DEMA Foru Agentziak CEBEKekin lankidetzan bultzatu duen programa honen bidez, lanpostu kualifikatuetan esperientzia duten 50 urtetik gorako emakumeak laneratzea bilatzen da.
Laespada: “Emakume hauen indarrean sinesten dugu”
Lanpostu kualifikatuetan esperientzia duten 50 urtetik gorako emakumeak laneratzeko Emalan Plus programak bigarren edizioari ekingo dio, lehenengo edizioan % 70eko laneratze-ehunekoa lortu ostean.
Programa hori DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bidez garatu da, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin (CEBEK) lankidetzan, eta lehenengo edizioan hogeita hamar bat emakumek hartu zuten parte; bigarren edizioari hasiera emango dion kopuru bera.
Gaur goizean, topaketa bat egin da bigarren edizio honi hasiera emango dioten emakumeekin. Bertan, lehenengo edizioko parte-hartzaileetako batzuk ere egon dira, eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatuak nabarmendu du ez daudela bakarrik, publikoak zeregin garrantzitsua baitu enplegu duina lortzen laguntzeko.
“Horregatik egiten dugu zuekin lan, askotariko talentua behar duten enpresei lotuta. Horrela egiten dugu Emalanekin, bai eta Zubilanekin eta beste programa batzuekin ere. Gure gizartean eta lan-merkatuan eragina izaten jarraitzen duen adinkeriaren birusa desagerrarazi nahi dugu”, azpimarratu du.
Era berean, azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiko bere Sailak lanean diharduela enpresen eskaerei eta “langabeziaren kostu sozial eta pertsonala lehen pertsonan” pairatzen dutenen kezkei erantzuteko.
Zuengan eta zuen potentzialean sinesten dugu. Badakigulako pertsona askok bultzada txiki bat baino ez duzuela behar, aurrera egiteko laguntza bat. Aprobetxatu aukera hau. Arrakalak gainditzen laguntzen duen programa bat da hau.
Bilera horretan AVEQeko presidente eta CEBEKeko Batzorde Eragileko kide den Ángela Fernández Alonsok ere hartu du parte. Gainera, Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan doktorea eta coach-a den Adela Balderasek ‘Auto liderazgo y motivación: más que palabras’ (Auto-lidergo eta motibazioa: hitzak baino gehiago) hitzaldia eman du.
Ondoren, mahai-inguru bat egin da, DEMAko Zerbitzu Orokorren zuzendari eta Emalan Plus programaren arduradun den Beatriz Morcillok moderatuta. Bertan parte hartu dute Patricia Lópezek (Emalan Plus programako aholkularia), Ruth Cristok (FOSROC EUCO erosketen arduraduna eta Emalan Plusen lehen edizioko parte-hartzailea) eta María López Negretek (CECOBIko lehen presidenteordea). Amaitzeko, kafe-networking bat garatu da.