- Antzeko ezaugarriak dituen Zubilan Plus programak lan-txertaketari dagokionez % 71rekin itxi du lehen edizioa.
- Emalan Plus programa CEBEKekin lankidetzan garatzen da.
- Susana González: “Talentu seniorrak lehiakortasuna hobetzen du.”
Emalan Plus programak zortzi hilabeteko ibilbidea hasiko du; programa honen xedea lanpostu kualifikatuetan esperientzia duten 50 urtetik gorako emakumeak laneratzen laguntzea da.
DEMA, Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak (Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailari lotuta dagoena) garatzen duen programa da, CEBEK – Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin lankidetzan. Lankidetza hori Zubilan Plus bezalako antzeko programa batean frogatu zen, parte-hartzaileen % 71 laneratzea lortu zuena.
Gaur goizean topaketa egin da jarduerak Emalan Plusen hasiko dituzten hogeita hamar emakumerekin eta Zubilan Pluseko euren prozesua amaitu duten hainbat pertsonarekin. Topaketa horretan, halaber, Susana González Rómulok, Enpleguko Foru zuzendariak eta Carolina Pérez Toledok, CEBEKeko presidenteak, parte hartu dute.
Topaketan Laura Rosillok ere parte hartu du, enpleguaren eta adinekoen inguruko gaietan aditua, “Transitar la maudurescencia: construir una nueva etapa profesional” hitzaldiarekin. Ondoren mahai-ingurua egin da programa horietako enpresa aholkulari batekin, Zubilan Pluseko parte-hartzaile batekin eta Euskadiko kimika-enpresen presidentea den Angela Fernandezekin (AVEQ-KIMIKA).
Beste alde batetik, Enpleguko foru zuzendariak adierazi du Bizkaiko langabeen ia % 30 45 urtetik gorako emakumeak direla. “50 urtetik gorako pertsonek oraindik urte asko dituzte egiteko, eta une profesionalik onenean daude, aitortu eta baloratu behar diren jakintza eta gaitasunekin” gaineratu du.
Ildo horretatik, zehaztu du “pertsona horiei trantsizio profesionalean lagundu behar zaiela, trebetasunak eta baliabideak emanez, balioa eta ikusgarritasuna aintzatetsiz eta konfiantza sortuz”.
Gainera, Gonzalez Romulok defendatu du Emalan Plus eta Zubilan Plus enpresa-sektorearekin batera “administrazio publikoek gidatutako berrikuntzaren adibide direla”, laguntza, prestakuntza, hautagai-zerrenden sustapena eta enplegu-bilaketa aktiboa eskaintzen dituzten ibilbide pertsonalizatuen bidez.
Era berean, gaitzetsi egin ditu adinekoek enplegu baterako hautaketa-prozesuetan jasaten dituzten aurreiritziak, eta defendatu du erakunderik onenak talentu, adin eta profil desberdinak dituztenak direla.
Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak – CEBEK Programa honetan laguntzen du bere lau elkarte sektorialen eskutik (Bizkaiko Etxegileen eta Higiezin Sustatzaileen Elkartea – ASCOBI/BIEBA, Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioa – CECOBI, Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntza – FVEM eta Bizkaiko Enpresa Kimikoen Elkartea – AVEQ/KIMIKA).