Actualidad Dema

EMALAN PLUS Programan Izena emateko epea zabalik
  • EMALAN PLUS II programak Bizkaian erroldatuta dauden eta erantzukizuneko lanpostu kualifikatuetan esperientzia frogatua duten 50 urtetik gorako 30 emakume bilatzen ditu.
  • DEMAk programa honetan parte hartzen du CEBEKekin eta FVEM, AVEQ-KIMIKA, CECOBI eta ASCOBI sektore-elkarteekin

2023.02.XX Bilbo. Otsailaren 28ra arte zabalik egongo da EMALAN PLUS II Programan izena emateko epea, lanpostu teknikoetan esperientzia duten 50 urtetik gorako emakume langabeei zuzendutako Laneratzeko Laguntza Integraleko Programan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak, DEMA Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziaren bitartez, Laneratzeko Laguntza Integraleko programa hau gauzatzen du, langabezian dauden eta 50 urtetik gorako 30 emakumeri zuzenduta, baldin eta erantzukizuneko lanpostu kualifikatuetan (hala nola zuzendaritzan, buruzagitzan, erdi-mailako karguetan edo edozein espezialitateko lanpostu teknikoetan) lan-esperientzia frogatua badute.

Jasotako inskripzio guztietatik 30 emakume hautatuko dira programa egiteko. Pertsona proaktiboak bilatzen dira, proiektuarekin motibatuta daudenak eta lana bilatzeko bidea egiteko erabateko inplikazioa dutenak.

EMALAN PLUS II programak enplegurako laguntza integrala eta intentsiboa eskainiko dio parte-hartzaile bakoitzari programak irauten duen 8 hilabeteetan zehar. Lehenengo ekintzak lana aktibatzera, trebetasun pertsonalak garatzera eta lan-orientaziora bideratuko dira, banakako eta taldekako saioen bidez.

Gainera, jarraipen eta laguntza pertsonalizatua eskainiko zaie lana bilatzeko ibilbideetan eta lortzen dituzten hautaketa-prozesuetan, lan kontratua itxi arte.

Azkenik, Bizkaiko enpresen artean enpresa-prospekzio bat egingo da eta hautagaitzak sustatuko dira.

DEMAk Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin (CEBEK), Bizkaiko enpresa-eragile adierazgarrienarekin, eta haren sektoreko elkarteekin (FVEM, AVEQ-KIMIKA, CECOBI eta ASCOBI) kolaboratzen du programa honetan. Laneratze-prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresek ere parte hartzen dute programan, eta laguntza integrala emango diete parte-hartzaileei.

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko foru diputatuak “aurreko deialdiko emaitza bikainak” azpimarratu ditu, eta nabarmendu du oso garrantzitsua dela “emakume horien lan-esperientzia balioestea, askotan diskriminazio bikoitza jasaten baitute: adinagatik eta erantzukizun handiko karguetan emakume izateagatik”. “Hala ere, emakume batek 50 urtetik aurrera enpresa-munduari eman diezaiokeen balio erantsia handia da. Eta ez bakarrik esperientzia profesionalagatik, baita antolatzeko gaitasunagatik, adimen emozionalagatik eta edozein erakundetan funtsezko pieza bihur daitezkeen beste balio batzuengatik ere”, adierazi du Laespadak.