIK azoka etorkizun profesionalaren bila dabiltzan pertsonen eta Bizkaiko enpleguaren arloko agenteen arteko topagune izateko sortu zen. Bi urtean behin egiten den azoka horren bitartez, enpleguaren eta ekintzailetzaren egungo egoerari buruzko ezagutza sortu eta hedatu nahi da. Sarrera librea eta doakoa da, baina, edukiera eta antolaketa arrazoiengatik, izena eman behar da jardunaldietara joan ahal izateko.