Actualidad DEMA

ENPLEGURAKO 2015eko FORU PLANAK GAZTEEN ZEIN LUZAROKO LANGABEEN KALITATEZKO KONTRATAZIOA ETA AUTOENPLEGUA SUSTATUKO DITU

 

Imanol Pradales

 

 

Aurtengo ekitaldirako 19.270.000 euroko aurrekontua dauka planak; horietatik 13,7 milioi enpleguaren sustapenera bideratuko dira, eta beste 5,5 milioi banatuko dira talentua sustatzeko eta, beraz, enplegagarritasuna hobetzeko jarduketen artean.

 

 

• Gazteen kontrataziorako diru-laguntzen partida aurten %21 hazi eta 3,2 milioi eurora iritsi da.

• Luzaroko langabeentzat beren-beregi sortutako Lan Berri programaren aurrekontua ere %11,1 handitu da; programa horrek diskriminazio positiboa egiten die 45 urtetik gorakoei.

Imanol Pradales
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurtengo Enplegu Planaren baitan jasotako ekintzetan hiru jarduketa eremu lehenetsiko dira: gazteen kalitatezko kontratazioaren sustapena, luzaroko langabeen kontratazioa eta autoenpleguaren indartzea. Plan horrek 19.270.000 euroko aurrekontua edukiko du. Horietatik 13,7 milioi euro bideratuko dira enpleguaren sustapenera eta 5,5 milioi euro talentuaren sustapenera. 2015erako Planaren helburuen arabera, 1.300 izango dira enplegarritasuna hobetzeko eta talentua sustatzeko programetan parte hartuko duten pertsonak eta 2.225 dira sortuko diren lanpostuak.

Enpleguaren sustapenak barruan hartzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen kontrataziorako eta gazteen kontratazio mugagaberako ezarri dituen zuzeneko laguntzak. Bi partida horiek aurten hazi egin dira aurreko ekitaldikoen aldean: batera, 3,2 milioi euro egiten dute, hau da, partida %21 handitu da, 2014ko partidaren aldean. Hain zuzen, aurten 1.700.000 euro jarriko dira praktiketako kontratuak bultzatzeko, gazteek lanerako lehenengo aukera izan dezaten, eta 1,5 euro baliatuko dira 30 urtera arteko gazteen kontratazio mugagabea sustatzeko.

Lan Berri programarako zenbatekoa ere %11,1 handitu da. Programa hori berariaz sortu da luzaroko langabeentzat, eta, horien artean, diskriminazio positiboa egiten die 45 urtetik gorakoei.

Eta planeko lehentasunezko ardatzetariko hirugarrenak, autoenplegua sustatzekoak, 6.000.000 euro jasoko ditu.

Enplegua sustatzeko aurrekontuaz gainera, 1.000.000 euro jarriko dira eskualdeak suspertzeko planen garapenerako, 725.000 euro eskualdeetan enplegua sustatzeko Behargintza zentroen bitartez, eta 1,6 milioi euro DEMAren bidez egiten diren jarduketen finantzaketarako.

Talentuaren sustapenari dagokionez, arlo horretako jarduketek enplegagarritasuna hobetzea dute helburu. Aurrekontua honela banatuko da: 1,5 milioi euro bideratuko dira Bizkaia:talent-ek garatzen dituen ekintzen finantzaketara, 3 milioi euro ezagutzaren kudeaketarako BizkaiLab programara, 699.000 euro espezializazio-gelen, ikastaroen eta nazioarteratze-praktiken finantzaketara, eta 250.000 euro bikaintasunerako prestakuntzako beken ordainketara.

Laguntzen epeak

Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko onetsi ditu aurtengo Enplegu Planaren barruan banatu beharreko laguntzak arautzen dituzten dekretuak. Gazteen enplegagarritasuna sustatzeko dekretuan jaso diren laguntzen bitartez 30 urtetik beherako gazteak kontratatu ahal izango dira praktiketako 6 edo 12 hilabeteko kontratuekin edo kontratu mugagabearekin, eta laguntzek soldata gordinaren %30 estaliko dute. Laguntza horiek martxoaren 15etik irailaren 30era arte eskatu ahal izango dira.

Aldundiak Lan Berri programaren bidez luzaroko langabeak kontratatzeko emango dituen diru-laguntzak eskatzeko epea ere martxoaren 15ean hasi eta irailaren 30ean amaituko da. Laguntza horiek, gazteak kontratatzeko laguntzek bezala, langilearen soldata gordinaren portzentaje jakin bat estaliko dute: %30 eta %50 bitartekoa, gehienez ere urtebetean.

Autoenplegua babestea xede duten diru-laguntzak lau eremutan banatuko dira. Hauxe da lehenengoa: enplegurako eta toki garapenerako udal zentroek edo irabazteko xederik gabeko erakundeek aholku ematea eta prestakuntza ikastaroak antolatzea. Arlo horretan 500 euroko laguntza emango da enpresa proiektu bakoitzagatik, eta 1.000 eurokoa enpresa eratu eta abian jartzeagatik. Laguntza horiek eskatu ahal izango dira datorren ostegunetik, hilak 29, irailaren 12ra arte.

Bigarren arloan, hots, enpresak abian jarri eta sortzeko laguntzen arloan, 3.000 eurotik 5.000ra bitarteko laguntzak emango dira. Martxotik hasi eta irailera arte eskatu ahal izango dira.

Epe hori berori ezarri da enplegua sortzeagatiko laguntzetarako; hirugarren arlo horretan, sortutako lanaldi osoko lanpostu bakoitzeko 4.000 euroko diru-laguntza emango zaie enpresa abian jartzeko laguntzen arloko erakunde onuradunei. Eta laugarren eta azken arloan, enpresak abian jartze horrexetarako inbertsiorako laguntzek inbertsioaren %70eraino estaliko dute.

Bikaintasunerako bekak, berriz, martxotik hasi eta urriaren 31ra arte eskatu ahal izango dira. Laguntza horien helburua da bikaintasuneko prestakuntza indartzea, lanbide hobekuntzako ikastaroak eginez nazioarteko zentro ospetsuetan, atzerrira joanda zein EAEko unibertsitateren batekin konbinatuta. Laguntza horien gehieneko zenbatekoa 10.000 euro izango da; horrekin estali nahi dira matrikula gastuak, material didaktikoa, joan-etorriko bidaia, osasun aseguruaren poliza eta egonaldirako poltsa.

Enplegu Planaren emaitzak 2012-2014 bitartean

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012-2015 aldirako Enplegu Planak orain arte 6.047 lanposturen eta 3.381 enpresa berriren sorkuntza sustatu du, foru erakundeak bildutako jarraipen-datuen arabera. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak emaitza horiek Biltzar Nagusietan aurkeztu zituen joan den abenduaren 4an, eta azaldu zuen, halaber, plan horren barruan garatutako ekimenek 6.602 gazteren enplegagarritasuna hobetu dutela.

2012tik aurtengo ekitaldira arte 52,9 milioi euro inbertitu dira planean, ezarritako bi jarduketa arloen artean banatuta: enplegua sustatzea helburu duen arloak 38,6 milioi euro jaso ditu, eta talentua sustatzekoak, berriz, 14,3 milioi euro.

.

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ESKUALDEA BERRAKTIBATZEKO PROGRAMAK BUSTURIALDEKO 100 LANGABETU LANEAN HASTEA SUSTATUKO DU

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ESKUALDEA BERRAKTIBATZEKO PROGRAMAK BUSTURIALDEKO 100 LANGABETU LANEAN HASTEA SUSTATUKO DU.

Programa honen helburu nagusia autoenplegua sustatzea da, eta programaren onuradunak, batez ere, gazteak, luzaroko langabeak eta 45 urtetik gorakoak, lan merkatuan berriro sartzeko zailtasun bereziak dituztenak.

Urte honetan egingo da, bi deialditan. Horietako bakoitzean eremuko 20 udalerrietako 50 parte-hartzaile aukeratuko dira.

Parte-hartzaileek hilean 350 euroko laguntza jasoko dute prestakuntza fasean eta negozio plana egiteko fasean, eta, behin euren enpresa abian jarritakoan, 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

2014an Enkarterri eta Nerbioi Ibaizabal eskualdeetan garatu zen programa hau eta bi eskualdeetako 57 pertsona laneratzea lortu zuen.

.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdeak Berraktibatzeko programak Busturialdean estreinatuko du urtea. Eskualde horretan egingo den lehen aldia da eta ehun bat pertsona laneratzea aurreikusten da, beren negozioak martxan jarrita lan merkatuan sartzen saiatuz. Eskualdeko 20 udalerrietako (Gernika-Lumo, Bermeo, Busturia, Mundaka, Muxika, Forua, Gautegiz Arteaga, Ea, Errigoiti, Ibarrangelu, Kortezubi, Sukarrieta, Morga, Murueta, Arratzu, Elantxobe, Mendata, Ajangiz, Ereño eta Nabarniz) alkateen eta enplegurako zinegotzien aurrean, Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Imanol Pradalesek ekimenaren zehaztasunak azaldu ditu. Bi deialditan egingo da eta gutxienez parte-hartzaileen % 60k autoenplegurako ekimen propioa sortzea izango du helburu. Eremuko udalerrietako udalak eta Behargintza elkarlanean arituko dira hori lortzen laguntzeko.

Busturialdearako programak 605.000 euroko aurrekontuko zuzkidura izango du eta autoenplegua sustatzea izango da bere lehentasuna, bereziki eskualdean erroldatuta dauden gazteen, langabezian denbora luzea daramaten pertsonen eta lan merkatuan berriro sartzeko zailtasun bereziak dituzten 45 urtetik gorakoen artean.

Ekimen honen funtzionamendurako eskemak 2013an Ezkerraldea-Meatzaldean eta 2014an Enkarterrin, Nerbioi-Ibaizabalen, Bilbon eta Arratian gauzatutako esperientzien eredua jarraitzen du. Programak proiektu bakoitzari aholkularitza eta laguntza eskaini nahi dizkio, hiru fasetan: prestaketa eskaintzea, negozioaren ideia garatzea eta enpresa sortzea. Programan parte hartzeko aukeratutako 100 pertsonek hilean 350 euroko laguntza jasoko dute prestakuntza fasean eta negozio plana egiteko fasean, eta, behin euren enpresa abian jarritakoan, 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

2014ko emaitzak

Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdea Berraktibatzeko Programak milioi bat euroko aurrekontu globala izango du aurten. 2014an Enkarterri eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetako 57 pertsona laneratzea lortu zen. Pasa den urtean Arratian eta Bilbon (azken horrek ezaugarri bereziak izan zituen eta BizkaiAKTIBATU izena hartu zuen) hasitako ekimenak oraindik ez zeuden bukatuta abenduaren 31n eta beraz, 2015ean kontabilizatuko dira emaitzak.

Enkarterriko 23 pertsona sartu ziren berriro lan merkatuan eta batez ere merkataritzaren eta konponketen (% 47,83) eta zerbitzuen (%30,43) sektoreetan oinarritu zituzten beren negozio-ekimenak. Horietatik % 60 baino gehiago 30 eta 40 urte bitartekoak ziren, gehienak Güeñes (% 34,78), Zalla (% 17,39) eta Balmasedakoak (% 13,04).

Nerbioi Ibaizabal eskualdeari dagokionez, 34 pertsonak erabaki zuten beren negozioa martxan jartzea. Erdiak merkataritzaren eta konponketen sektoreen aldeko apustua egin zuen eta % 32,35ek jarduera profesionalak izenez ezagutzen direnen aldekoa. Eremu horretako ekintzaile gehienak 31 eta 50 urte bitartekoak ziren, batez ere 41 eta 50 urte bitartekoak (beren proiektua martxan jarri zuten pertsonen % 47,06 adin tarte horretakoak dira). Basauri, Arrigorriaga eta Galdakaokoak izan ziren berriz lan merkatuan sartzea lortu zuten pertsona gehienak.