DEMA Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak Enpresa Ideia eta Proiektuen Lehiaketaren XXIII. edizioa antolatu zuen ENPRESARI programaren barruan, eta atzo, ekainak 12, eman zioten amaiera sari-banaketarekin. Atzoko ekitaldiak ixten du 2023-2024 deialdia, eta parte hartu duten gazteen sormena eta espiritu ekintzailea nabarmendu dituzte.
Aurten, deialdiak erabateko arrakasta izan du, 282 ideia aurkeztu baitira, guztira, honela banatuta: erdi-mailakoetan 84 ideia eta goi-mailakoetan 198 ideia. Horietatik 113 proposamen aukeratu ziren (erdi-mailako 42 eta goi-mailako 71) lehiaketan jarraitzeko. Modalitate berri horretan, erdi-mailako eta goi-mailako zikloak bereizten dira eta, horri esker, ikastetxeei arreta bikoitza eskaini ahal izan zaie, aurreko edizioetan 50 proiektu izatetik oraingo honetan 100 proiektu baino gehiago izatera igaro baita.
Azaroan izan zen hasiera-ekitaldia Bizkaia Aretoko Mitxelena Auditorioan eta, bertan, Carmen Romero Núñezek eta Urko Olazabalek parte hartu zuten, gazte ekintzaileei zuzendutako ikaskuntzaz eta garapenaz beteriko ibilbide baten hasiera izanik. Prozesu osoan, partaideek Arri Zulaika, Joseba Etxebarria, Alexander Fernández eta Itziar Carranza adituen orientazioa eta aholkularitza jaso zuten, ideiak ondu zituzten, eta proiektuak epaimahai espezializatu baten aurrean aurkeztu.
Sari-banaketan, hainbat kategoriatako sariak eman ziren. Erdi-mailako kategorian, ideien bost dosier onenak saritu ziren, eta diru-sari hauek banatu ziren: 500 €, 400 €, 300 € eta 250 €-ko bi sari. Goi-mailako enpresa-proiektuen kasuan, hamar sari eman ziren: 1.500 €, 1.200 € eta 1.000 €-ko hiru sari nagusi, eta 500 €-ko zazpi sari. Gainera, ikus-entzunezko aurkezpen onena egin zutenek iPad bana jaso zuten sari.
Ekitaldira 340 lagun baino gehiago bertaratu ziren, tartean parte-hartzaile gazteak, beren irakasleak, ikastetxeetako zuzendariak eta tailerretan laguntzaile izan diren ekintzaileak.
PROIEKTO SARITUAK
Iker Cruzado Rodriguezen (CIFP Repelega) ‘Carbón Zero’ proiektua izan da irabazlea. Proposamena ekintzailetza-ekimen bat da, karbono forjatuzko zuntzezko piezak diseinatu, garatu eta ekoiztea bilatzen duena, hasiera batean kirol-merkatuan oinarrituta, surf-tauletarako killak bezalako aplikazioekin.
Goi Mailako kategorian, Miriam Merino Hernándezen (San Luis Zentroko LHIP) ‘Eskutik’ proiektua nabarmendu da, gatazkak konpontzeko ikasleen prestakuntzan oinarritzen dena, eta Maider Sánchez Casasen (CIFP Txurdinaga) ‘VSCAPES’ proiektua, ihes room esperientziak errealitate birtualarekin uztartzen dituena.
Erdi-mailako kategorian, Pedro María Zuñiga Jiménez, Jokin Ríos Espínola eta Unai Menica Beitia (CPIFP Peñascal) izan dira sarituak, eta kanpoalderako hiri-altzariak berriz diseinatu eta fabrikatzea proposatu zuten.
ENPRESARI
ENPRESARI programa 1988an sortu zen, eta 23 edizio hauetan ekintzailetzaren kultura sustatu du Bizkaiko Lanbide Heziketako gazteen artean. 4.000 ideia baino gehiago aurkeztu dira, 1.031 proiektu landu, eta horietako asko enpresa arrakastatsu bihurtu dira; horrela, bada, gazteen enpresa-garapenerako plataforma erabakigarria da, oraindik ere, programa.
Aurtengo edizioan, irabazleen lorpenak ospatzeaz gain, parte-hartzaile guztien potentziala eta sormena ere azpimarratu dira. Horregatik, Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatuak ekitaldiaren aurkezpenean gogorarazi zuenez, “DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziatik Enpresari programa hedatzearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, Bizkaiko enpresa-sarearen etorkizun direnei ekintzailetza-ideia bat abian jartzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak emateko, betiere horretarako egokienak direnen eskutik, hau da, DEMAko teknikarien eskutik”.