Gure blog-a

Abian da banbalina arteko lanbideak

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak gaur abiarazi du Banbalina arteko lanbideak izeneko enplegu eta prestakuntza programaren 2. deialdia, Pabellón Nº 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkartearekin elkarlanean.

Programa Oficios entre bambalinas, Caracterización

 

Bigarren edizio honen helburua da parte-hartzaileak karakterizazioarekin lotutako lanbideetan jarduteko prestatzea, hala nola jantzigintza eszenikoan, edo ile apainketa eta makillajean, azkenean lan merkatuan txerta daitezen; 89 eskaera jaso ziren, eta 16 emakume hautatu dituzte.

Bi hautaketa prozesuak DEMAn egin dira, agentziako teknikariekin eta, gainera, azaroaren 21ean eta 22an izandako Ile apainketa eta makillajea saioetan sektoreko pertsona ezagunek ere parte hartu dute: Irene Bau aktorea, antzerkian, zineman eta telebistan lan asko egindakoa eta, besteak beste, “Cuéntame”, “Todos los hombres sois iguales”, “Hospital Central” edo “Siete vidas” serieetan egindako interpretazioei esker ezagutzen duguna. Alicia Suarez, erreferentzia eztabaidaezina arte eszenikoetarako karakterizazioaren esparruan, bai Bilbon –Arriaga antzokiko, ABAOko eta Euskalduna Jauregiko emanaldi gehienetan parte hartu du–, bai nazioko eta nazioarteko antzokietan, zineman eta telebistan, hogeita hamar urtetik gorako esperientziarekin. Eta Lola López, makillaje eta ile apainketako lanik onenaren Goya saria irabazi zuena El Orfanato filmean egindako lanari esker.

Jantzigintza eszenikoa kategoriako hautaketa prozesua, berriz, azaroaren 25ean eta 26an izan zen, eta honako hauek parte hartu zuten: Nagore Navarro, Bilboko aktorea eta 20 urtez Santurtziko Gorka sarien aurpegi ezaguna; Betitxe Saitua, goi mailako jantzigintzako eta jantzigintza eszenikoko diseinatzailea, 2018. urtean Internacional Bilbao Art and Fashion lehiaketan finalista izan zena; eta Ramón Barea, aktorea, autorea, antzerki zuzendaria eta zinemako errealizadorea, karrera osoan 100 antzerki lan baino gehiago, berrogeita hamar bat film luze eta labur, eta telebistako serie ugari egin dituena.

Banbalina arteko lanbideak programan parte hartzeko hautatutako 16 emakumeei dagokienez, 30 urtetik beherakoak 5 dira, 44 urtetik gorakoak 7 eta 32-40 urtekoak 4; prestakuntzari dagokionez, 2 emakumek arautu gabeko jantzigintzako prestakuntza jaso dute, 10 goi mailako teknikariak dira estetikarekin eta jantzigintzarekin lotutako hainbat espezialitatetan, eta 4 unibertsitateko gradudunak dira.

Banbalina arteko lanbideak – Karakterizazioa enplegu eta prestakuntza programa bi zatitan banatuta dago:

Lehenengo zatia, prestakuntzakoa, abenduan izango da, DEMAren eta Pabellón 6 elkartearen egoitzetan, eta enpresak sortzeko garaian enplegagarritasuna sustatzera, lan arriskuen prebentziora, genero berdintasunera eta sentsibilizaziora bideratutako zeharkako gaitasunak lantzeaz gain, karakterizazioaren mundura hurbiltzen ere hasiko dira.

Urtarrilaren 7tik ekainaren 7ra bitarte, parte-hartzaileek lanaldi partzialeko lan kontratua izango dute eta karakterizazioari buruzko berariazko prestakuntza jasoko dute goi mailako adituen eskutik, hala nola Lola López eta Iciar Arrieta ile apainketaren eta makillajearen arloan, eta Saioa Lara edo Paco Delgado jantzigintza eszenikoaren arloan. Zati hori Pabellón 6 elkartearen instalazioetan egingo da, gehienbat, baina beste antzoki eta ikuskizun areto batzuk ezagutzeko aukera ere izango dute. Horretaz gain, programa osoan, parte hartzaileek tutore baten laguntza eta babesa izango dute, aurrera egin dezaten eta lanbide garapenean laguntza emateko.