Actualidad DEMA

Egin eta Ekin – Enpresari

Asteartea, 2012(e)ko Abenduaren 4a

Egin eta Ekin – Enpresari

Ikasle horiek hautaketa-prozesu guztiak gainditu dituzten negoziorako 50 ideia aurkeztu dituzte eta lehiaketan emango diren hamar sarietako bat irabazteko lehian arituko dira.

Aurkeztutako ideiak hainbat sektoreren ingurukoak dira, besteak beste, automozioa, ikus-entzunezkoak edo mendetasuna duten pertsonenganako arreta.

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur ireki du ofizialki Egin eta Ekin-Enpresari programaren enpresa-proiektuen lehiaketa. Gure lurraldeko Lanbide Heziketako (LH) 18 zentroko 128 ikaslek hartuko dute parte lehiaketan. Ikasle horiek 50 taldetan daude antolatuta, eta hainbat sektoretako kopuru bereko ideiak garatu dituzte: automozioa, merkataritza, ostalaritza, gizarteratzea, mendetasuna duten pertsonenganako arreta, aisialdia edo ikus-entzunezkoak, besteak beste.

Dema enpresa-garapenerako agentziaren bidez eta Europako Gizarte-Fondoaren babesarekin antolatutako Egin eta Ekin-Enpresari programa iazko irailean hasi zen eta sorkuntzako 74 lantegi eman dira programaren barruan. LH-ko ikasleek euren kontura lan merkatuan sartzeko aukera ezagutu zezaten helburuarekin antolatu ziren jarduera horietan 22 zentroko 1.407 ikaslek hartu dute parte.

Lantegien ondoren, ideia-lehiaketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko deialdia ireki zen. 18 zentroko 563 ikaslek eman zuten lehiaketan parte hartzeko izena, guzira 235 proiekturekin. Ikasle horiek Demako aholkulariek irakatsitako 40 lantegitan hartu behar izan dute ondoren parte eta euren proiektua aurkezteko bideo bat egin behar izan dute. Bideo hori izan da lehiaketaren azken fasera sartu ahal izateko baloratu dena. Azaroan Demaren epaimahaiak aztertu behar izan dituen 100 taldeetatik, 50 aukeratu dira eta horiexek dira orain lehiaketan parte hartuko dutenak.

Gaur lehiaketaren irekiera ofiziala egin eta gero, ikasleek Demako teknikari espezialista baten aholkuak jasoko dituzte hiru hilabetez eta ondoren enpresa-proiektu bat egin beharko dute. Horrela, euren enpresa sortzeko eman behar dituzten pausoak ezagutuko dituzte eta euren ideiak bideragarriak diren edo ez baloratzeko tresnak eskuratu dituzte.

Datorren urteko martxoan azken aukeraketa egingo da, lehiaketan emango diren hamar sarietako bat lortzeko aukera emango diena. Sariak 500 eta 1.500 euro bitartekoak izango dira.

Gaurko irekiera-ekitaldian, ikasleek Hermeneuseko bazkide sortzaileetako bat eta Interneteko negozio-ereduetan espezialista den Eduardo Elorriagaren hitzaldia entzun dute. Hitzaldian ekintzaile baten esperientzia gertutik ezagutzeaz gain, Elorriagak negozio-planak garatzen has daitezen bultzatu nahi izan ditu eta berak bere enpresa abiarazten izan duen esperientzian oinarritutako hainbat aholku helarazi dizkie. Elorriagaren enpresak hainbat sari lortu izan ditu, besteak beste, Wayra izenekoa, edota oraintsu gazte enpleguko Prestik 2012 Azokan irabazi duen Elevator Pitch lehiaketakoa.

 

.

Gazte Lanbidearen Azoka

10.067 gazte joan dira Euskalduna Jauregira PRESTIK’ 12 azokaren bi egunetan.
Gazte Lanbidearen Azokan parte hartu duten enpresek 500 topaketa informal eta lan-elkarrizketa baino gehiago egin dituzte Bizkaiko gazteekin.
Eduardo Elorriagaren Hermeneus proiektuak irabazi du Elevator Pitc lehiaketa; saria bidaia bat da, Kaliforniako Silicon Valley ezagutzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak oso balantze positiboa egin du PRESTIK’ 12 Gazte Lanbidearen Azokaren inguruan. BBK Fundazioarekin batera antolatu du azoka hori, lan aukera baten bila dabiltzan edo, lan merkatuan sartzeko aukera gehiago izateko, beren prestakuntza hobetu nahi duten Bizkaiko gazteei orientazioa eskaintzeko.

Guztira, 10.067 gazte joan dira egun bi hauetan Bilboko Euskalduna Jauregira. Egun horietan, parte hartu duten enpresek 500 topaketa informal eta lan-elkarrizketa baino gehiago izan dituzte 30 urtetik beherako gazteekin. 2009an, 5.000 bisitari egon ziren; eta PRESTIKen 2010eko edizioan, berriz, 6.000.

Zehazki, Meeting Gunean, gure inguruko 6 enpresa eta erakunde ezagunek (Tecnalia, IK4, GAIA, HEGAM, GESTAMP Automoción y ACICAE) 250 elkarrizketa informal egin dituzte Bizkaiko 100 gazterekin (Lanbide Heziketako 50 ikasle eta unibertsitateko 50 ikasle).

Baina, horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren erakustokian, lanerako 216 elkarrizketa egin dira aldez aurretik www.prestik.net eta www.gaztebizz.com web orrietan aukeratutako Bizkaiko gazteekin. Orain, enplegua eskaintzen duten enpresek elkarrizketa horietan lortutako curriculumak eta datuak aztertuko dituzte, 40 lanpostu inguru betetzeko kontratazioaz erabakitzeko.

Bestalde, EURES sareak 1.800 kontsulta baino gehiago jaso ditu, Europar Batasuneko zenbait herrialdetan lana topatzeko dauden aukerei buruz, eta lanerako 71 elkarrizketa kudeatu ditu euskal gazteekin, Frantzia (15 elkarrizketa), Noruega (36) eta Holandako (20) enpresetan lan egiteko.

30 jarduera baino gehiago

Gazte Lanbidearen Azoka honen hirugarren edizioak izan dituen bi egunetan, 30 jarduera baino gehiago egin dira inskribatu diren 4.100 pertsonekin.

Egin diren jarduera gehienetan bete egin da ezarritako gehieneko kopurua. Haien artean, nabarmentzekoa da jarduera hauek izan duten arrakasta: Dona Pacek pentsamendu sortzaileari buruz emandako hitzaldia, ikasle, enpresa eta langileentzat; Juan Merodioren hitzaldia, sare sozialek eta 2.0 tresnek ekiteko duten garrantziari buruzkoa; Pep Torresen tailerrak, izpiritu ekintzailea sustatzeko; Lana bilatzearen lana tailer-eskola, edo Zalantza Dantza, zer ikasi? antzerki didaktikoa.

On line emanaldia

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Gazteria arloak Gazte Lanbidearen Azokaren edukiei buruzko zuzeneko emanaldiak egin ditu, bere web orrien bidez (www.prestik.net eta www.gaztebizz.com). Guztira, 18 orduko emanaldia izan da, on line; PRESTIK’12 azokan inplikatutako pertsona gehienak elkarrizketatu dira (40 elkarrizketa): txostengileak, hizlariak, moderatzaileak, enpresetako ordezkariak, erakundeetako ordezkariak, etab. On line emanaldiak 3.695 bisita izan ditu guztira.

Elevator Picht

Beste alde batetik, Eduardo Elorriagaren Hermeneus proiektuak irabazi du Elevador Picht lehiaketa berria; web orriaren bitartez aukeratutako 10 proiektuen artean enpresa-proiekturik onena bilatzea zen lehiaketaren xedea.

www.hermeneus.es proiektuaren zuzendari nagusi eta fundatzaileak honela definitu du bere enpresa-proiektua: elikaduraren merkatu lokala, interneten digitalizatua eta globalizatua. Web orri honetan, kontsumitzaileak harreman zuzena du lehen ekoizleekin, eta zuzenean eros ditzake produktuak, adierazten duen helbidean jasotzeko. Hermeneus proiektuak aukera hauek ditu: gune geografikoen edo produktu motaren arabera erosteko, ohiko erosketa-saskiak egiteko, kontsultak, etab.

Eduardo Elorriagak bi lagunentzako bidaia bat irabazi du, Kaliforniara joateko, teknologia?enpresen mekara: Silicon Valley.

Balantze oso positiboa

Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak oso balantze positiboa egin du PRESTIK’ 12 azokaren garapenaren inguruan. Zehazki, oso pozik agertu da bisitari asko egon direlako ­–pentsatutako aukera guztiak gainditu dira–, eta azokak argi utzi duelako, egoera zaila izan arren, Bizkaian eta Euskadin badaudela aukerak: prestakuntza-profil ona duten gazteen bila dabiltzan enpresak daude.

Hori dela eta, Imanol Pradalesek erantsi du gazteak animatu behar direla hezkuntzan eta prestakuntzan inbertitzen jarrai dezaten, haien laneko eta arlo profesionaleko etorkizunerako bermerik onena baita. Gazte konprometituak, gazte aktiboak, arriskatzeko prest dauden gazteak, ekiteko prest daudenak, ausartak izateko eta autoenpleguaren alde egiteko gazteak behar direla esan du. Hau da, lanerako aukera bat bilatzeko eta aukera hori aurkitzeko prestakuntza izateko konpromiso duten gazteak behar dira.

.

Lan Behatokia

Osteguna, 2012(e)ko Abenduaren 20a

ALDUNDIAK LAN BEHATOKI BAT AURKEZTU DU, BIZKAIAN SORTZEN ETA SUNTSITZEN DEN ENPLEGU MOTA EZAGUTZEKO AUKERA EMANGO DUENA

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Lan Behatokia txostena aurkeztu du gaur. Bizkaiko lan-egoera aztertzen duen txosten estatistiko bat da, hiru hilean behin argitaratuko dena. Txostenak ezberdintasun bat dauka beste batzuekin alderatuta; izan ere, ondoz ondoko bi hiruhilekotan langileek izan dituzten laneko trantsizioak aztertzen ditu, eta, hala, erantzuna ematen dien funtsezko galdera batzuei: nortzuk diren (demografikoki) lana galdu dutenak eta nolako lana zuten; langabetuen artean nortzuk aurkitzen duten lana eta nolako lana aurkitzen duten. Txostenaren aurkezpenean, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu du analisirako tresna honek Aldundiak enplegua sustatzeko dituen politiken diseinua dagoen errealitatearen arabera egokitzeko aukera emango duela, errealitatearen argazki erreal eta eguneratu batetik abiatuta, eta, hala, Aldundiak lan-merkatuaren beharrizanetara egokituago egongo den erantzun bat emateko aukera izango du. Merkatu horren egoera monitorizatzeko eta Aldundiaren politikekin merkatu horretan eragin daitekeen jakiteko aukera emango duela erantsi du.

Ekonomia Sustatzeko foru Diputatua, Imanol Pradales, Sara de la Ricarekin

Bizkaiko Lan Behatokia txostenak bi zati ditu. Lehenengoan, 16 urtetik gorako biztanleen banaketa aurkezten da, ezaugarri demografikoen arabera (generoa, adina eta okupazioa), eta, gero, biztanleria okupatua aztertzen du, ezaugarri horien arabera, eta beste batzuen arabera, hala nola, egiten duten jarduera-mota, okupazioa edo daukaten kontratu mota. Azken azterketa hau langabetuen inguruan ere egiten da, haien ezaugarri demografikoak eta langabezian daramaten denbora kontuan hartuta.

Txosten honen bigarren zatiak ekimen honen berritasun nagusia aurkezten du: ondoz ondoko bi hiruhilekotan langileek izan dituzten laneko trantsizioak aztertzen dituena da. Horrenbestez, langile okupatuen enplegu-galera aztertu ahal da, baita aurreko epean langabetuek lortu duten enplegua ere. Analisi honekin galdera hauek erantzun ahal dira: nork galtzen edo aurkitzen duen lana eta nolakoak diren enplegua galdu edo aurkitzen duten okupazioak.

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako akordio baten bidez sustatu du azterlan hau. Unibertsitate horretako aditu talde batek aztertu ditu Bizkaiko Lan Behatokia txostenaren oinarrian dauden datu estatistikoak, Sara de la Rica Ekonomiako katedradunaren zuzendaritzapean.

Txosten hau Bizkaiko Aldundiaren www.bizkaia.net web orrian kontsultatu ahal izango da, Ekonomia Sustatzeko Saileko txostenak eta argitalpenak agertzen diren atalean.

.