Gure blog-a

“Lan merkatua izugarri aldatu da, eta egokitu egin behar dugu”

Elkarrizketa
Gloria Mugica DEMAko zuzendari-gerenteari

2017ko martxoaren 16a
Gloria Mugicak 35 lagunek osatutako talde bat zuzendu eta koordinatzen du, DEMAn, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailarekin elkarlanean, Bizkaian enpleguaren kalitatea eta berrikuntza hobetzeko helburuaz. Politologoa eta soziologoa, interesatuta egon da beti gizarte harremanetan eta pertsonen arteko harremanetan, eta egiten duen lanak zerikusi handia du horrekin: egunez egun ahalegintzen da jendeari bere helburu profesionalak betetzeko baliabideak eskaintzen, Foru Agentziaren ekintza lerroen eta programen bitartez. Elkarrizketan azalduko digu zer lerro diren horiek eta nola landu nahi dituzten 2017an.

DEMA zuzendari

Gloria, nola azalduko zenioke jendeari zer den DEMA Enplegua eta Ekintzailetza Foru Agentzia?

DEMA, oroz gain, herritarrei eskainitako zerbitzu bat da, pertsonei laguntzen diena aukera profesionalak detektatzen, besteren konturako lanean edo autoenpleguan. Beraz, DEMAn langabetuekin lan egiten dugu, baita beren lan egoera hobetu edo enpresa bat sortu nahi dutela argi duten pertsonekin ere.

Eta laguntza pertsonalizatzen duzue, bilatzen ari direnaren arabera, jakina…

Bai, horixe! Gure zerbitzuen hartzaileak pertsona espektro zabal batean kokatzen dira, eta kontuan izanik zein den helburua, era batean edo bestean laguntzen diegu, hainbat programaren bidez: laguntza eta aholkuak beren negozio planetan, planen bideragarritasunaren analisia, tailerren bidez enplegagarritasuna hobetzea… Aukera asko eskaintzen dizkiegu.

Herritarren beharretara egokitzea… DEMA bezalako erakunde bat hogeita zortzi urtez aritu izanaren sekretua da?


“Kontuan izan behar dugu, lan merkatua ez ezik, pertsonak ere aldatu egin direla. Bi errealitate horietara egokitu behar dugu”.

Gaur egun, aldaketetara egokitzea DEMAren eta beste edozein erakunderen errealitatearen parte da, enplegu eta ekintzailetza gaietan aritu ala ez. Mundua etengabe aldatzen ari da, eraldatzen, geroz eta bizkorrago. Arlo guztietan gainera, baita lan arloan ere. Lan merkatua izugarri aldatu da, eta aldaketa horretara egokitu behar dugu. Dena dela, kontuan izan behar dugu ez dela aldatu soilik lan merkatua, baita pertsonak ere: belaunaldi berriek ez dituzte gauzak modu berean ikusten, ez dituzte balio berberak…

Bi errealitate horietara egokitzeaz mintzo gara, beraz… 

Jakina, DEMA bezalako erakundeek enplegu mundua dute ardatz, eta eginkizuntzat dute pertsonak irteera profesionaletarantz bideratzea:  beren baliabideak eguneratu behar dituzte, eta aldaketetara egokitu, berehala…. funtsezkoa da hori.  Ondorioz, DEMAren gaurko lana ez da duela 28 urte egiten zuen lan berbera; funtsean bai, baina ez moduetan eta formetan.

Zer arlotan lan egiten du Foru Agentziak?

Irteera profesionalak bilatzen laguntzen diogu jendeari, enborrezko bi arlotan, besteren konturako lana eta norberaren konturako lana, eta saiatzen gara beti programa berriak, diferenteak… sustatzen, enpleguaren errealitate berrietara egokituak, bi arlo horietan.

ANEZKA da zuen programa arrakastatsuenetako bat (% 60ko laneratzea lortu du azken edizioan, norberaren  konturako lanean eta besteren konturako lanean), nahiz eta beste ekintza lerro asko dituzuen…



Bai, lehen aipatu ditudan enborrezko bi plano horietatik abiatuta, besteren konturako lana eta autoenplegua, DEMAk hainbat ekintza lerro eskaintzen ditu: horietako bat da kultura ekintzailearen lerroa, ekintzaileari laguntzea… haien bideragarritasun planen hobekuntza eta laguntza barne. Beste lerro bat da sentsibilizazioa, difusioa… ezinbestekoa delako merkatuak eskaintzen dituen lan aukera guztiak eta horietara egokitzeko modua ezagutzea. Hori horrela, jardunaldiak, saio teknikoak, komunikazio jardunaldiak antolatzen ditugu irteera profesional baten bila dauden gazte eta helduentzat. Hirugarren lerro bat da enplegarritasuna hobetzea, eta helburu nagusitzat du besteren konturako kontratazioa. Lerro hau bereziki pentsatuta dago lan bila dauden baina nola bilatu ez dakiten pertsonentzat… prestakuntza bat duten pertsonak, baina azken bultzada bat behar dutenak lan merkatuan sartzeko. Programa berrien bidez laguntzen zaie, anezken programa adibidez: taldea koordinatzen duen pertsona baten laguntzaz, denen artean lan egiten dute enplegua aurkitzeko. Talde lanaren bide horretan ere, enplegu bilaketan batera diharduten taldeena, Taldeka-Ekintzailetza taldeak ere daude; autoenplegua dute helburu eta oso ohikoa da baterako proiektuetan amaituko diren sinergiak sortzea. Taldeka programako kide batzuk lankide bihurtzen dira programaren amaieran, eta elkarrekin sortzen dute enpresa. Gainera, ekintzailetzaren arloan, DEMAk beste bi zerbitzu garrantzitsu eskaintzen ditu: alde batetik, negozioa sortu edo martxan jartzeko emandako laguntza; bestetik, martxan dauden enpresei emandakoa, uneren batean izan dezaketen behar edo gabeziaren bat gainditzeko (negozioa zabaltzea, adibidez).

2017an, aurreikusi duzue baliabide berriren bat eranstea DEMAren programa eskaintzari?

Bai. Hain zuzen ere, enpresak martxan jarri eta sendotzeko zerbitzu hauek 2017rako gure apustuetako bi dira. Orain arte ez dugu horrelakorik eskaini, ez behintzat guk nahi genukeen indarraz.

Zergatik erabaki duzue horien alde egitea?

Jakina, ondo aztertutako erabakiak dira. Funtsezkoa da aztertzea norantz bideratu nahi ditugun gure ahaleginak, herritarren beharretara hobekien egokituko diren zerbitzuak eskaintzeko. 2016an, bi metodologia lantzen aritu gara, enpresak martxan jartzen edo sendotzen laguntzeko modurik egokiena aztertzeko. Bi metodologiok prest daude jada, eta 2017an esperientzia pilotu bat jarriko dugu martxan, horiek probatu eta aplikatu ahal izateko. Ekintzailetzaren arloan DEMAk egiten duen lanaren aldeko gure apustua da. 

Berritasunak eskainiko dituzue enpleguaren arloan ere?
Lan munduan sartzen ari diren gazteen belaunaldiei zuzenduriko Millenial programa diseinatzen ari gara. Balio desberdinak eta lana ikusteko beste modu bat duen belaunaldi bat da, eta lan egingo duten enpresekin ondo konpontzea bilatzen dute, eta enpresak ere haiekin ondo moldatzea, noski. Eta “ondo konpontzeaz” ari naizenean elkar ulertzeaz ari naiz, jakintzak partekatzeaz, transferitzeaz eta batzuek besteengandik ikasteaz. Beraz, Millenial programaren helburua, oro har, bertan parte hartzen duten gazteek enpresa eredu berriak ezagutzea da, garai berriei egokitzeko aurrera egiten duten enpresak, balio berak partekatzen dituztenak eta haiekin bat egin dezaketenak, baita haiek nola funtzionatzen duten ikustea eta elkarren artean jakintzak transferitzea ere. Aldi berean, lortu nahi dugu gazte horiek urratsa ematen ari diren edo eraldatzen eta bilakatzen ari diren beste enpresa batzuetara joatea ondoren, eta gai izatea haiei ekarpenak egiteko eta haietan ezagutu zituzten eta ondo konektatzen duten eredu enpresen funtzionamendua ezartzeko, eraldaketa prozesuan babesa eskainita.

Programa horiez gain, aurreikusi duzue bestelako jardunik aurten?


“Ekitaldi bat antolatzen dugun bakoitzean bertaratuen arteko egiazko topaketa izan dadin saiatzen gara, kooperazioa eta talde lana sustatzen, sinergiak sor daitezen”.

Noski baietz. Urtean zehar hainbat jarduera antolatzen ditugu. Duela zenbait aste ekintzailetzari buruzko bigarren jardunaldia antolatu genuen gu geu kide garen Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailarekin koordinazioan. Jardunaldi bereziak izan ziren, eta bi topaketa paralelo bildu zituzten; bata gazteen ekintzailetzari eskainitakoa, Emprendit-on foroa, eta bestea BIZIraunkortasunean zentratua; azken horren xedea negozio planaren eta bizitza planaren arteko oreka bilatzea izanik. Aberastasun handiko ekitaldiak izan ohi dira beti, zeinetan lankidetza, talde lana, sinergiak eta abar gailentzen diren. Tartean diren eragile guztien arteko egiazko topaketak izan daitezen saiatzen gara, guztiek atera diezaieten etekina. Berez, aurreko astean ekitaldi bat antolatu genuen gaur egun Bizkaian martxan diren zortzi enplegu anezkekin, eta bide batez, programa bat aurkeztu genuen bertan, Anezketako eta Taldeketako kideen eskaerei jarraikiz.

Nahierara eginiko programa bat?

Anezketan eta taldeketan parte hartu ostean sor dakizkiekeen premiak artatzeko programa bat, laguntza edo jarraipen programa bat, aspalditik eskatzen baitzuten halako zerbait. Izan ere, pertsona horien laneratze ehunekoa oso handia bada ere, ez dute guztiek berehala lortzen. Bitartean, orientazioa eskaintzen eta DEMAren eta taldearen arteko loturari eusten jarraitzen dugu, EnLANzar programaren bitartez. Ez dugu nahi haiek bakarrik sentitzerik.

Zertan datza “enplegagarritasun” kontzeptua, eta zergatik da hain garrantzitsua gaurko egunean hori hobetzea?

Enplegagarritasunaz ari garenean profesional batek lana aurkitzeko dituen aukerez ari gara; urriak badira, horiek areagotzea beharko du, eta, batik bat, bi bidetatik lor daiteke hori: lehenengoa, kualifikazioaren bidetik. Kualifikazioa hobetzeko politika aktiboak eta prestakuntza ikastaroak eskaintzen dituzten hainbat erakunde daude. Ez da DEMAren kasua. Guk enplegagarritasuna hobetzeko beste bide bat jorratzen dugu: gaitasunena.

Eta anezken bidez egiten duzue hori…

Halaxe da. Hori lantzen dute anezkek. Langabezian dauden pertsonei beharrezko tresnak ematen dizkiete lana lor dezaten, horretarako bakoitzaren gaitasunak hobetuta: enpatia, taldeko lana, barne garapenerako trebeziak, negoziaziorakoak, komertzial lanak egitekoak… eta, noski, motibazioa, azken horrek berebiziko garrantzia du. Ezinbestekoa da horiek guztiak eskuratzea lan merkaturako azken urratsa sendo emateko. Anezken programak laguntza ematen die, azken etapa horretan, behar adinako prestakuntza eta kualifikazioa izan arren, hau da, unibertsitateko edo LHko ikasketak izan edo prestakuntza ikastaroak egin arren, lan merkatuan sartzeko azken bultzada behar duten pertsonei. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMAk egunero-egunero antzematen dute langabezia hori. Zer profil mota da Foru Agentziara gehien joaten dena?


“45 urtetik gorako pertsonak lehentasunezko kolektibo bat dira eta lehenbailehen eman behar zaizkie laneko irtenbideak”.

Gazteen arazoa larria bada ere, eta askok lana behar badute ere, DEMArentzat eta Sailarentzat bada kezkagarria den beste kolektibo bat, eta harekin ere egiten dugu lan: igaro berri dugun krisiagatik edo tresnak falta dituztelako gaur egun langabezian diren 45 urtetik gorako pertsonak. Adin guztietako pertsonei eragiten dien langabeziaren arazoaren barruan, gazteek etorkizuna, itxaropenak eta nolabaiteko proiekzioa dute aurretik. Adin bat duten pertsonek esan berri ditugun gauza horietatik gutxiago dituzte, horregatik da lehentasunezko kolektibo bat Agentziarentzat, adinaren oztopoa baitute, eta horrek berehalako konponbidea eskatzen baitu. Aukera kontu bat da, eta pertsona horiek gutxiago dituzte.

Osatu esaldia: “DEMAk lagun zaitzake baldin eta…”  

Zuk zeure helburu profesionala edo helburu profesional bat lortu nahi baduzu. Zuk nahi izatea oso garrantzitsua da! DEMAra datorrenak aintzat hartu behar du agian helburu profesional batekin iritsi eta beste batekin irtengo dela… hori asko gertatzen da anezketan: zenbait pertsona lan jakin bat aurkituko duten ideiarekin etortzen dira anezkara eta, azkenean, ekintzaile izaten amaitzen dute. Gerta liteke zure helburu profesionala zure helburua bera eraikitzea izatea! DEMAK zure helburua eraikitzen lagunduko dizu, zure helburua aldatzen… azken finean, helburu profesional bat izaten.