Actualidad DEMA

Zubilan Plus: Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) laguntza integraleko programa berria zuzendaritza-profila duten pertsonentzat, 45 urtetik gorakoentzat eta langabezian daudenentzat

Programa pilotua Bizkaiko CEBEK patronalarekin elkarlanean egin da, eta zuzendaritza-profilei laguntzeko laguntza tekniko espezializatuarekin. Programa honen xedea 24 parte-hartzaile laneratzea da.

Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (DEMA) abian jarri du Zubilan Plus. Prpgrama hori Teresa Laespada foru diputatuak zuzentzen duen Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak sustatu eta finantzatzen duen programa pilotua da, zuzendaritza-profila duten 45 urtetik gorako langabeei laneratzen lagunduko diena.

Programak bederatzi hilabeteko iraupena izango du eta 2021eko uztailaren amaieratik 2022ko apirilaren 15era arte iraungo du.

Guztira, gehienez 30 langabetu bilatu nahi dira –horietatik 6 erreserbakoak–, Bizkaian erroldatuta daudenak, aldez aurretik talde-kudeaketaren arloan edo bestelako erantzukizunetan arduradun izan direnak eta kudeatzaile-, zuzendaritza-, buruzagitza- edo erdi-mailako aginte-postuetan esperientzia profesionala dutenak.

Honako hauek dira DEMAren programa berrian parte hartu ahal izateko beste beharkizun batzuk:

  • Oinarriak argitaratu aurretik LANBIDEn inskribaturik egon behar dute.
  • Informatika-ezagutzak izan behar dituzte eta Interneterako konexioa eta ekipoa izan behar dute.
  • EAEko hizkuntza ofizialetako bat menderatu behar dute

Programak, gainera, arreta berezia jarri nahi die gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei, hala nola emakumeen kolektiboari, iraupen luzeko langabeziari eta 55 urtetik gorako pertsonei.

 

Lankidetza publiko-pribatua

Zubilan Plusek lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du; hori dela eta, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin batera jarri da abian, konfederazio hau Bizkaiko enpresa-ehunean eragilerik adierazgarriena baita. FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBI sektore-elkarteekin batera, CEBEKek ondo ezagutzen ditu enpresek lurralde horretan dituzten lanbide-profilen beharrak.

Programan parte hartuko duten etorkizuneko parte-hartzaileen profilen laneratze-prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresek ere parte hartzen dute programan. Horiekin, laguntza integrala emango dute, honako ekintzak burutuz, besteak beste: orientazio-teknikak, coachinga, helburu profesionalen plangintza, enplegua bilatzeko ibilbide bat hedatzea edo elkarrizketetan trebatzea.

Zubilan Plus testuinguru jakin batean sortu da, non datuek erakusten baitute esperientzia eta heldutasun profesionala galga bihurtu direla langabezian dauden pertsonak birkokatzeko. Hori dela eta, Euskadin langabeziaren kostu sozialaren % 90 bi urte baino gehiago langabezian daramaten 45 urtetik gorako pertsonen artean pilatzen da; horietarik % 45ek hezkuntza-profil ertain-altuak dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu Planaren arabera.

Horrela, Zubilan Plus programa egoera horri buelta emateko asmoz sortu da, beren bizitzako uneren batean gerentziako edo zuzendaritzako lanpostuetan esperientzia profesionala izan duten eta orain langabezian dauden pertsonen kolektibo horri dagokionez.

“Pertsona proaktiboak nahi ditugu, bederatzi hilabetez lana bilatzeko bide bizi-bizia egiteko prest daudenak”, azpimarratu du Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak, pertsonak programa honetan izena ematera animatzeko asmoz.

Izena emateko eskaera telematikoa izango da. Horretarako, inprimaki bat bete behar da, eta curriculum vitaea eta lan-bizitza erantsi, helbide honetan:

http://www.dema.eus/forms/zubilan.php

magen-zubilan-banner-web

Bidaia-agentzia alternatiboa den proiektu batek irabazi du LHn ekintzailetza-kultura sustatzeko Enpresari 2020-2021 lehiaketa

Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak eta Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak banatu dituzte Enpresari Sarien hogeigarren edizioko sariak.

2020-2021 edizioko Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko Enpresari Programan aurkeztutako ideien eta proiektuen lehiaketako Lehen Saria jatorriz Marokoarra den Aziz Oulahbib gazteak irabazi du. Bere proposamenaren helburua ‘Oaziz’ sortzea da, zirkuitu turistikoenak alde batera utzita “Benetako Maroko” ezagutzeko ibilbide alternatiboetan espezializatutako bidaia agentzia. Oulahbib Dolores Sopeña Lanbide Heziketako Zentroko ikaslea da  eta 1.500 euro jasoko ditu sariagatik.

Bideoen modalitatean -parte hartzen duten ideia enpresarialak ikus-entzunezko hizkuntzan erakusten dituztenak- sei lan saritu dira; horietako bat San Luis Zentroko Ibone Monge Serranok asmatutako “Gure Tabadul” migratzaileen laguntza-zentroaren proiektuari egokitu zaio.

2020-2021 edizio honetako sariak asteazken honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den galan banatu dira, aldi berean programa honen 20 urteko bizitza ere ospatuz. Enpresari Programak bi hamarkada daramatza Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean enpresa-kultura ekintzailea sustatzen. DEMA- Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak zuzentzen du eta Enplegua Sustatzeko Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza du.

Programa honen balantzearen arabera Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta 863 enpresa-proiektu aurkeztu dira. Guztira 48.500 ikasle inguruk parte hartu dute 2001. urteaz geroztik.

Ana Urrutia kazetariak aurkeztu duen ekitaldian, Idoia Mendia,  lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua, eta Teresa Laespada,  Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, egon dira. Sari banaketaz gain, ekitaldian zehar Enpresari Programaren 20 urteak gogoratzeko bideoa erakutsi da eta Euskaldunako aretoa bete duen jendeak Maitane Sarralde dantza bertikaleko dantzariaren, Maite Guevara clownaren eta Aukeran dantza konpainiaren emanaldiez gozatzeko aukera izan du.

“Proiektuak eta ilusioa dituzten gazteak”

Enpresari Programaren XX. urteurrena ospatzeko egin dituzten esku-hartzeetan bi erakundeetako arduradunek gazteen artean ekintzailetza sustatzeko defentsa sutsua egin dute.

Laespada diputatuak programa honen hogeigarren urteurrena azpimarratu du. “Hazten eta sendotzen jarraitzen dugu, ikusgarritasunean, parte-hartzean, bizitasunean, ekintzailetzaren erreferente gisa”, gaineratu du.

Halaber, azpimarratu duenez, ekintzailetza “DEMA Agentziaren DNAn dago duela 31 urte sortu zenetik”, 3.000 enpresa baino gehiagoren sorrera babestuz.

Bere aldetik, lehendakariordeak parte hartzaile guztiak zoriondu ditu eta Gobernuaren berariazko aitortza helarazi die, “Herrialde moduan daukagun oraina eta, batez ere, etorkizuna erakusten duzuelako”. “Hilabete oso gogorrak igaro ditugula eta oraindik ere zuhurtasun handia eskatzen duten garaietan gaudela”, gogoratu ondoren, Idoia Mendiak baieztatu du  “ateratzeko gizarte-oinarri sendoa dugula. Gobernu guztien eta eragile sozialen konpromisoa dugu, eta proiektuak dituzten eta aurrera egiteko ilusioa duten gazteak ditugu”. “Gizartea eta ekonomia berreraikitzeko bidean gaude”.

2020-2021 Enpresari Sarien edizio honetan, programa honen XX. urteurrena ere badena, 216 enpresa-ideia aurkeztu dira guztira. Ideia horietatik 70 aukeratu ziren. Lau hilabetez DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako aholkularien laguntzarekin ikasle parte-hartzaileak –20 eta 28 urte bitarteko gazteak, gero eta adin handiagoko pertsona gehiago dauden arren– ikasgeletan foru agentziako aholkulariekin egindako bileretan hasierako ideia horiek onduz joan dira, enpresa-proiektuei forma eman arte. Ikasle horietako asko asteazken honetan Euskalduna Jauregira joan dira azkenean DEMAk aintzatetsi dituen ideiak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.

2020-2021 edizioko gainerako Enpresari Sariak honako hauek dira:

  • Bigarren Saria (1.200 euro) Alba Rodriguez Salvadorren ‘Fertinfo’ proiektuarentzat; Bilboko Elorrieta Erreka Mari Zentroa.
  • Hirugarren saria (1.000 euro) Silvia Agrafojo Fernéndezen ‘Baratzetik’ proiektuarentzat;  Elorrieta Erreka Mari Zentroa.
  • Laugarren saria (500 euro) Begoña Echabe, Carol Morunas, Emma Esteras, José Larrondo, Mikel García eta Nicolás Tamayoren ‘IzAz3D’ proiektuarentzat; Bilboko Emilio Campuzano Zentroa.
  • Bosgarren saria (500 euro) Ander San José Velascoren ‘AyalaCamperVans’ proiektuarentzat; Basauriko Bidebieta Zentroa.
  • Seigarren saria (500 euro) Beatriz Amenedo, Borja Maleta eta Yanilke María Villacísen ‘Bubble Babies B.B.‘ proiektuarentzat; Sopuertako San Viator Zentroa.
  • Zazpigarren saria (500 euro) Julieth Brito eta Nerea Alonsoren ‘Parafarmacia Dietética, Estética, Bihotza’ proiektuarentzat; Leioako Jose Miguel Barandiaran Zentroa.
  • Zortzigarren saria (500 euro) Ainhoa García, Angie Mikaela Valladarez, Josu Ozalla eta María Barberren ‘Proyectos Ecológicos sin Plástico’ proiektuarentzat; Bilboko Zabalburu Ikastetxea.
  • Bederatzigarren Saria (500 euro) Joana García Belarren ‘Oposikasi Akademia’ proiektuarentzat; Markinako Lea Artibai Zentroa.
  • Hamargarren saria (500 euro) Ander Calvo, Andrea Blanco, María Aurkene Obregón, Nadir Cogollo eta Oier Castañoren ‘Gozogintza’ proiektuarentzat; Santurtziko San José de Calasanz Zentroa.

Bideorik onenen sariak

Aipatu dugun Gure Tabadul horretaz gain;

  • Enaitz Anta Fernándezen ‘4 Art’ proiektuarentzat; Bilboko Emilio Campuzano Zentroa.
  • Aser Ebro Rodríguezen ‘Speedas’ proiektuarentzat; Barakaldoko Nicolás Larburu Zentroa.
  • Marlene López Espinozaren “Ganatxe” proiektuarentzat; Galdakaoko Ostalaritza-Zentroa.
  • Hugo Díez Virizuelaren ‘Diversity Dance School’ proiektuarentzat; Getxoko Fadura Zentroa.
  • Leire Goitia, Maider Seijido eta Maitane Jaioren ‘Naturart’ proiektuarentzat; Gernikako Institutua.

premio Enpresari 20

Enpresari 20 urte

Enpresari Programak 20 urte bete ditu Lanbide Heziketako ikasleen artean enpresa-ekintzailetzaren kultura bultzatzen.

DEMA Foru Agentziaren programa honen balantzearen arabera, Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta 863 enpresa-proiektu aurkeztu dira. Guztira, 48.500 ikasle inguruk parte hartu dute 2001. urteaz geroztik.
Teresa Laespada: “Enpresari-rekin gure gazteak ausartzera, ahalegintzera eta elkarlanaren, berdintasunaren edo iraunkortasunaren moduko balioak sustatzera animatu nahi ditugu”.

Enpresari Programak 20 urte daramatza Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzen. DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako teknikarien laguntzarekin eta Enplegua Sustatzeko Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, lurraldeko LHko hogeita hamar zentrok aintzatespen zabala eman diote ekintzailetza eta autoenplegua sustatzeko programa honi.

Programa hau baliagarria dela Enpresarik enpresa-kultura ekintzailea sustatzeko bi hamarkada hauetan izan dituen emaitzetan egiaztatu da. Guztira, 2001az geroztik – Programaren hasiera-data – 1.821 tailer egin dira, eta LHko zikloetako 37.397 ikaslek parte hartu dute.
Gainera, 20 urte hauetan, 3.438 ideia sortu dira LHko ikasgela horietan, eta 8.790 ikasle arduradunek hartu dute parte. Eta, azkenik, DEMAko teknikarien laguntzarekin aurkeztu eta ondutako ideia guzti horietatik 863 proiektu argitaratu dira, benetako errealitateari itsatsita daudenak, eta horietan 2.310 ikaslek parte hartu dute.
Azken batean bi hamarkada hauetan Enpresari Programak 48.500 ikasle inguru mobilizatu ditu bere tailerretan, ideiak prestatzen eta proiektuak aurkezten.

DEMA Foru Agentziako teknikariak dira, ikastetxeetako tutoreen, irakasleen eta zuzendarien laguntzarekin, tailer horietan guztietan ikasleen ideiak garatu ahal izatea ahalbidetu dutenak, ideia, proiektu eta, kasu batzuetan, enpresa-errealitate bihurtu arte.
Enpresari-ren azken helburua ez da horrenbeste enpresak sortzea, baizik eta autoenpleguaren eta enpresa-ekintzailetzaren kultura zabaltzea ikasleen artean; izan ere, jakin dakigu gaurko ikasle horiek biharko enpresaburu izan daitezkeela Bizkaian.

Ildo horretatik, historian zehar hainbat enpresa-esperientzia izan dira, paperetik errealitatera igaro direnak: foru programa honen babesean irekitako negozioen artean enpresa asko daude, batzuk oso finkatuta daudenak, 20 urte baino gehiagorekin, Emilio Campuzano ikastetxeko Diluz kasu; Auspola, Peñascal Fundazioko arotzeria metalikoa; Durangoko DDS Informática; Tartangako Megasound edo Irekisoft; Sampler, Zabalburu Ikastetxekoa; Hárika, Errepelegakoa; Felicitarte, Emilio Campuzano ikastetxekoa, etab.

“Enpresari ez da soilik kultura ekintzailea sustatzeko programa bat; ez da soilik DEMA, Lanbide edo Enplegua Sustatzeko Foru Saila bezala kalitatezko enplegua sortzeko konpromisoa duten erakundeak inplikatzen dituen programa bat. Mugiarazten gaituena ez da ideiarik onena aurkitzea, ezta enpresa-proiekturik onena sortzea ere. Enpresari-rekin gure gazteak ausartzera, ahalegintzera eta elkarlanaren, berdintasunaren edo iraunkortasunaren moduko balioak sustatzera animatu nahi ditugu” azpimarratu du Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak.

Enpresa-Ideia eta -Proiektuen Lehiaketaren 20. edizioko sariak emateko DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ekitaldi berezia antolatuko du ekainaren 23an Bilboko Euskalduna Jauregian enpresa-kultura ekintzailea sustatuz bete diren bi hamarkada horiek ospatzeko.

Gaur egungo 2020-2021 deialdian, pandemiak zailtasunak eragin baditu ere, 122 tailer egin dira (1.908 parte-hartzailerekin), 216 ideia aurkeztu dira (563 parte-hartzailerekin) eta 70 proiektu egin dira (184 parte-hartzailerekin).

DEMA Foru Agentziak, inplikatutako irakasleekin eta zentroekin batera, kontuan hartuta edukierak murriztu egin direla ahalegin handia egin du saioen kopurua handitzeko. “Covid-19aren ondorioz zailtasun eta eragozpen gehiago egon arren, guztion artean programa aurrera atera dugu LHko gazteen artean enpresa-ekintzailetzaren kultura bultzatzeko”, onartu du Marivi Riolek, DEMAko zuzendari-kudeatzaileak.

 

Taller de maduración en San Viator

Anezken amaierako “on line” topaketa

Ekainaren 22an, 23an eta 24an networking birtuala egingo da, anezketan parte hartu duten eta langabezian dauden pertsonak beren lanbide-intereseko enpresekin harremanetan jartze aldera.

  • Pandemia gorabehera, azken hiru anezketan parte hartu duten pertsonen laneratze-maila % 60 ingurukoa izatea espero da.

  • Laespada: “Programa honek tresna erabilgarriak eskaintzen ditu lana aurkitzeko, eta pertsonak ahalduntzeko”

2020az geroztik bizi izan dugun pandemiak zailago jarri du enplegu-anezken eta ekintzailetza-anezken lana. Programa horren bidez, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetu nahi da, adituen tailerren eta lan-saioen bitartez, online eta aurrez aurre, enplegua bilatzen duten pertsonentzat xedaturik. Hala ere, orain arte erdietsi diren emaitzek adierazten dutenaren arabera, zailtasun horiek ez dituzte Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (DEMA) Santa María la Real Fundazioarekin lankide jardunik egiten duen programaren emaitza onak arinduko: joerari jarraituz gero, laneratze-mailak % 60 ingurukoak izango dira, Covid-19ren eragina gorabehera.

Joan den martxoaren 1ean hasitako lanak ekainean itxiko dituzten hiru anezkekin –bi Bilbon eta bat ezkerraldean– 36 anezka jarri dira abian 2016an programa hasi zenetik. Guztira, 701 parte-hartzaile izan dira (453 emakume eta 248 gizon).

Pandemiak berak eta Covid-19k oraindik ezarri dituen murrizketek ez dute ahalbidetzen azken urteotan egin izan den topaketa presentziala egitea, baina Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ‘networking’ saio bat antolatu du formatu birtualean ekainaren 22, 23 eta 24rako.

9 enpresak parte hartzen dute

“On line” topaketa honen helburu nagusia da Anezka (Enplegu eta Ekintzailetza Anezkak) programan parte hartzen duten pertsonak beren lanbide-intereseko enpresekin harremanetan jartzea, pertsona horien enplegu-bilaketa bultzatze aldera. Printzipioz, networkingaren hiru egunetan zehar, parte hartzen duten enpresen ordezkariek (9 guztira) euren sinaduren aurkezpena egiteko asmoa dute. Ondoren, lan-elkarrizketak egingo dira interesdunekin.

Networkingaren hasiera egunean, ekainaren 22an, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna bultzatzeko Saileko ordezkariek, DEMA taldeko ordezkariek eta anezka bakoitzeko ordezkari batek hitz egingo dute, eta aurkezpen labur bat egingo dute. Ondorik, parte-hartzaileen eta enpresen arteko topaketak egingo dira. Parte-hartzaileen eta enpresen arteko topaketen formatua hilaren 23an eta 24an errepikatuko da.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez, anezkak pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko tresna baliagarriak dira. “Programa honek lana aurkitzeko eta pertsonak ahalduntzeko tresna erabilgarriak eskaintzen ditu”.

Anezka programa (Enplegu eta Ekintzailetza anezkak) 2016an hasi zen, Santa Maria la Real Fundazioarekin elkarlanean. Anezkak lana bilatzen duten profil desberdinetako pertsona-taldeak dira, profesional batek dinamizatzen ditu eta bilaketa hori modu eraginkorragoan egiteko ekintzak garatzen dituzten lantoki batean kokatzen dira. Ordutik aurrera, horietan parte hartu duten pertsonen laneratze-maila % 60 ingurukoa izan da.

 

Laespada Lanzadera Bilbao DEMA

Berrietan bilatu