- Sarekin Ekintzailetza Sarearen osoko bilkuraren topaketa berria.
- Aurten, berriz ere, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 1.000 ekintzailetza-proiektu baino gehiago babestuko ditu, 1.200 lanpostu baino gehiago sortuko dituztenak.
- Laespada: “Helburuak dituen ekintzailetza sustatzen dugu”.
Bilbo, 2023ko otsailaren 3a.- Foru Aldundiak Bizkaia lurralde ekintzailea izatea lortzeko bere apustua indartu du Sarekin Ekintzailetza Sarea sendotuz eta enplegua eta ekintzailetza sortzen laguntzen duten bere programak indartuz.
Gaur goizean Sarekin Ekintzailetza Sarearen osoko bilkurak beste bilera bat egin du eta bertan sarea osatzen duten eta ehunetik gora diren entitate eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentzia (DEMA) barne.
Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, nabarmendu duenez, Sarekin Ekintzailetza Sarea Bizkaiko ekosistema ekintzailearen eragile guztien arteko topagune eta lankidetzarako gunea da, “aliantzak eta konplizitateak ehuntzeko” tokia.
Halaber, hazkunde inklusiboa, iraunkorra eta berrikuntzan oinarritua bermatzeko sektore publikoak daukan garrantzia nabarmendu du.
Laespada diputatuak gogorarazi du bere Sailaren eskumenen barruan aurten indartu egin direla enplegua sortzeko eta ekintzailetza bultzatzeko laguntzak, 800.000 euro gehiagoko inbertsioarekin. Legegintzaldiaren hasieratik igoera hori 4 milioi eurokoa izan dela gaineratu du. Programa eta proiektu hauek guztiak eskuragarri daude Enpleguaren Atarian: www.portaldeempleodebizkaia.eus.
Era berean, ekintzailetza eta enpresen transmisio eta finkatzearen arloko programak indartu direla azpimarratu du (7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa), eta baita urtean 1.000 ekintzailetzari baino gehiagori eman zaiela laguntza ere (1.200 lanpostu inguru sortzen dituzte), bizitzako lehen hiru urteetan % 70etik gorako biziraupenarekin. Eta negozio errentagarrien erretiroagatiko erreleboa bermatzeko ere lan egiten da.
Diputatuak nabarmendu duenez, legegintzaldi honetan ekintzailetza sustatu da; izan ere, 4.000 enpresa baino gehiago sortu dira eta horrela, langabezian zeuden 4.200 pertsonak enplegua lortu dute. Enpresak sortzen jarraitu da, garrantzi handiko gauza bat egon delako: konfiantza.
ERRONKA DEMOGRAFIKOA
Laespadak adierazi duenez errealitate hau hiru trantsizio handi dituen testuinguruan murgilduta bizitzen ari gara: teknologiko-digitala, trantsizio berdea eta trantsizio demografikoa.
Ildo horretan, adierazi du enpleguak, enpresak eta ekintzailetza behar ditugula, antolakuntza mailan eta maila pertsonalean, erronka horiei aurre egiteko.
Diputatuak gaineratu duenez, «Jakin badakigu zein diren erronkak. Buru naizen sailaren asmoa da Bizkaia lurralde ekintzailea izatea. Ekintzaile gehiago behar ditugu. Ekintzailetzaren eredu berria ere behar dugu. Eta enpresen eredu berria. Inpaktua sortzen duena. Ahalik eta etekin gehien lortzeko kezkarekin hain itsututa ez dagoena. Bideragarria, iraunkorra eta errentagarria izan nahi duena. Pertsonentzat desiragarria, zentzua daukana».