Gure blog-a

Bihotzeko edo arnasketako patologiak dituzten haurtxoentzako monitorizazio sistema bat izan da 2018-2019ko Enpresari sarien irabazle

“Halako ekimenetan gazteriaz bakarrik hitz egitea trabak jartzea eta ateak ixtea da”. Nagore Fernández

Urte luzez ikus entzunezkoen arloan lan egin ostean, Nagore Fernándezek bost urteko laneko geldialdia egitea erabaki zuen, semearekin egoteko. Berriz ere lan merkatura itzuli nahi izan zuenean, ikasketak eguneratu eta farmazia ziklo bat egitea erabaki zuen. Joan den ostegunean enpresa ideien eta proiektuen Enpresari lehiaketaren XVIII. edizioko saria irabazi zuen Diego Zurimendi kidearekin batera. Lehiaketaren helburua Bizkaiko Lanbide Heziketako irakasle eta ikasle gazteen artean enpresa kultura eta kultura ekintzailea sustatzea da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatzen du urtero, DEMA agentziaren bitartez. “41 urte ditut, emakumea naiz, lan arloko eguneratze prozesu bat egin dut, eta Enpresari saria irabazi berri dut. Nahi duenak, egin dezake!” zioen hunkituta irabazleak.

Diegok 34 urte ditu eta industriaren sektoretik dator; krisiaren ondorioz, bere etorkizuna birplanteatu behar izan zuen. Biei erreparatuta ikus dezakegu adina ez dela traba bat Lanbide Heziketan, ezta, noski, Enpresarin ere. Biek ala biek diote DEMAk aukera bat eman diela; irabazteak adoretu egin ditu, baina biek onartu dute lehen saria irabaztera eraman dituen bidaia saria bera baino askoz ere garrantzitsuagoa izan dela.

Biometrics da Bilboko Angeles Custodios ikastetxeko bi ikasle horien proiektua: bihotzeko eta arnasketako gaixotasunak dituzten haurtxoak gauez monitorizatzeko sistema bat. “Sentsore espezifiko biomedikoak dituen body adimendun baten bitartez biometria neur dezakegu, eta haurren gorputzetan gertatzen diren prozesuak ezagutu, hala gurasoak lasaituko dituen erregistro eta kontrol bat eramateko”, azaldu dute arduradunek. Jasotako datuak mugikorrerako aplikazio batera eramaten dira. Aldez aurretik, erabiltzaileak alarma batzuk ezarri behar ditu mugikorrean, eta parametroek izugarri egiten badute gora, mugikorrak abisua emango ditu.

Saria banatzeko ekitaldia Bilboko Campos Elíseos antzokian egin zen, eta bertan izan ziren Teresa Laespada foru diputatua eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela. “Talentuaren, lanaren eta zuen ideiak garatzeko taldean eginiko ahaleginaren adibide zarete”, azpimarratu zuen Laespadak. “Proiektu berriak sortzeko gaitasunaren eta LHk duen ekintzailetzarako potentzialaren adibide”, erantsi zuen. Diego Pérez eta Olatz Ganboa aktoreek zuzendu zuten ekitaldia, eta Demode Quartet a capella taldeak girotu zuen, beren ahots zoragarriekin eta umore dosi handiekin. Eta hitzorduari erritmo pixka bat emateko Dena Bilbaoren saioak izan ziren. Enpresari programan parte hartu duten ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta zuzendaritza taldeko kideak ere bertan izan ziren.

Enpresa proiektuen lehiaketa, soilik LHko graduetako ikasleentzako dena, Aldundiak DEMAren bidez bultzatutako Enpresari programaren zati bat baino ez da. Beste bik osatzen dute: lehenengo ikasturtetik, ekintzailetza eta enpresa ideien heltze tailerrak; eta irakasleentzat, programaren barruan egiten duten dinamizazio lanari laguntzeko prestakuntza ekintzak. Lanbide Heziketari zuzenduriko Bizkaiko programa liderra da gaur egun Enpresari bere esparruan.

2018-2019 deialdiari amaiera bikaina emateko diploma eta sari banaketa ekitaldia egin zen eta honako sari hauek banatu ziren bertan: 1500 € lehen sariarentzat; 1200 € Barruak izeneko bigarren sariarentzat, San José de Calasanz ikastetxeko ikasleen tailer proiektu bat taldean lan egiteko espazioak sortu eta gizarte bidezko eta berdintzaile bat lortzeko; eta 1000 € hirugarrenari, Gurpilka, Galdakaoko Andra Mari ikastetxeko ikasleek sorturiko gurpil aulki pertsonalizatu eta egokituak diseinatu, muntatu eta fabrikatzeko proiektu bat. Laugarrenetik hamargarren sarira artekoek 500 € jaso zituzten: Sarrailagintza (Zabalburu ikastetxea), La Mia Mamma (Maristak Durango ikastetxea), Hidroponia (Mikeldi ikastetxea), MIM (Repélega LHII), Luz reciclada (Eraikuntza Ikastetxea), Experiental (Harrobia) eta Gure Leku (Dolores Sopeña Fundazioa). Ekitaldi berean, lehiaketan hautagai izan ziren idea guztien artean hiru ikus entzunezko aurkezpen onenak ere saritu ziren: Emililio Campuzano LHIIko ikasleak, San Luis ikastetxekoak eta San José de Calasanzekoak.