Actualidad DEMA

ALDUNDIAK 2015EKO ENPLEGU PLANEKO LAGUNTZAK AURKEZTU DITU BIZKAIKO 250 ENPRESA BAINO GEHIAGOREN AURREAN

Lehendakaritzako diputatua den Unai Rementeriak aurkeztu du ekitaldia eta azpimarratu du enplegua sortzea dela oraindik Aldundiaren helburu nagusia.

Plan horren barruan diru-laguntzak jaso dituzten hiru enpresak eta ekintzaile batek haien esperientzia azaldu dute. Enpresa batek, hain zuzen ere, hamar gazte kontratatu ditu praktiketan, beste batek mugagabeko kontratuak egin dizkie 30 urtetik beherakoei eta hirugarren enpresak langabezian denbora luzean egon den pertsona bat sartu du plantillan; ekintzaileak, bestalde, bere enpresa sortu du.

Rementeria eta Pradales, ekitaldianBizkaiko 250 enpresa baino gehiagok zuzenean jakin dute gaur Aldundiaren 2015eko Enplegu Planean zein laguntza jasotzen diren. Lehendakaritzako diputatu Unai Rementeria izan da aurkezpenaren gidaria eta azpimarratu du oraindik enplegua sortzen laguntzea dela Bizkaiko Foru Aldundiaren helburu nagusia. Zera adierazi du: “Eta hitzez gainera ekintzak behar dira. Legegintzaldia hasi zenetik aurreko urtera arte 6.047 enplegu eta 3.381 enpresa sortzen lagundu dugu. 2015. urte honetarako erronka Bizkaian 2.225 lanpostu berri sortzea da. Erronka horren barruan sartzen dira 800 gazteren zuzeneko kontratazioa bultzatzea, beste 1.300 gazteren enplegagarritasuna eta talentua hobetzea; langabezian denbora luzea eman duten 225 pertsona laneratzen laguntzea, eta autoenpleguaren bitartez 1.200 pertsonak lanpostu bat lortzea. Xede horretan lagunduko digute, batetik, 19.270.000 euroko aurrekontuak (2014. urtean baino %10 handiagoa) eta, bestetik, enpresen sare konprometituak eta hazteko gogo biziak”.

Ekonomia Sustatzeko diputatua den Imanol Pradalesek ere parte hartu du aurkezpenean, baita hiru enpresak (DIBAL, PKF Attest eta ing-tubo S.L., Ingeniería y técnicas para estructuras tubulares S.L.) eta ekintzaile batek (KOI?BUSINESSen sortzailea) ere. Hiru enpresek eta ekintzaileak Bizkaiko Foru Aldundiak 2012-2015 Enplegu Planean ezarritako diru-laguntzak jaso dituzte.

Aipatu enpresen ordezkariek -batek hamar gazte kontratatu ditu praktiketan, beste batek kontratatu mugagabeak egin dizkie 30 urtetik beherakoei eta hirugarrenak langabezian denbora luzea egon den pertsona bat kontratatu du- eta ekintzaileak -atzerrian lanean egon ostean itzuli eta bere negozioa abian jartzea erabaki zuena- aurkezpenean egon diren Bizkaiko gainerako enpresen aurrean azaldu dute haien esperientzia, eta enplegua sustatzeko foru laguntzei esker izan dituzten aukerak.

Bizkaiko Foru Aldundiak aipatu enpresak eta ekintzailea aukeratu ditu aurkezpenerako, aurten enplegua sustatzeko estrategiaren barruan bultzatuko diren esparruen adibide garbia direlako.

Enplegu Planaren bidez 2.225 lanpostu sortzen laguntzea aurreikusi da.

Izan ere, 2015erako Enplegu Planak lehentasuna ematen dio gazteen kalitatezko kontratazioa sustatzeari, langabezian luzaroan egon diren pertsonak kontratatzeari eta autoenpleguaren indartzeari.

Plan horrek 19.270.000 euroko aurrekontua edukiko du. Horietatik 13,7 milioi euro bideratuko dira enpleguaren sustapenera eta 5,5 milioi euro talentuaren sustapenera. 2015erako Planaren helburuak dira 2.225 lanpostu sortzea eta 1.300 pertsonak parte hartzea enplegagarritasuna hobetzeko eta talentua sustatzeko programetan.

Enpleguaren sustapenak barruan hartzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen kontrataziorako eta gazteen kontratazio mugagaberako ezarri dituen zuzeneko laguntzak. Bi partida horiek aurten hazi egin dira aurreko ekitaldikoen aldean: batera, 3,2 milioi euro egiten dute, hau da, partida %21 handitu da, 2014ko partidaren aldean. Hain zuzen, aurten 1.700.000 euro jarriko dira praktiketako kontratuak bultzatzeko, gazteek lanerako lehenengo aukera izan dezaten, eta 1,5 milioi euro baliatuko dira 30 urtera arteko gazteen kontratazio mugagabea sustatzeko.

Lan Berri programarako zenbatekoa ere %11,1 handitu da. Programa hori berariaz sortu da luzaroko langabeentzat, eta, horien artean, diskriminazio positiboa egiten die 45 urtetik gorakoei.

Eta planeko lehentasunezko ardatzetariko hirugarrenak, autoenplegua sustatzekoak, 6.000.000 euro jasoko ditu.

 

.

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ETA BILBOKO UDALAK ‘BizkaiaAKTIBATU Bilbao’ PROGRAMAREN BIGARREN DEIALDIA ZABALDU DUTE

  • Bi erakundeak elkarlanean arituko dira beren enpresa-proiektua Bizkaiko hiriburuan sortzeko bokazioa duten 35 urtetik beherako 71 gazteri trebakuntza eta laguntza emateko
  • Parte-hartzaileek erdi-mailako heziketa-ziklo bateko maila, batxilergokoa edo baliokidea eduki behar dute eta Bilbon erroldatuta eta langabezia-egoeran egon behar dute
  • Proposamenek sektore estrategikoetan sartuta egon behar dute, hala nola Zerbitzu Aurreratuetan, Interneten, Teknologia Digitalean, Turismo & Business Conventions izenekoetan, Hiriko Irtenbideetan, Merkataritzan, Artean eta Kulturan.
  • Hautatutako gazteek ekintzailetzarako gaitasunak garatzea xede duen trebakuntza eta beren enpresa-proiektuaren bideragarritasunari buruzko azterketa jasoko dute
  • Parte-hartzaile guztiek 350 euroko beka bat edukiko dute hiru hilabetez, eta azkenean enpresa bihurtzen diren ideiek 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ‘BizkaiaAKTIBATU Bilbao’ programaren bigarren deialdia abian jarri dute. Programak hiriko 71 gazteren izaera ekintzailea sustatuko du Bizkaiko hiriburuaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren sektoreetan. Hautatutakoek trebakuntza eta laguntza jasoko dituzte ekonomia-jarduera eta enplegua sortzeko bokazioa duen negozio-ideia bat abian jartzeko. Plana Bilbao Ekintzak eta DEMAk egin dute eta foru-erakundeak abian jarri duen Eskualdea Suspertzeko Programaren zati bat da.

‘BizkaiAKTIBATU Bilbao’ programa Bilbon erroldatuta dauden, 35 urte baino gutxiago dituzten, erdi-mailako heziketa-ziklo bateko maila, batxilergokoa edo baliokidea daukaten eta iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden (hau da, 12 hilabete baino gehiago langabe egon diren) pertsonentzat da. Hala ere, behin-behinean, langabezian urtebete ez daramaten gazteen eskaerak onartuko dira ezarritako plaza-kopuru osoa betetzen ez bada. Interesatuek gaitasun-profil ekintzailea eduki behar dute. Ez da beharrezkoa aldez aurretik negozio-ideia bat edukitzea, baina balioetsiko da balio eta etorkizuneko sektore estrategiko hauetako batean kokatutako negozio-ideia bat edukitzea: Enpresentzako Zerbitzu Aurreratuak, Internet eta Teknologia Digitala, Turismoa & Business Conventions, Hiriko Irtenbideak, Merkataritza eta Artera eta Kulturara aplikaturiko Teknologia.

Laguntza profesionala, proiektuaren bideragarritasuna eta diru-laguntzak

Hautatutako 71 pertsonak, lehen fasean, trebakuntza eta aholkularitzako saio espezifikoetara joango dira, gehienez 80 orduz, programaren lehenengo hilabetean. Eta hurrengo bi hilabeteak negozio-plana egiteko erabiliko dituzte. Aldi horretan, hilean 350 euroko beka bat jasoko dute. Bigarren fasean, gazte bakoitzak 5.000 euroko laguntza bat jasoko du; haren xedea proiektua abian jartzeko laguntza ekonomikoa ematea da. Diru-laguntza hori eskuratzeko, ezinbestekoa izango da enpresa berriari ekonomia-jardueren gaineko zergan eta dagokion gizarte-segurantzako araubidean alta ematea.

Izena emateko azken eguna, apirilak 1

Interesatuek ‘BizkaiAKTIBATU Bilbao’ programaren oinarriak kontsulta ditzakete eta izena emateko fitxa deskarga dezakete Bilbao Ekintzaren webgunean: http://www.bilbao.net/BilbaoEkintza/es. Aldez aurretiko hautapen-prozesu bat egongo da eta, bertan, betekizun guztien betetzea balioetsiko da. Hurrengo fasea Bilbao Ekintzako eta DEMAko teknikariekiko elkarrizketa pertsonal bat izango da. Izena emateko epea datorren apirilaren 1ean amaituko da. ‘BizkaiAKTIBATU Bilbao’ programaren bigarren deialdiak 426.000€-ko inbertsioa aurreikusi du, eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zati berdinetan ordainduko dute kopuru hori.

.

BizkaiAKTIBATU Bilbao

BizkaiAKTIBATU Bilbao deialdi berria

BizkaiAKTIBATU Bilbao izeneko Suspertze Programaren bigarren deialdiaren araudi erregulatzailea onartu da. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dute programa, eta Bilbao Ekintza eta DEMA erakundeek kudeatuko dute.

Eskaera epea egutegiko 30 egunekoa izango da, honako oinarri hauek Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren hurrengotik zenbatzen hasita.

Oinarriak Bizkaiaaktibatu
• Eranskina Bizkaiaaktibatu

.