Actualidad Dema

100dik gora pertsonak parte hartuko dute enplegu eta formakuntzako LaborLan programa mistoan
  • Irailean amaituko dira Laborlan programako espezialitate desberdinetako partaideak aukeratzeko prozesuak.
  • Partaideen enplegagarritasuna hobetzea helburu, programak formakuntza orduak eta 2 edo 3 hilabeterako lan kontratuak eskaintzen ditu.

Enplegu eta Formakuntzarako Laborlan Programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatu eta finantzatzen du, Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) bitartez. Enplegu eta formakuntzako programak oso baliabide eraginkorrak dira enplegagarritasuna hobetzeko, bereziki zailtasun handienak dituzten pertsonentzat edo gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenentzat; izan ere, formakuntza eta kontratazioa konbinatzen dituzte, eta, era horretara, bizkor trebatzen dituzte partaideak gaur egun Bizkaiko enpresetan beharrezkoak diren lanbideetan.

Enplegagarritasuna hobetzen dute, enplegu eskaintza eta eskaria egokituz

Enplegu eskaintza eta eskaria koordinatuko dituzten enplegu eta formakuntzako programak nahiz prozesuak diseinatzeko, ezinbestekoa da enpresen beharrak ezagutzea, pertsonen gaitasun profesionalak merkatuaren egungo nahiz etorkizuneko eskakizunetara egokitzeko eta horren arabera trebatzeko.

LaborLan enplegurako laborategi proiektu bat da, eta bertan sei jardunbide diseinatu dira, jarduera eremu hauei dagozkienak: Gozogintza eta gozogintzako lantegia, Psikologia, Programazioa, Soldadura eta fabrikazio mekanikoa, Fabrikazio industriala eta Autobus gidatzea.

Hala, LaborLanen parte hartuko duten 100dik gora pertsonak beren enplegagarritasuna eta gaitasun profesionalak hobetuko dituzte. Lanbideari lotutako formakuntza espezifikoa jasoko dute I. fasean, eta II. fasean, berriz, esperientzia profesionala, 2 eta 3 hilabete bitarteko lan kontratu bati esker; programaren hirugarren ardatza laguntza integrala izango da, hau da, tutoretza jasoko dute formakuntza eta kontratazio faseetan, gaitasun pertsonalak landuko dituzte, lan arloko orientazioa emango zaie eta jarraipen pertsonala egingo zaie programa osoan zehar.

Horrez gainera, programa ebaluatu egingo da hasieratik, eta partaideei jarraipena egingo zaie hura amaitu eta hilabete batzuk geroagora arte; era horretara, partaideek enplegagarritasunean eta laneratzean izandako hobekuntza egiaztatuko da, programan arituko ez diren beste pertsona batzuekin alderatuta. Azterketa horren xedea izango da ondorioak ateratzea eta ondo egindakoak nahiz hobetu beharrekoak zehaztea, antzeko beste ekintza batzuk diseinatzean oinarri gisa erabili ahal izateko.

 

Jarduera ekonomikoen ordezkari diren erakundeekiko lankidetza

LaborLan Programa diseinatzeko, DEMA elkarlanean aritu da hainbat sektore ekonomiko edo jarduera esparrutako eragile sozialekin, horiek eskarmentua, harreman sareak, baliabideak, azpiegiturak, metodologiak eta kudeatzeko ahalmena baitituzte. Erakunde hauekin aritu da lanean:

Bizkaiko Gozogileen Alkartasuna (GACPV-BGA), jarduera nagusitzat dituena nekazaritzako elikagaien sektorean formakuntza eskaintzea eta enplegua babestea, baita elkarteko kide diren erakundeei zerbitzua ematea ere. Era berean, funtsezko eragilea da sektorearen beharrak antzemateko eta profil nahiz gaitasun profesionalen eskaintza eta eskaria egokitzeko.

Bizkaiko Psikologia Elkargoa, lanbidearen eskubideak, betebeharrak eta izen ona zaintzen dituena eta intrusismo profesionala ekiditen duena. Jarduera kultural eta zientifikoak ere sustatzen ditu, eta graduondokoetarako formakuntza ere eskaintzen du; horri esker, kolektiboaren asmoak ezagutu eta hauteman ditzake.

Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Aplikatuen Industrien Elkartea, GAIA, esparru hauetan lan egiten duena: aholkularitza, ingeniaritza, elektronika, informatika, telekomunikazioak eta gamifikazioa. Era berean, elkarteko kide diren 260tik gora enpresen beharrak asetzeko gaitasun eta abilezia espezifikoak dituzten pertsonak prestatu eta aurkitzeaz ere arduratzen da.

Ikaslan Bizkaia, Bizkaiko Lanbide Heziketako institutu publikoetako zuzendarien elkartea, bitartekari gisa aritzen dena Administrazioaren eta LH dualean esperientzia zabala duten interes taldeen artean. Beraz, ezagutza eta esperientzia ditu sektore desberdinetako enpresen behar okupazionalen arloan.

HETEL, Euskadiko lanbide heziketako ikastetxeen elkartea, Euskadiko lanbide heziketa hobetzeko lan egiten duena, gazteen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetu nahian. Eskarmentu handia du arlo teknologiko eta industrialetan, hezkuntza dualean eta nazioartekotzean.

Info gehiago