Actualidad DEMA

Aldundiak 17.500.000 euro erabiliko ditu aurten enplegua sortu eta talentua sustatzeko zuzeneko laguntzetarako

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012-2015 Enplegurako Planari esker iaz 1.937pertsonek lanpostu bat lortu zuten foru erakunde honek sustatutako ekimenen bidez. Gainera, 2013. urtean, 1.322 gaztek parte hartu zuten, guztira, foru erakunde honek diruz lagundutako hobekuntza-programetan, ikasketa-praktiketan eta beketan. Bizkaian enplegua sortzeko eta finkatzeko bideratutako Ekonomia Sustatzeko Sailaren jarduerak bi multzo ezberdinetan daude egituratuta: batetik, lanpostuak sortzeko zuzeneko laguntzak daude, foru inbertsioaren kopururik handiena jasotzen dutenak, eta, bestetik, talentua sustatzekoak, eta azken horiek ere diru-kopuru ederra jasotzen dute. Aurten, 17.500.000 euro erabiliko dira 2012-2015 Enplegurako Planaren barruko programetarako..

Enplegurako Plana indartu egiten da aparteko funts baten bidez

Aurten, Enplegurako Planaren aurrekontuan dagoen diru-kopurua handitu egingo da, bost milioi euroko aparteko funts berri baten bidez, eta horrek bermatuko du jarduera berriak garatu ahal izatea eta orain daudenak handitzea, honako lau jarduera-arlo hauek osatu arte:

  •          Enplegurako eta eskualdeen suspertzerako planak (1.500.000 €)
  •          Lan Berri programa (1.125.000 €)
  •          39 urte arteko gazteen kontratazio mugagabea (1.125.000 €)
  •          Talentia bekak (250.000 €)

Lan Berri, iraupen luzeko langabetuentzako programa berria

Datu horiek guztiak ezagutzera eman ditu Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Prentsaurreko horretan, 2014ko dekretuetan sartu diren berrikuntza nagusiak aurreratu ditu eta 17.500.000 euroko inbertsio osoa iragarri du. Berrikuntzen artean programa berri baten sorrera aipatu behar da: iraupen luzeko langabetuei beren-beregi zuzendutako Lan Berri deritzon programa. Gutxienez sei hilabeteko iraupena duten lanaldi erdiko kontratuak lagunduko ditu foru erakundeak, gehienez ere urtebetez, eta soldata gordinaren ehuneko 30 eta 50 artean lagunduz. Programa horrek 1.125.000 euro inguruko aurrekontua izango du eta trebakuntzaren aurretiko diru-laguntzak jasotzen ditu, gehienez ere berrogeita hamar orduko eta mila euroko mugekin. Martxoaren 15etik urriaren 31ra bitartean eska daitezke eta 2014ko urtarrilaren 1etik eta eskabideetarako ezarritako epearen azken egunaren artean egindako kontratuetarako izango dira.  

Gazteak, Aldundiaren jardueren erdigunean

2014ko dekretuetako bat oso-osorik gazteen enplegagarritasuna bultzatzeko izango da, hogeita hamar urte arteko gazteentzako bi kontratu motarekin: praktiketako kontratua, 6 edo 12 hilabetekoak, eta kontratu mugagabeak. Diru-laguntzak 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31ra bitartean egindako praktiketako kontratuetako urteko soldata gordinaren %30erraino ordainduko du, gehienezko muga hauekin: 90.000 € erakunde onuraduneko eta 9.000 € kontratuko. Autoenplegurako programak ere gazteei zuzenduta daude, enpresa edo lanbide jarduerak abiarazteko inbertsio zehatzetarako, hain zuzen ere.

Talentuaren sustapenaren arloan, berriz, bikaintasuneko trebakuntza lagunduko da, lanbide-hobekuntzako ikastaroak eginez atzerrian, ospe handiko nazioarteko zentroetan, edo Euskadiko unibertsitate batekin batera elkarlanean, baita ere Bizkaia Sortzaile programaren barruko jarduera-sektoreetako (moda, produktuen diseinua, ikus-entzunezkoak edo bideojokoak) enpresetan praktikak eginez.

Enplegua sortu eta orain dagoena finkatzeko asmo handiko plana

2012-2015 Enplegurako Planak legegintzaldi osorako 60 milioi euroko inbertsioa jasotzen du, guztira, 35 enpleguaren sustapenerako eta 25 talenturako eta enplegagarritasuna hobetzeko. 2014ko aurrekontuko 17.500.000 euro horietatik, 12.500.000 euro zuzen-zuzenean enplegurako izango dira eta 5.000.000 euro talentuaren sustapenerako.  Inbertsio honen bidez lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira: 600 gazterentzako kontratuak, iraupen luzeko 150 langabetuentzako kontratuak, autoenpleguko 1.650 ekimen berri, Talentiako 50 beka, 1.250 gazte lanbide-hobekuntzako programetan sartuta, 10 gazte nazioarteko praktiketan eta 25 profesional edo ikerlari lortuta.

Ekonomia Sustatzeko diputatuak bere hitzaldian ziurtatu duenez, “Enplegurako plan hau asmo handiak dituen baina, aldi berean, oso beharrezkoa den erronka bat da, eta haren bidez erakunde honek enpleguarekin eta talentuarekin duen konpromisoari eutsi eta eraberritzen dugu”.  Imanol Pradalesek nabarmendu du “2014. urtea urte garrantzitsua dela, are gehiago, esango nuke zirt edo zart egitekoa dela gure egunerokotasunean ingurune ekonomiko finko eta erabilgarria eta, bestetik, enplegua eta aberastasuna sortzen dituena sustatzea funtsezko helburutzat dugunontzat”. Bizkaiko Foru Aldunditik -ekarri du gogora foru diputatuak- lanean dihardugu enplegurako plan hau pertsona askorentzat lan-merkatura sartzeko aterako beharrezko giltza bilaka dadin.