Actualidad DEMA

Dagoeneko kontsultagai daude webean Zubilan Plus programan parte hartzen duten pertsonen profilak

Zuzendari-profila duten 45 urtetik gorako langabetuen curriculum itsuak dira

Zubilan Plus programan parte hartzen duten pertsonak kontratatzeko interesa duten enpresak Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) webgunean sar daitezke zuzendari-profila duten 45 urteko langabetuen enplegurako laguntza integraleko programa berritzaile horretan sartutako pertsonen profilak ezagutzeko.

Programa pilotu horrek, CEBEK Bizkaiko patronalaren lankidetzarekin eta zuzendari-profilei laguntzeko teknikari espezializatuekin batera egin denak, parte hartu duten 24 pertsonen laneratzea du helburu.

Profilak bost taldetan banatzen dira:

– Merkataritza Zuzendaritza – Salmentak

– Negozio Garapeneko Zuzendaritza

– Giza Baliabideen Zuzendaritza

– Finantza Zuzendaritza

– Zuzendaritza Nagusia

Zubilan Plus programa berritzaileak lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du; hori dela eta, abian jarri da Bizkaiko enpresa-ehunean eragilerik adierazgarriena den CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren eta FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBI elkarte sektorialen lankidetzarekin. CEBEKek, bere elkarte sektorialekin batera, zuzenetik ezagutzen ditu Bizkaiko enpresek behar dituzten profil profesionalak.

Zubilan Plusen, profil horien laneratze-prozesuan adituak diren aholkularitza-enpresek ere parte hartzen dute, eta pertsona horiei laguntza integrala emango diete.

Curriculumak hemen daude kontsultagai:

https://www.dema.eus/eu/programas-dema/zubilan-plus/

TALDEKA DIGITALA DEIALDI BERRIA

Taldeka Digitala, DEMAk (Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak) antolatzen duen programa, bere seigarren deialdia martxan jarri du, mundu globalizatuan ekintzaile izan nahi duten eta jarduera digitalekin zerikusia duten ideiak dituzten pertsonei laguntzeko

Programa honetan parte hartzen duten ekintzaileen % 60k beharrezko tresnak jasotzen ditu negozioa martxan jartzeko, eta, azkenean, lanpostu propioa sortzen du

Laespada: “Taldeka programek sekulako aukera ematen diete ekintzailetzarako gogoa duten pertsonei”

DEMAk Taldeka Digitala foru programaren seigarren deialdi berria urrian  ireki du. Ekimen horren helburua, ekintzaile profila eta negozio baten ideia propioa duten pertsonek esparru digitalean autoenplegua sortzea eta ekintzaile horiei laguntzea da, geroz eta globalizatuagoa den munduan enpresa bat sor dezaten.

Hauek dira programan parte hartzeko betekizunak:

  • Bizkaian bizitzea.
  • Langabezian egotea edo egungo lana hobetu nahi izatea edo ikaslea izatea.
  • Adin nagusikoa izatea.
  • Ez da beharrezkoa teknologiarekin lotutako prestakuntza izatea.

Foru programa horrek ekintzaileak lehenengo unetik identifikatuko ditu; horiek, era berean, jakin beharko dute azkar mugitu behar dutela ekintzailetza tradizionalarekin alderatuta handiagoa den eremu batean. Arriskuak zure gain hartzeko gaitasuna izateaz gain, iniziatiba eta bezeroenganako orientazioa badituzu eta informazioa aztertzeko eta merkatu digitala ulertzeko gaitasuna baldin baduzu, Taldeka Digitalak zure helburuak lortzen lagunduko dizu.

Honakoak ikasiko dituzu:

  • Zure ‘startupa” martxan jartzeko ezinbesteko alderdiak identifikatzea.
  • Zure produktua kontzeptualizatzeko metodologia.
  • Zure proiektua defendatzeko tresnak erabiltzea.
  • Zure negozioa planifikatzea, garatzea eta handitzea.

Edizio berrian izena emateko epea azaroaren 3an bukatuko da. Azkenean programan parte hartuko duten pertsonek ikastaro batean parte hartuko dute astelehenetik ostegunera 10:00etatik 14:00etara, azaroaren 8tik abenduaren 23ra.

Prestakuntza saioak bukatzean, ekintzaileek proiektua defendatuko dute “Demo Day” delakoan; egun horretan, beraien negozio ideia defendatuko dute ekintzailetza digitaleko agenteen aurrean (enpresak, sustatzaileak, adituak, inbertsio funtsak, eta abar).

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, adierazi duenez, Taldeka programek “sekulako aukera ematen diete ekintzailetzarako gogoa duten pertsonei”. “Sarritan, ideia bat eta gogoa eduki arren, orientazio eta babes apur bat falta zaie. Behar duten azken bultzada hori Taldeka programan aurkitzen dute”.

“Besteak beste, merkatu berriak, ekintzailetza digitalaren ekosistema, abantailak eta finantziazio-aukerak ulertzeko aukera emango die programak”, DEMAk azpimarratu du.

DEMA Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpeko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia da, eta bertako zuzendaria Teresa Laespada foru diputatua da.

IZENA EMAN

Zubilan Plus programak zuzendaritza-profila duten 45 urtetik gorako 24 pertsonari laguntzen die enpleguan

Carolina Pérez Toledo (CEBEKeko presidentea) eta Teresa Laespada (Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua)

Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, eta Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidentea,  izan dira buru programa honen jardueraren irekiera-jardunaldian.

DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak jarri du abian lankidetza publiko-pribatuko programa hau.

Programa CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin eta bere sektorialak diren FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBIrekin  jarri da abian.

Laespada: “Aniztasuna aukera leihoa da”

DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak  Zubilan Plus jarri du abian, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak  sustatzen eta finantzatzen duen programa pilotua. Programa honen helburua zuzendaritza-profilak dituzten 45 urtetik gorako 24 langaberi laneratzeko laguntza integrala ematea da. 

Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, eta Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidentea,  izan dira astelehen honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den programari hasiera emateko jardunaldiko buruak.

Egitarauak bederatzi hilabeteko iraupena izango du eta 2022ko apirilera arte iraungo du.  Programa hilabete honetan hasi da maila ofizialean, ekitaldi presentzial honekin; ekitaldi honetan erakundeetako eta enpresetako sustatzaile nagusiek hartu dute parte, baita parte-hartzaileek ere.

Laespada diputatuak nabarmendu du asmoa daukala Bizkaian senior talentuaren garrantzia ikusarazteko, eta lan-merkatuan duen lekua eta gauzatu gabe ditugun erronka eta trantsizioei egiten dien ekarpena aldarrikatzeko. 

Haren esanetan, inork ez du adinkeriako praktikarik aitortzen, inork ez du adinagatik aurrejuzgatzen edo diskriminatzen denik aitortzen. Inork ez. Hala ere, konturatuta edo konturatu gabe, hautaketa-prozesu gutxi gainditzen dituzte berrogeita hamar urtetik gorako profesionalek. Eta justizia kontua da. Baita adimen kontua ere. Izan ere, aniztasuna aukera-leihoa da edozein erakundetan: baita enpresetan ere. Aktibo bat da, balio bat. Horrez gain, gehitu du geroago partaide izango zaituzten mahai-inguruan senior talentua ez baztertzeko mila arrazoi baino gehiago azalduko direla. 

Gainera, azpimarratu du lan-indarra pluralagoa dela maila guztietan, bai adinari eta generoari dagokienez, baita jatorriari, esperientziari, kulturari, ikuspuntuei eta balioei dagokienez ere.

CEBEK
Bestalde, CEBEKeko presidenteak ohartarazi du, zorionez, 50 urtetik gorako pertsonek Euskadin COVIDaren aurreko enplegu-maila berreskuratu duten arren, ezin dugula inor atzean utzi.

Beraren ustez, enpresa belaunaldien arteko topagune bat da. Enpresa bakoitzaren barruan esperientziak eta gaztetasunak elkarrekin bizi behar dute eta elkar elikatu behar dute talentua eta sormena sortuz. Halaber, gehitu du enpresa-erakundeetatik eta Alduntitik zein DEMAtik senior talentua duten pertsonen aintzatespena sustatu nahi dutela.

Horrez gain, Pérez Toledok adierazi du heldutasun profesionala ekarpen bat dela, izan ere, adinak balio erantsia ematen du, besteak beste, esperientziari, heldutasun profesional eta pertsonalari, kontaktu-sareari, enpresen ezagutzari dagokienez.

Laespada eta Pérez Toledorekin batera, Elena Cascantek, Generación y Talento Generacciona Behatokiko bazkide-zuzendariak hartu du parte ekitaldian. Cascante andreak zuzendariek lantaldeen kudeaketa eraginkorrari eta enpresako antolaketa-erronka berriei dagokienez dituzten portaerei buruzko hitzaldia eskaini du.

Mahai-inguru batek osatu du ponentzia eta Cascantek berak saioko aholkularietako batekin (Maria Erkoreka), CEBEKeko idazkari nagusiaren ondokoarekin (Gonzalo Salcedo), María Seidedos ekintzailearekin eta Zubilan Plusen parte hartzen duten pertsonetako batekin eztabaidatu du.

Estatistikek erakusten dutenez heldutasun profesionalean sartzea, lan-merkatura erraz itzultzen laguntzen duen aktiboa izan beharrean, galga bat da. Paradoxikoki, adinak esperientziari, heldutasun profesional eta pertsonalari, kontaktu-sareari, enpresa-ehunari eta abarri dagokienez ematen duen balio erantsia ez da bereziki baliagarritzat jotzen enpresa-ehunean. Euskadin, zehatzago esanda, langabeziaren kostu sozialaren % 90 bi urte baino gehiago langabezian daramaten 45 urtetik gorako pertsonek osatzen dute, eta % 45 hezkuntza-profil ertain-altuei dagokie, Laespada diputatuak aurkeztu berri duen Bizkaiko Foru Aldundiaren 2020-2023 Enplegu Planaren arabera.

Programa honek trebetasun eta gaitasunei buruzko prestakuntza jasotzen hasi diren pertsonak prestatzeko behar diren tresnak emango ditu, enplegua bilatzeko ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko eta gauzatzeko. Programak banakako eta taldekako saioak eskaintzen ditu.

Bai foru-agentziak bai Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustu irmoa egiten dute enplegu-politika aktiboetan. Oraingo honetan programa Bizkaiko enpresa-sareko eragilerik adierazgarriena den CEBEK – Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin jarri da martxan, bai eta bere sektorialak diren FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBIrekin  ere. Sektoreetako bere elkarteekin batera, CEBEKek ezin hobeto ezagutzen ditu enpresek Bizkaiko lurraldean dituzten profil profesionalen beharrak.

Halaber, Zubilan Plusen parte hartzen dute profilak laneratzeko prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresek. Aholkularitza-enpresa horiek, udan hautatu ziren 24 parte-hartzaileentzat diseinatutako laguntzarekin batera, orientazio-teknikak, coachinga, helburu profesionalen plangintza, lana bilatzeko ibilbide baten hedapena edo elkarrizketetan trebatzea garatuko dituzte. Azken helburua: langabezian dauden eta zuzendaritza-profila duten 45 urtetik gorako pertsonei laguntza integrala ematea. Betiere emakumeen kolektiboa, iraupen luzeko langabeak eta, zehatzago, 55 urtetik gorakoak ahaztu gabe, horiei ere arreta espezifikoa eman nahi baitzaie.

Berrietan bilatu