Actualidad DEMA

3.200 ESKAERA JASO DITU PRESTIKEN ENPLEGU POLTSAK

Logo leyenda Prestik

Orain hautagaien aurreaukeraketa prozesua abiatuko da, eta enpresek azaroaren 25ean eta 26an elkarrizketatuko dituzte, gazte enpleguko azoka honen testuinguruan.

Egitasmoan ekintzaileentzako bi lehiaketa antolatu dira, batetik Elevator Pitch eta bestetik Start Up Academy tailer-lehiaketa; horietan izena emateko epea hil honetako 10ean eta 17an bukatuko da, hurrenez hurren.

 

.

Prestikeko enplegu poltsak 28 enpresaren 150 lan eskaintza kudeatuko ditu aurten, eta horietarako 3.200 eskaera jaso ditu, 30 urtetik beherako beste horrenbeste hautagaik bidalitakoak. Orain hautagai horiek aurreaukeratu egingo dira, lana eskaini duten 28 enpresen irizpideen arabera, eta ondoren elkarrizketatu egingo dituzte azokan bertan, hil honetako 25ean eta 26an, 10:30etik 19:00era artean.

Enplegu eskaintzak zenbait sektoretakoak dira, esaterako energiaren sektorea, elikadura industriarako makineria ekoizpena edo zerbitzuen sektorekoak; horrenbestez, eskaintzak askotarikoak dira: tornularia, zerbitzaria, informatikaria, kontularia… Eskaintza horien barruan, gainera, nolabaiteko desgaitasuna duten pertsonentzako 27 eskaintza ere badaude.

Prestik’14 azokak lan elkarrizketak baino eduki gehiago ere izango du. Gazteentzako enplegu azoka honetan ekintzaileentzako jardueraz betetako eremu zabal bat ere egongo da, Bizkaiko gazteen artean enpresa ekimena eta ekintzailetza espiritua sustatzeko.

Jarduera horien artean bi lehiaketa ere egongo dira: Elevator Pitch eta Start Up Academy tailer-lehiaketa. Lehenengoan, ekintzaileek komunikatzeko daukaten gaitasuna erakutsiko dute; zehazki esateko, ekintzaileek haien enpresa proiektuaren bideragarritasunaz balizko inbertsio egilea konbentzitu beharko dute. Komunikatzeko gaitasuna funtsezkoa da enpresa sortzeko prozesuan. Elevator Pitch lehiaketan, bestalde, Seed Capital Bizkaiak eta Deustuko Unibertsitateak kolaboratuko dute, eta bi kategoriatan garatuko da: oraindik martxan jarri ez diren enpresa proiektuen kategoria, eta berriki sortutako enpresen kategoria (bi urte baino gutxiago). Proiektu eta enpresa horiek edozein jarduera sektorekoak izan daitezke; nolanahi ere, berrikuntzaren bat jaso duten proiektuak bereziki baloratuko dira.

Elevator Pitch sariketan parte hartu nahi duten pertsonek azaroaren 10a baino lehen eman beharko dute izena Prestiken web atarian (www.bizkaia.net/prestik). Egun horretan, kategoria bakoitzeko 10 finalista aukeratzeko prozesua hasiko da, eta finalista horiek azokaren sariketa ekitaldian izango dira, haien proiektuak epaimahaiaren aurrean aurkezteko; aldez aurretik inbertsio egileak konbentzitzen ikasteko prestakuntza jasoko dute.  

Bestalde, negozio bat martxan jarri edo sortze fasean dagoen proiektu baten kudeaketaz arduratzeko interesa duten gazteentzat Start Up Academy tailer lehiaketa antolatu da.  Hala, 25 parte hartzailek haien negozio ideia aurkeztu edo beste pertsona batzuek azaldutakoekin bat egin beharko dute, taldeak sortuz. Lan egin eta ideia hori garatu egin beharko dute, 11 tailer monografikoren bidez negozio plan bihurtu arte. Lan horri amaiera emateko proiektua epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dute; ondoren, epaimahaiak proiektu onena hautatuko du.

Proiektu onenak babesa jasoko du hurrengo sei hilabeteetan garatzen jarraitzeko, MicroWave Venturesi esker; negozioa martxan jarri eta gero, itzuli beharrik gabeko 2.000 euroko laguntza ere jasoko du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.  Horrez gain, sortutako enpresan MicroWaves Ventures entitateak 30.000 euroko inbertsioa egiteko aukera ere badago.

Lehiaketa horietan izena emateko epea hil honetako 10ean eta 17an bukatuko da, hurrenez hurren.