DEMA Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak baliabide berri bat sortu du ekintzaileei beren proiektuak modu eraginkorrean ezagutarazten laguntzeko. Bideotutorial bat da, ekintzailetzaren munduan funtsezkoa den Elevator Pitcharen kontzeptua izanik gai nagusia.
Elevator Pitch zera da, aurkezpen labur eta zehatz bat, non ekintzailearen ibilbide profesionala laburbiltzeaz gain, proiektu bati ekar diezaiokeen balioa ere nabarmentzen den, hori guztia minutu bakar batean. Baliabide hori funtsezko pieza izaten da inbertitzaile, kolaboratzaile edo bezeroen arreta edozein egoeratan erakartzeko, nola ustekabeko topaketa batetan, hala bilera formal batean.
Gaur egungo testuinguruan, komunikazio eraginkorra lana bilatzeko eta enpresa-proiektuak garatzeko funtsezko faktore den honetan, are garrantzitsuagoa da Elevator Pitch teknika menderatzea. Ekintzaile baten balio-proposamena argi eta garbi eta konbentzitzeko moduan transmititzeko gai izatea erabakigarria izan daiteke enpresa-ekimen baten arrakastan edo porrotan.
DEMAk egindako bideotutorialean jarraibide praktikoak eta aholku baliagarriak eskaintzen dira Elevator Pitch bat modu eraginkorrean egituratzeko eta aurkezteko. Funtsezko elementuak identifikatzearekin hasi eta diskurtso sinesgarri bat prestatzearekin bukatu, ekintzaileek beren proiektua modu gogoangarrian eta erakargarrian komunikatzeko behar dituzten tresnak eskaintzen dira.
Ekimen horren bitartez, Bizkaiko ekintzailetza babesteko eta sustatzeko konpromisoa berresten du DEMAk eta, horretarako, enpresa-proiektuei arrakasta lortzen lagunduko dieten baliabideak eta tresnak eskaintzen ditu. Elevator Pitchari buruzko bideotutoriala agentziaren webguneko “Bideotutorialak” atalean dago eskuragarri, baita www.portaldeempleodebizkaia.eus webgunean ere, ekintzaileek beren komunikazio-trebetasunak hobetu ditzaten eta, hartara, enpresa-mundu lehiakorrean arrakasta izateko aukera gehiago izan ditzaten.