Gure blog-a

Kirola Biziz: ekiteko entrenatzen

Egun batzuk joan dira DEMAk KIROLA BIZIZ jardunaldian antolatutako Ekintzailetza Sustatzeko  Foroan parte hartu zuenetik. Jardunaldiaren helburua zen Bizkaiko kirol sistemaren balioa nabarmentzea bizkaitarren garapen profesionala bideratzeko aukera gisa. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak eta Kirol Zerbitzuak antolatua egon zen urtarrilaren 26ko KIROLA BIZIZ jardunaldia, ostegun goizean Deustuko Unibertsitatean, eta arratsaldean UPV/EHUren Bizkaia Aretoan. Lurraldean enplegua eta ekintzailetza sustatzeko, baita kirolean ere, jardunaldiko “Barne Laguntzaileetako” bat izan zen Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Saila. Proiektu berri bati heltzeko asmotan al zabiltza? Foroan esandakoen berri izan nahi al duzu? Lehenengoari heltzeko gogor entrenatu beharko duzu; bigarrena lortzeko, jarrai irakurtzen!

KIROLA BIZIZ Ekintzailetza Sustatzeko Foroa streaming bidez eskaini zen, eta internautek galderak egin ahal izan zituzten. Bertan BEAZeko Javier García Barcinak, CEBEK Emprendeko Marta Martínezek eta Enplegua eta ekintzailetza sustatzeko Foru Agentzia DEMAko Pilar Carranzak parte hartu zuten. Paco Prieto kirol kazetariak bete zuen dinamizatzailearena. Foroak aukera eman zuen bertaratutako hiru erakundeen lanaren ikuspegi praktiko bat izateko, Bizkaiko ekintzailetzarekin estu lotuta baitaude hiruak. Denen xedea: ekin nahi duten pertsonak edo pertsona taldeak motibatzea eta bideratzea eta beren negozio ideiak (halakoak baldin badituzte, bestela ikusiko dugu…) beraien bizimodu bihurtzen laguntzea.


“DEMAra hurbiltzen denak ez du zertan negozio ideia bat zehaztuta etorri” azaldu zuen Pilar Carranzak. Izan ere, sarri askotan da DEMA ikasgeletara hurbiltzen dena, ikasleak sentsibilizatzen saiatuz, ekintzailetzaren nondik norakoak azalduz: “Den bezalakoa azaltzen dugu, zailtasun guztiak barne”, azaldu zuen. LHn ekintzailetza sustatzeko ENPRESARI programa dugu adibide, Pilar Carranza da programaren zuzendaria: “ideiak bilatzeak berekin batean dakarren eromen hori beharrezkoa da…asko laguntzen baitie ikasleei balizko ekintza eremuak esploratzen”.


Gainera, ideiak lantzeko tailerrak eskaintzen dira DEMAn; Foru Agentziako langile adituek eta ideia aurkezten duenak batera lan eginez aztertzen dute ideia, errealitate bihurtzeko aukerak aztertzen dituzte. “Ekintzailetza Taldeak biltzen dituen TALDEKA programak ere jokabide hori sustatzen du, hasiera batean zentzurik ez duten ideiak aintzat hartuak eta aztertuak izan daitezen”. Programa honetan parte hartzen duenaren profila oso bestelakoa da ENPRESARI programan esku hartzen duenaren aldean. Izan ere, Deustuko Unibertsitateak une honetan badu TALDEKAra biltzen diren taldeetako bat, Seniorrena; bertan 45 urtetik gorakoek parte hartzen dute, eta eskarmentu handia dute enpresa zuzendaritzan edota zuzendaritza postuetan. Bestalde, DEMAk ahaleginak egiten ditu TALDEKAko taldeetan esparru ezberdineko pertsonak biltzeko, sinergiak sortzeko aukera emango duten lagunak biltzeko, aztertutako ekimenak gerora negozio ideia bihur daitezen. ENPRESARI eta TALDEKA programetan talde lana eta gaitasunen garapena sustatzen dira, eta orientabidea eskaintzen da parte hartzaileek dauzkaten ideiak edo sor litezkeenak gauzatu ahal izateko. Bi programa horiek hastapeneko ideien fase hori biltzen dute.


Horren haritik, CEBEken ondorengo faseekin lan egiten dutela azaldu zuen Marta Martínezek, hots, dagoeneko abian diren ideiekin, ideia zehatzekin. BEAZen kasuan, berriz, bere lanaren oinarria proiektuen bideragarritasuna egiaztatzea bada ere, ahaleginak egiten dituzte proposamenak sortzeko esparruan, eta ekintzailetzaren kultura sustatzen laguntzen dute enpresa mintegietan ideia berriak bultzatuz. Hala eta guztiz ere, Javier García Barcinak argitu zuen aintzat hartzen dituzten proiektuek betiere kontuan hartzen dutela berrikuntzaren ñabardura. 


“Baina… ba al da ideiarik?”  

Bat etorri ziren 3 erakundeetako ordezkariak Paco Prietok egindako galderari erantzuteko orduan: bai, badira. Pilarrek ideia asko zeudela esan zuen, beste kontu bat dela zeintzuk gauzatzen diren gero. Gainera ideia garrantzitsu bat azpimarratu zuen, hau da, egun dugun arrakastaren ideia –eta porrotarena– ez dela erabat zuzena (berretsi egiten zuten García Barcinak eta Martínezek): “Gero enpresak itxi egiten badu ere, eskarmentuak gaitasuna ematen du” –esan zuen– “Garrantzitsua dela ikaskuntza eta enpresa askok itxi egiten dutela ez porrotaren eraginez baizik eta geroagoko beste zerbaiten abiapuntu izan direlako”. Azken buruan, gerora sendotzen diren proiektuen haziak izan ohi dira onik ateratzen ez diren negozioen hastapenak; ekintzailetzaren emaitzak ez dira arrakasta edo porrot gisa hartu behar, arrakasta edo ikaskuntza gisa baizik.


Kontu horretan ere bat etorri ziren BEAZeko eta CEBEKeko ordezkariak: lehenengoak esan zuen “hutsa nork bere gain hartzen ikasi behar dugula, eta, Pilarrek esan bezala, oso garrantzitsua dela aldez aurreko eskarmentua. Lehendik merkatuan ibilia bazara baizik ez zaizula gerora aukerarik sortuko”. CEBEKeko Martak gaineratu zuen: “enpresaburu izateak esan nahi du zure bizitzan zehar, enpresa munduan egiten duzun bidean, zeure gain hartuko dituzula arriskuak. Hori kontuan hartzekoa dela”. Ideiak ba ote diren galderari erantzuteko azaldu zuen bere erakundean bi ekintzaile profil oso sendo topatu dituztela, lehendik ere eskarmentudunak: batzuk adituak arlo jakin batzuetan, besteak adituak kudeaketan. Alegia, Bizkaian badela ekiteko lehengai ezin egokiagoa.


Ekintzailetza Sustatzeko Foroak beste aztergai batzuk izan zituen, esate baterako, erakunde bakoitzak negozio ideia bat garatu nahi dutenei eskain diezazkiekeen balizko laguntzak eta enpresa bakoitzak laguntza publikoen esparruan eskaintzen duen orientabidea. Ekiteko asmotan bazabiltza, bildu informazioa haietako bakoitzean, laguntza aurkituko duzu.


Ekitea eta kirola

Ezin foroa amai zitekeen kirolaren arloko ekintzailetza gaiari heldu gabe. DEMAko Pilar Carranzak kirolaren arloarekin zerikusia duten proiektuak aurkezten direla azaldu zuen, eta LHren esparruan hartan espezializatutako zikloak badirela gaineratu zuen. Kirolaren alorrean batik bat adineko pertsonen arretarekin zerikusia duten ideiak sortzen direla (kirol ariketak eta beste egin ditzaten), eta ez direla gutxi aisiarekin lotuak direnak. Carranzak nabarmendu egin zuen azken horien garrantzia: “Gaur egun ikastera ere joaten dira kiroldegietara, edo zerbait hartzera, negozioak sortu baitira haien inguruan. Zoragarria da familien aisialdia kiroldegien inguruan ematea, eta zentzu horretan ari dira planteatzen negozio ideiak”.