Ekintzailetzarako baliabideak

Bi ekintzaile euskaldun Forbes aldizkariaren 30 under 30 zerrendan

Eider Etxebarria eta June Arrieta, biak gipuzkoarrak, hautatu dituzte 2018ko 30 under 30 zerrendarako, zeina Forbes aldizkariak egin baitu estatu osorako. Berrikuntza-potentzial eta sektorea eraldatzeko gaitasun handia duen proiektu bat abiarazi duten 30 urtetik beherakoak jasotzen ditu urtero zerrenda horrek.

Eider Etxebarriak, Beatriz Santamaríarekin batera, BiziPoz sortu zuen, zahartze aktibo, osasuntsu eta parte-hartzailearen inguruan lan egiten duen enpresa sozial bat. Bereziki zaharrentzat diseinatutako prestakuntza-jarduerak eta -lantegiak garatzeko helburua du proiektuak, haien beharrei erantzuteko. Dinamika horien xedea da pertsona nagusiek ekimen propioak izan ditzaten sustatzea, haien jakintzaren balioa azpimarratzeko eta eragin positibo bat sortzeko ingurunean.