Prestakuntza eta enpleguranzko bidelaguntza ematen dituen AnezkaPrest programa era trinko eta telematikoan gauzatuko da. Aurreinskripzio-epea ekainaren 7an amaituko da.
DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak online gauzatuko den programa bat abiatu du, AnezkaPrest izenekoa, COVID-19aren ondorio ekonomikoek ukitutako pertsonen birlaneratze-aukerak hobetzeko. Programak Enplegu Anezkaren filosofia du oinarri.
AnezkaPrest programak konpetentzia pertsonalak eta enplegagarritasuna hobetu nahi ditu, bai COVID-19aren ondorioz lana galdu dutenenak, bai krisiaren eraginez enplegagarritasuna txartu zaienenak. Zortzi astez, taldean eta bakarka egingo dute lan, pertsonal teknikoaren laguntzaz, eta beren buruak prestatuko; hala, lan-merkatua abaguneak eskaintzen hasten denean, jakin dezaten haiek detektatzen eta arrakasta-aukera gehiagorekin baliatzen.
DEMA agentziak, zeina Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren mendekoa baita, gehienez 15 pertsonaz osatutako taldeekin abiatuko du AnezkaPrest programa; talde bakoitzean, elkarlanean jardungo dute lana aurkitzeko. Gainera, enplegu-teknikari batek lan-saioak dinamizatuko ditu, eta sostengu etengabea emango.
Programa % 100ean dago diruz lagunduta parte-hartzaileentzat, eta ez zaie inolako ordain ekonomikorik eskatuko. Bestetik, 8 asteko iraupena izango du; denbora-bitarte horretan, taldeko eta bakarkako saioak egingo dira, bai eta adituekiko lantegiak ere. Taldeko saioak eta adituekiko lantegiak astean bitan egingo dira, saio bakoitzeko 2,5 orduko jardunalditan. Horri gehitu behar zaizkio bakarkako saioei eskainiko zaien denbora (programan zehar, ordubeteko 2 saio pertsonako) eta parte-hartzaile bakoitzaren lan pertsonala (egunero ordubete inguru kalkulatzen da).
16 saioek honetarako balioko dute:
- Taldeko saioak, non enplegagarritasunaren zenbait alderdi landuko baitira.
- Saio pertsonalizatuak, enplegu-teknikariarekin.
- Autoezagutza, marka pertsonala eta helburu profesionala.
- Lan-merkatuaren funtzionamendua. Sektoreko enpresak identifikatzea.
- Lana bilatzeko eta abaguneak detektatzeko baliabideak.
- Curriculuma, elkarrizketa eta komunikazio eraginkorra.
Aurreinskripzioa: https://www.dema.eus/anezkaprest/
Informazio gehiago: 944 189 055 / 688 661 826