Actualidad Dema

Anezka, Enplegu eta Ekintzailetzarako Programak 636 pertsona laneratu ditu Bizkaian

2016ko otsailean martxan jarri zenetik 61 anezka jarri dira martxan, guztira 1.028 parte-hartzailerekin. Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna  Sustatzeko Foru Sailari lotuta dagoen DEMAk, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak, kudeatzen ditu.


Laespada: “Datuetan oinarritutako politika publikoak ezartzen jarraituko dugu”

Bilbo, 2024ko otsailaren 16a. Anezka, Enplegu eta Ekintzailetzarako Programak 2023-24 edizioko topaketa-jardunaldia egin du gaur goizean. Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailari lotuta dagoen DEMAk, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak, programa 2016ko otsailean abian jarri zuenetik 61 anezka egin dira, eta 1.028 parte-hartzaileetatik 636 pertsona laneratzea lortu du.

Azken deialdia urrian hasi zen eta horri esker lau anezka garatu ahal izan dira, Bilbon (2), Barakaldon eta Getxon, eta 80 pertsonak parte hartu dute, 55 emakumek eta 25 gizonek, 20 laguneko taldeetan banatuta.

Bilboko anezka gaztea (Bilbo 21), La Perrera deritzon eraikinean dagoena, 35 urtetik beherako gazteek osatu dute. Laneratze gehienak, zortzi, gazteenen artean gertatu dira, 24 eta 26 urte bitartekoen artean, euren helburu profesionalekin bat datozen lanpostuetan.

Jarduneko deialdiaren Bilboko bigarren anezkan (Bilbo 20), pertsonen % 50ek baino gehiagok, hamaikak, lana aurkitu dute dagoeneko.

Ezkerraldeko anezkaren kasuan (Eskerraldea 15), bederatzik lana aurkitu dute. Horietako hiruk 57, 59 eta 60 urte dituzte, hurrenez hurren. Hirurek euren lanbide-profilari egokitutako lanpostuetan jarduten dute. 

Eskuinaldeko anezkari dagokionez (Eskuinaldea 7), zortzi pertsonak lortu dute jada lan-merkatuan sartzea. Horien artean, adin handienekoaren kasua nabarmentzen da, 60 urtekoa, eta horrek ere bere arloan aurkitu du lana.

Anezkak itxi ondorengo asteetan laneratzearen ehunekoa parte-hartzaileen % 60ra iristen da.

Azken jardunaldia

Teresa Laespadak, ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak, anezkak osatu dituzten 80 pertsonak aintzatetsi nahi izan ditu bere hitzaldiaren hasieran eta esan du  “ekimenaren, jarreraren, motibazioaren, determinazioaren eta erresilientziaren adibideak direla”, horiek guztiak indartuta ateratzen direlako “egungo lan-merkatuan enplegua bilatzeak dakarren erronka handiari aurre egiteko gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzea lortu dutelako”.

Diputatuak lan kolektiboaren garrantzia azpimarratu du, “aniztasunaren indarra”, laneratzearen helburu komuna lortzeko, egungo gizarteak dituen erronka handienetako baten erakusgarri argi eta garbia, “kohesioa berdintasunaren eta elkartasunaren parametroetatik abiatuta”.

DEMA,  Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako arduradunei programaren arrakastan izan duten erantzukizuna eskertu ondoren, Laespadak adierazi du garatutako 61 edizioetan bildutako zifretan oinarrituta “bide horretatik aurrera egiten jarraitzeko uste sendoa indartzen digutela, datuetan oinarritutako politika publiko zehatzak inplementatzen, bai diseinuan, bai gauzatzean eta emaitzen ebaluazioan; beraz, askoz ere anezka gehiago sortzen jarraituko dugu”.

Jardunaldia “Claves para una buena estrategia de búsqueda de empleo-Lana bilatzeko estrategia onerako gakoak” izenburuko hitzaldiarekin osatu da, Page Groupeko Iparrraldeko Eremuko zuzendaria den José Luis Zayas Page-ren eskutik; ekitaldian, halaber, Gemma Martínez aktoreak enpleguari buruzko bakarrizketa egin du; eta DEMAko Programen zuzendari Pilar Carranzak sartutako “elkarrizketa-erronda” izeneko tartearekin, non hamabost enpresak lan-merkatuan oraindik beren lekua aurkitu ez dutenekin hitz egingo duten.

Helburuak eta metodologia

Anezka, Enplegu eta Ekintzailetzarako Programa Fundación Santa María la Real Fundazioarekin elkarlanean sortu zen. Lanbiden enplegua hobetzeko prozesuetan izena emanda duten langabeei eta enplegatuei zuzenduta dago, langabeen gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin. Programak langabe horiek langabeziari lotu ohi zaizkion jokabide pasiboak alde batera uztea lortu behar du, helburu komun bat lortzeko ahaleginak batuz taldean lankidetzan eta elkartasunez lan egiteko gaitasunak sendotzea: bai norberaren konturako edo bai besteren konturako enplegua lortzea.

Azken batean, langabetu horien enplegagarritasuna hobetzen saiatzen da, anezken bidez, langabetuen, boluntarioen eta aktiboen talde heterogeneoen bitartez lan-merkatuak ezartzen dituen erronka handien aurrean posizio aktibo batean kokatuko dituen ikuspegi batetik. Horiek guztiak enpleguan aditua den teknikari baten laguntzarekin antolatzen dira, besteren konturako nahiz norberaren konturako lana bilatzeko; izan ere, kide guztiak lan-merkatuan sartzeko bideak eta moduak aztertzen dira.

Gaur egun anezka bakoitzak 20 parte-hartzaile ditu, eta parte-hartzaileekin zuzenean jarduteko iraupena 4 hilabete ingurukoa da.

Informazio guztia https://www.dema.eus/busco-empleo/lanzaderas-de-empleo/ webgunean dago eskuragarri.