Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) bidez lurraldean garatutako 70 enplegu-anezken multzoak 1.287 parte-hartzaile biltzen ditu, eta tresna estrategiko gisa finkatu da 2024-2029 Enplegu Planaren barruan.
Laespada: “Laguntza hurbila, metodologia zorrotza eta elkarlaneko lan-sarea eskaintzen direnean, langabeek esponentzialki biderkatzen dituzte lan-merkatura itzultzeko aukerak”
Bizkaiko Foru Aldundiak ANEZKA enplegu-anezken beste edizio bat jarriko du abian Bilbon eta Barakaldon, eta aurreinskripziorako epea hilabete honen amaierara arte egongo da irekita. Interesdunek informazioa jaso eta aurreinskripzioa egin dezakete Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) webgunean eta Bizkaiko Enpleguaren Atarian (www.portaldeempleodebizkaia.eus).
Deialdi hau irekitzea baliagarria da lurraldeko enplegu-anezken programaren balantze orokorrari balioa emateko; izan ere, 2016an hasi zenetik, 1.287 parte-hartzaile izan ditu 10 urtean, eta batez besteko laneratze-tasa % 65ekoa izan da. Deialdi berri honen bidez, foru-erakundeak kalitatezko enplegu inklusiboarekin duen konpromisoa indartzen du 2024–2029 Enplegu Planaren esparruan, eta ANEZKA enplegu-anezken programa bezalako ibilbide espezifikoen inpaktua finkatzen du.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespadak nabarmendu duenez, “Bizkaiak ezin du talentu bat bera ere galdu. Gure enplegu-anezkek lortu dituzten zifra metatuek frogatzen dutenez, laguntza hurbila, metodologia zorrotza eta elkarlaneko lan-sarea eskaintzen direnean, langabeek esponentzialki biderkatzen dituzte lan-merkatura itzultzeko aukerak”.
Enplegu-anezkak hogei pertsona langabe, boluntario, aktibo eta solidariok osatutako talde heterogeneoak dira, eta teknikari espezialista baten laguntzarekin antolatzen dira, enplegua bila dezaten, bai besteren kontura, bai norberaren kontura.
Bizkaian hamarkada batean hedatutako 70 anezkei esker, ia 1.300 pertsona horiek beren konpetentziak eguneratu ahal izan dituzte, eta zuzenean konektatu ahal izan dute tokiko enpresa-sarearen beharrekin. Gainera, laneratze-indize bereziki esanguratsuak lortu dituzte lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten profiletan.
Emalan +45, zuzendaritza-postuetan esperientzia duten emakumeentzat
ANEZKA enplegu-anezken programaren barruan, EMALAN +45 izeneko lerro bat dago. Lerro horrek 6 hilabeteko laguntza integral eta intentsiboko prozesu bat eskaintzen du, langabezian dauden edo enplegua hobetu nahi duten 45 urtetik gorako eta Bizkaian erroldatutako emakumeak laneratzera bideratua.
Programa hori postu kualifikatuekin eta erantzukizunezkoekin lotutako profilak dituzten emakumeentzat diseinatuta dago, eta astero talde-saioak egiten dira, arlo hauetan: lan-aktibazioa, jarraipen pertsonalizatua eta zuzeneko prospekzioa enpresa-sarearekin.
Anezka berri horien eta Emalan+45 lerroaren ibilbide osoan, taldeak orientazio profesionalean espezializatutako teknikarien zuzeneko laguntza izango du, honako hauek lantzeko: autoezagutza, helburu profesionalaren definizioa, konpetentzia digitalak, lan-elkarrizketetarako entrenamendua eta tokiko enpresa-sarearen prospekzio aktiboa. Izena emateko edo oinarri osoak kontsultatzeko interesa dutenek Bizkaiko Enpleguaren Atariaren (www.portaldeempleodebizkaia.eus) eta DEMAren web ofizialaren (www.dema.eus) bidez egin dezakete.