Gure blog-a

Enpresari, Lanbide Heziketatik ekiten

Bihotzeko patologiak edo arnas patologiak dituzten umetxoentzako monitorizazio sistema bat, gitarrak sortu eta konpontzen ikasteko tailer bat, edarietan drogak antzemateko erreaktibo bat, minbizia duten pertsonentzako estetika zentro bat… DEMAren Enpresari programako enpresa proiektuen lehiaketa irabazi duten proiektuak dira horiek guztiak. Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta haren Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak urtero sustatzen dute Enpresari programa, enpresa ekintzailetzarako kultura bultzatzeko Bizkaiko formakuntza zikloetako irakasle zein ikasleen artean. Hala, ekintzailetza eta enpresen sorrera sustatzen dituzte, laneratze eta autoenplegurako aukera baliodun gisa. Lanbide Heziketari zuzenduriko Bizkaiko programa liderra da gaur egun Enpresari bere esparruan.

Enpresa proiektuen lehiaketa, soilik LHko graduetako ikasleentzako dena, Enpresari programaren zati bat baino ez da. Ikus-entzunezko aurkezpenen bidezko ideia lehiaketaz gain, beste bi osagai ere baditu: ekintzailetza eta enpresa ideien heltze tailerrak, lehenengo ikasturtetik; eta irakasleentzat, berriz, programaren barruan egiten duten dinamizazio lanari laguntzeko prestakuntza ekintzak.

DEMAk gaur itxi du enpresa ideiak aurkeztu eta hautatzeko fasea. Ebazpena azaroan jakinaraziko da, eta, hortik aurrera, hautatutako ideiak -iaz 59 aukeratu ziren 200 baino gehiagoren artetik- lan fasean sartuko dira, martxora bitarte, eta sariak jasotzeko aukera izango dute. Proiektuak epaitu eta 10 saridunak hautatzeko, espiritu ekintzaile handiena dutenak eta enpresa mundura bideratutako gaitasunak hobekien garatuta dituztenak balioetsiko dira, nagusiki. Lan fasean, hautatua izan den talde bakoitzak DEMAren laguntza jasoko du, negozio plana garatzeko.

Ikasleentzako tailerrak

Enpresari programako tailerrek beren negozioa martxan jarri duten ekintzaileen zuzeneko lekukotza hurbiltzen diete parte hartzen duten ikasleei, eta prozesu hori nolakoa izan den azaltzen diete: ideia sortzen denetik enpresa martxan jarri arte, arreta berezia jarrita gainditu behar izan dituzten eta gainditu behar dituzten zailtasunetan eta norbere enpresan lan egiteak ematen dituen betetasunetan. 2019an, gaur arte, DEMAk 100 tailer baino gehiago eskaini ditu 27 formakuntza zentrotan, eta ia 3.000 pertsonak parte hartu dute tailer horietan.

Barruak

Isortze Formosoren eta Oihane Zuleten proiektuak irabazi zuen lehiaketaren bigarren saria Enpresari programaren aurreko edizioan, XVIII.ean. Isortze Gizarteratzea ikasten ari zen Santurtziko San Jose de Calasanz ikastetxean, eta aspaldidanik zerabilen ideia buruan. Programak ideia ordenatzen, garatzen eta gauzatzen lagundu zion. “Enpresari programak bidea erakutsi digu, eta proiektuari ekitea erabakitzeko behar genuen bultzada eman digu”, adierazi du. Enpresari programari esker ideia lantzeko, merkatuan tokia aurkitzeko eta jomugako publikoa zehazteko gai izan zirela adierazi digute batak zein besteak. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaie arriskuak neurtzen ikasi izana eta burutik kendu izana ekiteko kapital ugari behar delako ideia.