Actualidad Dema

Bizkaiko Enplegu Atarian programa guztien inguruko informazioa biltzen da eta aurretiko izen-ematea aukera ematen du

Web-plataforma berrian Bizkaiko Foru Aldundiaren eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren enplegu-programa guztiak jaso dira. Webguneaz gain, telefono mugikorraren edo tablet gailuen bitartez sartzeko aplikazioak ditu. Programetan parte hartu nahi dutenek, web-tresna honen bitartez egin dezakete aurretiko izen-ematea:

www.portaldeempleodebizkaia.eus/

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Enplegu Ataria jarri du martxan. Web-espazio horretan (mugikorrerako aplikazioak ere izango ditu) foru-erakundeak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak zuzenean sustatzen dituzten enplegu-programa guztien inguruko informazioa ikusteko aukera egongo da, bai eta aurretiko izen-emateak egiteko aukera ere.

Hauxe izango da webgunera sartzeko esteka: www.portaldeempleodebizkaia.eus, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua den Teresa Laesapdak prentsaurrekoan azaldu duen bezala. Bertan, herritarrentzako gardentasun- eta informazio-tresna berri hau aurkeztu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen eta bultzatzen dituen enplegu-programetara sartzeko eta komunikatzeko ohiko bitartekoekin bat egiten duen beste tresna bat da. «Beste pauso bat emango dugu, gure enplegu-programa guztien informazio oso eta berritua eskainiko baitugu», azaldu du Laespada diputatuak.

«Gure programa batean parte hartzeko informazioa eta aukerak bilatzen dituen edonork Enplegu Atariaren bitartez aurkitu ahal izango ditu beti, dena delakoa garatzen ari den entitatea edozein izanda ere. Izan ere, gure programa guztiak egongo dira atarian», nabarmendu du.

Diputatuak adierazi du Bizkaian ez dela inor foru-erakundearen eta DEMA agentziaren enplegu-programetatik kanpo geratuko informazio-kontuengatik. «Gure enplegu-programen eskaintza osora sartzeko leiho berri bat dute hemen», esan du.

Bizkaiko Enplegu Atarian, halaber, aipatutako enplegu-programa guztiak jasota dituen atal bat dago, baina, horrez gain, beste espazio batzuk egongo dira, besteak beste, nobedadeena, albisteenak, enplegua bilatzen laguntzeko tutorialenak edo atariari buruzko informazio orokorrekoak.

Informazioarekin batera, interesatzen zaion programa bat ikusten duenak edo informazio gehiago nahi duenak edo aurretiko izen-ematea egin nahi duenak, Atarian bertan egin ahal izango du. Alta eman ahal izango du erabiltzaile gisa.

KANPAINA

Bizkaiko Enplegu Ataria komunikazio-kanpaina baten bitartez emango da ezagutzera. Hauexek izango dira kanpainaren mezua osatuko duten galdera eta erantzuna: «LAN BILA ZABILTZA? ZATOZ ATARIRA».

«Urtean milioika euroko inbertsioa duten eta nola edo hala milaka pertsonengana iristen diren enplegu-programetara modu errazean sartzeko leiho bat da ataria. Izan ere, pertsonen duintasunean, gardentasunean, kalitate oneko enpleguan eta aukera-berdintasunean sinesten dugu», amaitu du diputatuak.