Actualidad DEMA

DEMAk enplegu eta ekintzailetzako ANEZKA programaren deialdi gehiago egingo ditu irailean

Bilbo, 2017ko ekainaren 8a

• Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak eta DEMAk dagoeneko 8 anezka sustatu ditu 2017. urtean, 2016an programa abian jarri zenez gero, 11.

• Programaren helburua da, hain zuzen, Bizkaiko langabeei edo enplegua hobetzeko prozesuan dauden pertsonei enplegagarritasunerako tresnak ematea.

Halaxe azaldu zuen atzo, WORKinn ekimenean, Enplegu eta Ekintzailetzako ANEZKA programaren zuzendari Pilar Carranzak: Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren eskutik, eta Santa María la Real Fundazioarekin lankidetzan, urri amaieran beste bost enplegu anezka abian jartzea dauka aurreikusita. Deialdien irekieraren berri irailean emango da; alabaina, programako hautapen prozesuan izena eman nahi dutenek edo programari buruzko informazioa eskatu nahi dutenek horretarako aukera izango dute, aurrerantzean, bi bide hauetatik: dema.eus helbidera idatzita edo 944 18 90 55 telefono zenbakira deituta.

Aurreko deialdietan, Bizkaiko eskualdeak izan ziren ardatz nagusi. Oraingoan, baina, irisgarritasun arrazoiak direla tarteko eta zerbitzua ahalik eta pertsona gehienei eskaintzeko asmoz, anezkak Bilbo Handia eremuan antolatuko dira. Dagoeneko badakigu horietako bat Meatzaldean egingo dela, eta gainerakoak, Bilboko metropoli eremuan.

lanzadera.

Atzo eman zuten, hain zuzen, datorren ikasturterako enplegu eta ekintzailetzako beste bost anezka abian jartzeko asmoaren berri; zehazki, BECen egindako WORKinn Enplegu eta Prestakuntza Foroan DEMAk programari buruz emandako hitzaldian. WORKinn ekimena batez ere industriaren sektoreko profesionalei zuzendutakoa da, eta bere helburua da enpresen, azken ikasturteko ikasleen eta sektorean enplegu bila dabiltzan profesionalen arteko topagunea izatea. Foro honen helburuak, hain justu, talentua identifikatzea eta enpresen lehiakortasuna indartzea da, enpresak ahalik eta profilik gaituenez hornituz. Ekimen ekintzaileak, enpresen sorkuntza, prestakuntza eta laneko orientabidea izan dira, besteak beste, Foroaren beste osagai batzuk. 

WORKinn ekimenak atzo, ekainak 7, ireki zituen ateak, eta gaur ere irekita jarraitzen du, 11:00etatik 17:00etara.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak eta DEMAk erakusmahai bana dute Foroan. Interesa duten pertsonek informazioa eska dezakete han; esaterako, enplegua eta ekintzailetza sustatzeko eskaintzen diren programei eta tresnei buruzkoa.

Foroaren egitarauaren baitan, hitzaldia izan zen atzo. Bertan, langabezian dauden eta euren enplegagarritasuna hobetu nahi duten Bizkaiko pertsonei zuzendutako Enplegu eta Ekintzailetzako ANEZKA programari buruzko zehaztasunak eman zituzten. Izan ere, anezkari esker, gaitasunak indartzen dira, ezagutzak trukatu eta parte hartzaileen artean jarrera positiboa, aktiboa eta elkartasunezkoa sortzen da.

Busturialdeko anezkaren koordinatzaile Oiane Lunak zehaztu zuenez, anezkan hainbat alderdi lantzen dira; besteak beste, auto-ezagutza, laneko bitartekaritza, ekintzailetza, coachinga, marka pertsonala, taldeko lana, ekimenen antolakuntza eta horietako parte hartzea, laneko elkarrizketetarako teknikak, curriculumak egiteko modu berriak… Bestalde, Ezkerraldeko bigarren anezkako kide Tensi Garduñok lehen pertsonan azaldu zuen zer ekarri dion berari programan parte hartzeak: gazte-gazte ez zela, lan munduan baztertua izateko arriskuan, lanik gabe geratu zen, eta aktibo egon ezinak egoera emozional korapilatsura eraman zuen. Anezkari esker, ordea, aurrera egin ahal izan zuen. Emakume honen ikuspuntutik, anezkan hiru fase bereizi daude, baina aldi berean, elkarrekin harremanetan daudenak: lehenengoa, berak “motibazio fase” deitua; bigarrena, partekatzeko fasea, taldean lan egitekoa, enplegu teknikak ikastekoa, curriculuma hobetzekoa, jendaurrean egoten ikastekoa eta marka pertsonala sare sozialetan lantzekoa. Hirugarrena, azkenik, laneko bitartekaritzarena da; alegia, “enplegurako giltza eman diezazukeen” fasea. “Zure etxean zaudela -ohartarazi zuen- ez zara ezertaz ohartzen. Anezkan, inguruan mugitzen ari den guztiaz jabetu eta enplegua bilatzeari buruzko gaietan eguneratu egiten zara”.

Pilar Carranzak, hitzaldia amaitzeko, ideia garrantzitsu batzuk gogorarazi zituen: “Anezkak arrakastatsuak izango badira, ezinbestekoa da jendeak serio hartzea” eta “lana bilatu nahi badugu, behar-beharrezkoa da horri begira lan egitea”. Eta enplegu anezka da, hain zuzen, horretarako toki egokiena!

ANEZKA PROGRAMA-Enplegurako eta ekintzailetza solidariorako anezkak- programari buruzko hitzaldia Workinn enplegu foroan

 

Anezkak langabetuen talde heterogeneoak dira, borondatezkoak, aktiboak, gizartearen ikuspegitik ikusgaiak eta solidarioak.
Koordinatzailearen laguntzaz antolatzen dira, bai beste baten kontura, bai norberaren kargura enplegua bila dezaten bultzatzeko, kide guztiak lan merkatuan sartzeko bideak eta moduak arakatzen baitituzte.

Gehiago irakurri…