Actualidad DEMA

Jantokietan elikagaiak banatzeko proiektu batek irabazi du Enpresari saria, lanbide-heziketan ekintzailetzaren kultura sustatzen duen saria

  • Bigarren saria irabazi du alkoholik gabeko edari bat merkaturatzeko proposamen batek, eta hirugarren saria, fatxadak eraikitzeko eta konpontzeko sistema berritzaile batek
  • Enpresari sarien hogeita batgarren edizioa izan da hau. Guztira 3.700 negozio-ideia izan dira orain arte, eta 933 proiektu ekarri dituzte. Horietako batzuk, azkenean, enpresa bilakatu dira
  • Aurten 285 negozio-ideia aurkeztu dira. Horietatik 70 aukeratu ziren hasieran eta gaur hamarrek jaso dute saria. Dena den, beste zazpi sari ere eman zaizkie bideo-aurkezpen onena egin dutenei
  • Laespada: «Ekintzailetzako ekimen bideragarri bat ere ez da atzean utziko»
Saritutako proiektuak

Bilbo, 2022ko ekainaren 14a ‘Sukaldean’ izeneko proiektuak honako hau proposatzen du: 0 kilometroko produktuen erosketa zentralizatzea, gero (garbi, zurituta, zatituta eta ontziratuta) banatzeko ikastetxeetako, egoitzetako eta hoteletako jantokietan; horrela, denbora aurreztuko da eta janaria ez da alferrik galduko. Proiektuari lehen saria eman zaio Enpresari Lehiaketan, Bizkaiko lanbide-heziketan ekintzailetzaren kultura sustatzen duen lehiaketan.

Leioako Ostalaritza Eskolako lau ikaslek diseinatu dute proiektua (Galder Novo Azurmendi, Manuel Escudero Noguera, Mitxel de Sousa Alejo eta Unai Durán Rico).

Bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte, hurrenez hurren, ‘Koof Kombucha’ proiektuak (CPES Lea Artibai BHIPeko ikasleen proposamen bat, izen hori duen alkoholik gabeko edaria egiteko eta merkaturatzeko) eta ‘Envolvexa’ proiektuak (fatxaden eraikuntzan eta konponketan berritzeko ideia, plaka zeramikoen eta aire-kameren sistema erabiliz).

Lehen saria 1.500 eurokoa da, bigarrena 1.200 eurokoa eta hirugarrena 1.000 eurokoa. Gainerako sariak (guztira hamar sari izan baitira) 500 eurokoak izan dira. Bideo onenak aurkeztu dituztenei iPad tablet bana oparitu zaie.

Enpresari lehiaketa izen bereko programaren barruan sartzen da. DEMA – Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak (Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari dago lotua) eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu dute. Gaur arratsaldean sariak jaso dituzten ideia eta proiektuen lehiaketaz gain, Enpresari programak enpresa-ekintzailetzako tailerrak ere izaten ditu, gure lurraldeko lanbide-heziketako ikastetxe ugaritan.

Edizio honetan aukeratu diren 70 proiektuak sustatzaile ziren ikasleek garatu ahal izan dituzte, irakasleekin batera eta DEMA Agentziaren aholkularitzarekin. Programaren bidez, izan ere, enpresa-proiektuak egin nahi dira, sustatzaileek hala nahi izanez gero errealitate bihur daitezkeenak, aipatutako agentziaren eta Foru Sailaren laguntzarekin. Programa honen historian behin baino gehiagotan egin da horrela.

Sariak banatzeko ekitaldian Ana Urrutia izan da aurkezlea, eta han izan dira Lanbideko zuzendaria Gloria Múgica eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru diputatua Teresa Laespada. 

Laespadaren esanetan, Sailak lehiaketan parte hartu duten ekimen ekintzaileen antzekoak lagundu nahi ditu. Zera azpimarratu du: «ezin dugu utzi ekintzailetzako ekimen bideragarri bat ere atzean». 

«Hemen gaude zuei laguntzeko, DEMA hemen dago laguntzeko. Baina hauek ez dira hitzak soilik. Adibidez, iaz, pandemiak eta COVIDak egoera zaildu eta beldurra eragin zuten arren –horiek hor egongo dira beti, nolabait–, laguntza eman genien 1.171 ekimen ekintzaile berriri eta 1.171 enpresa berriri. Aholkularitza, prestakuntza eta finantzaketa eman genizkien. Ekimen horien bidez 1.200 pertsona baino gehiagori emango zaie lana. Gazte askori (% 24). Gehienak emakumeak, gainera (% 52). Jarduera-sektore desberdinetan: modaren diseinuan, arotzeria metalikoan eta beste batzuetan».

Saritutako proiektuak

LHko kultura ekintzailearen Enpresari Programak proiektuen errekorrarekin ekin dio edizio berri bati

Hogeita batgarren ediziora 31 prestakuntza-zentro, 800 ikasle baino gehiago eta 285 negozio-ideia aurkeztu dira.

Programa honen 20. urteurreneko ekitaldiak Euskalduna Jauregian itxi dira ikasgeletako enpresa-ekintzailetzarako funtsezko laguntzaileak diren Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasle eta zuzendaritzei memoria bat emanez.

Laespada: “LHn egon dagoen bultzada ekintzailea behar dugu”.

2021-2022 ikasturte honetarako Enpresari Programaren Proiektuen Lehiaketaren XXI. edizioa ostiral honetan, abenduaren 3an, hasi da Bilboko Euskalduna Jauregian. Edizio honetan Bizkaiko 30 ikastetxek eta 801 ikaslek parte hartzen dute.

Lehiaketaren edizio berrian, 2021-2022 ikasturterako, programa honen historiako marka guztiak hautsi dira. XXI. edizioan 31 prestakuntza-zentrok parte hartu dute eta 285 ideia aurkeztu dira, 800 ikasle baino gehiagok defendatuta. Horietatik guztietatik 70 aukeratu dira, proiektu horietan parte hartzen duten 192 ikasleek garatuko dituztenak.

Ostiral honetako ekitaldian ikasle horiek guztiek espazioa eta esperientziak partekatu dituzte ikasturtean zehar proiektuan lagunduko dieten 55 irakasleekin. Azkenik, Enpresari Programaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldiak ixteko, memoria bana eman zaie ikastetxeetako irakasleei eta zuzendariei, hau da, Bizkaiko lurraldeko ikasgeletan enpresa-ekintzailetza sustatzeko funtsezko erakunde laguntzaileei.

DEMAk, Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak, egiaztatu duenez, XXI. edizio honetan ikasleek gero eta sentsibilitate handiagoa erakutsi dute kontsumo iraunkorragoa lortzeko, osagaiak eta produktuak berrerabiltzeko eta garraioak minimizatzeko eta gutxiago kutsatzeko. Azken batean, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin dute, giza jarduerak Planetan duen eragin negatiboa murrizteko.

Programaren helburu nagusia Bizkaiko Lanbide Heziketako zikloetako ikasleei enpresa bat sortzeko aukera hurbiltzea da, hain zuzen ere ikasle horien laneratzeko alternatiba baliagarria izango dena. Gainera, programa honek gazteen eta irakasleen artean enpresa-kultura zabaldu nahi du eta, aldi berean, Bizkaiko lurraldeko enpresa-sarea handitu eta indartu nahi du.

DEMAK Euskalduna Jauregiko auditoriumean antolatu du ekitaldi berezi hau, urte honetan zehar ospatu den Enpresari Programaren 20. urteurrenean egin diren ekintzen zikloa ixteko.

Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko  diputatua, eta Mariví Riol, DEMAko zuzendari-kudeatzailea, izan dira ekitaldiko buruak, eta ekitaldiaren aurkezlea Adela Ucar kazetaria izan da. Gainera Alex O`Dogherty umorista, aktore eta musikariaren emanaldia izan du. Gloria Múgica, Lanbideko zuzendari gerentea, ere bertan izan da, Enpresari programa finantzatzen duen erakundea.

Bere esku-hartzean Laespadak nabarmendu du “Lanbide Heziketaren bultzada ekintzailea behar dugula”, “aberastasuna, enpresa-sarea eta enplegua sortzen dituelako, eta oso gauza ederraren sortzaile direlako, komunitate osoaren ongizatea, esaterako”.

“Ekartzen diguzuen bultzada, gogoa, sormena, talentua behar ditugu. Ez etsi zuen ahaleginean. Imajinatu zer egiteko gai zareten. Imajinatu zer egin dezakezuen. Zuen proiektu ekintzaileetan, txinpartak egon daitezke, garatu dezakezuen guztiaren gar txikiak”, gaineratu du.

48.000 ikasle baino gehiago 20 urtean

Enpresari Programak 20 urte daramatza Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean kultura ekintzailea sustatzen eta ikastetxeen arteko lankidetza bultzatzen. DEMA, Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziako teknikarien laguntzarekin eta Enplegua Sustatzeko  Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, lurraldeko LHko hogeita hamar bat zentrok onartu dute ekintzailetza sustatzeko programa hori.

20 urte hauetan Enpresari Programaren balantzeak erakusten duenez, LHko ikastetxe horietako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta guztira 900 enpresa-proiektu garatu dira. Bi hamarkada hauetan 48.500 ikasle inguru inplikatu dira 2001. urteaz geroztik.

Enpresari Programaren azken helburua ez da hainbeste enpresak sortzea, baizik eta biharko egunean Bizkaiko enpresaburu bihur daitezkeen ikasleen artean autoenpleguaren eta enpresa-ekintzailetzaren kultura zabaltzea. Gainera, ikastetxeen, DEMAren eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko  Foru Sailaren arteko lankidetza sustatu nahi da eta, ikuspegi praktiko baten bidez, gazteen artean enpresa-ideiak eta -proiektuak bultzatu.

Bidaia-agentzia alternatiboa den proiektu batek irabazi du LHn ekintzailetza-kultura sustatzeko Enpresari 2020-2021 lehiaketa

Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak eta Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak banatu dituzte Enpresari Sarien hogeigarren edizioko sariak.

2020-2021 edizioko Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko Enpresari Programan aurkeztutako ideien eta proiektuen lehiaketako Lehen Saria jatorriz Marokoarra den Aziz Oulahbib gazteak irabazi du. Bere proposamenaren helburua ‘Oaziz’ sortzea da, zirkuitu turistikoenak alde batera utzita “Benetako Maroko” ezagutzeko ibilbide alternatiboetan espezializatutako bidaia agentzia. Oulahbib Dolores Sopeña Lanbide Heziketako Zentroko ikaslea da  eta 1.500 euro jasoko ditu sariagatik.

Bideoen modalitatean -parte hartzen duten ideia enpresarialak ikus-entzunezko hizkuntzan erakusten dituztenak- sei lan saritu dira; horietako bat San Luis Zentroko Ibone Monge Serranok asmatutako “Gure Tabadul” migratzaileen laguntza-zentroaren proiektuari egokitu zaio.

2020-2021 edizio honetako sariak asteazken honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den galan banatu dira, aldi berean programa honen 20 urteko bizitza ere ospatuz. Enpresari Programak bi hamarkada daramatza Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean enpresa-kultura ekintzailea sustatzen. DEMA- Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak zuzentzen du eta Enplegua Sustatzeko Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza du.

Programa honen balantzearen arabera Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta 863 enpresa-proiektu aurkeztu dira. Guztira 48.500 ikasle inguruk parte hartu dute 2001. urteaz geroztik.

Ana Urrutia kazetariak aurkeztu duen ekitaldian, Idoia Mendia,  lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua, eta Teresa Laespada,  Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, egon dira. Sari banaketaz gain, ekitaldian zehar Enpresari Programaren 20 urteak gogoratzeko bideoa erakutsi da eta Euskaldunako aretoa bete duen jendeak Maitane Sarralde dantza bertikaleko dantzariaren, Maite Guevara clownaren eta Aukeran dantza konpainiaren emanaldiez gozatzeko aukera izan du.

“Proiektuak eta ilusioa dituzten gazteak”

Enpresari Programaren XX. urteurrena ospatzeko egin dituzten esku-hartzeetan bi erakundeetako arduradunek gazteen artean ekintzailetza sustatzeko defentsa sutsua egin dute.

Laespada diputatuak programa honen hogeigarren urteurrena azpimarratu du. “Hazten eta sendotzen jarraitzen dugu, ikusgarritasunean, parte-hartzean, bizitasunean, ekintzailetzaren erreferente gisa”, gaineratu du.

Halaber, azpimarratu duenez, ekintzailetza “DEMA Agentziaren DNAn dago duela 31 urte sortu zenetik”, 3.000 enpresa baino gehiagoren sorrera babestuz.

Bere aldetik, lehendakariordeak parte hartzaile guztiak zoriondu ditu eta Gobernuaren berariazko aitortza helarazi die, “Herrialde moduan daukagun oraina eta, batez ere, etorkizuna erakusten duzuelako”. “Hilabete oso gogorrak igaro ditugula eta oraindik ere zuhurtasun handia eskatzen duten garaietan gaudela”, gogoratu ondoren, Idoia Mendiak baieztatu du  “ateratzeko gizarte-oinarri sendoa dugula. Gobernu guztien eta eragile sozialen konpromisoa dugu, eta proiektuak dituzten eta aurrera egiteko ilusioa duten gazteak ditugu”. “Gizartea eta ekonomia berreraikitzeko bidean gaude”.

2020-2021 Enpresari Sarien edizio honetan, programa honen XX. urteurrena ere badena, 216 enpresa-ideia aurkeztu dira guztira. Ideia horietatik 70 aukeratu ziren. Lau hilabetez DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako aholkularien laguntzarekin ikasle parte-hartzaileak –20 eta 28 urte bitarteko gazteak, gero eta adin handiagoko pertsona gehiago dauden arren– ikasgeletan foru agentziako aholkulariekin egindako bileretan hasierako ideia horiek onduz joan dira, enpresa-proiektuei forma eman arte. Ikasle horietako asko asteazken honetan Euskalduna Jauregira joan dira azkenean DEMAk aintzatetsi dituen ideiak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.

2020-2021 edizioko gainerako Enpresari Sariak honako hauek dira:

  • Bigarren Saria (1.200 euro) Alba Rodriguez Salvadorren ‘Fertinfo’ proiektuarentzat; Bilboko Elorrieta Erreka Mari Zentroa.
  • Hirugarren saria (1.000 euro) Silvia Agrafojo Fernéndezen ‘Baratzetik’ proiektuarentzat;  Elorrieta Erreka Mari Zentroa.
  • Laugarren saria (500 euro) Begoña Echabe, Carol Morunas, Emma Esteras, José Larrondo, Mikel García eta Nicolás Tamayoren ‘IzAz3D’ proiektuarentzat; Bilboko Emilio Campuzano Zentroa.
  • Bosgarren saria (500 euro) Ander San José Velascoren ‘AyalaCamperVans’ proiektuarentzat; Basauriko Bidebieta Zentroa.
  • Seigarren saria (500 euro) Beatriz Amenedo, Borja Maleta eta Yanilke María Villacísen ‘Bubble Babies B.B.‘ proiektuarentzat; Sopuertako San Viator Zentroa.
  • Zazpigarren saria (500 euro) Julieth Brito eta Nerea Alonsoren ‘Parafarmacia Dietética, Estética, Bihotza’ proiektuarentzat; Leioako Jose Miguel Barandiaran Zentroa.
  • Zortzigarren saria (500 euro) Ainhoa García, Angie Mikaela Valladarez, Josu Ozalla eta María Barberren ‘Proyectos Ecológicos sin Plástico’ proiektuarentzat; Bilboko Zabalburu Ikastetxea.
  • Bederatzigarren Saria (500 euro) Joana García Belarren ‘Oposikasi Akademia’ proiektuarentzat; Markinako Lea Artibai Zentroa.
  • Hamargarren saria (500 euro) Ander Calvo, Andrea Blanco, María Aurkene Obregón, Nadir Cogollo eta Oier Castañoren ‘Gozogintza’ proiektuarentzat; Santurtziko San José de Calasanz Zentroa.

Bideorik onenen sariak

Aipatu dugun Gure Tabadul horretaz gain;

  • Enaitz Anta Fernándezen ‘4 Art’ proiektuarentzat; Bilboko Emilio Campuzano Zentroa.
  • Aser Ebro Rodríguezen ‘Speedas’ proiektuarentzat; Barakaldoko Nicolás Larburu Zentroa.
  • Marlene López Espinozaren “Ganatxe” proiektuarentzat; Galdakaoko Ostalaritza-Zentroa.
  • Hugo Díez Virizuelaren ‘Diversity Dance School’ proiektuarentzat; Getxoko Fadura Zentroa.
  • Leire Goitia, Maider Seijido eta Maitane Jaioren ‘Naturart’ proiektuarentzat; Gernikako Institutua.

premio Enpresari 20

Enpresari 20 urte

Enpresari Programak 20 urte bete ditu Lanbide Heziketako ikasleen artean enpresa-ekintzailetzaren kultura bultzatzen.

DEMA Foru Agentziaren programa honen balantzearen arabera, Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta 863 enpresa-proiektu aurkeztu dira. Guztira, 48.500 ikasle inguruk parte hartu dute 2001. urteaz geroztik.
Teresa Laespada: “Enpresari-rekin gure gazteak ausartzera, ahalegintzera eta elkarlanaren, berdintasunaren edo iraunkortasunaren moduko balioak sustatzera animatu nahi ditugu”.

Enpresari Programak 20 urte daramatza Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzen. DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako teknikarien laguntzarekin eta Enplegua Sustatzeko Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, lurraldeko LHko hogeita hamar zentrok aintzatespen zabala eman diote ekintzailetza eta autoenplegua sustatzeko programa honi.

Programa hau baliagarria dela Enpresarik enpresa-kultura ekintzailea sustatzeko bi hamarkada hauetan izan dituen emaitzetan egiaztatu da. Guztira, 2001az geroztik – Programaren hasiera-data – 1.821 tailer egin dira, eta LHko zikloetako 37.397 ikaslek parte hartu dute.
Gainera, 20 urte hauetan, 3.438 ideia sortu dira LHko ikasgela horietan, eta 8.790 ikasle arduradunek hartu dute parte. Eta, azkenik, DEMAko teknikarien laguntzarekin aurkeztu eta ondutako ideia guzti horietatik 863 proiektu argitaratu dira, benetako errealitateari itsatsita daudenak, eta horietan 2.310 ikaslek parte hartu dute.
Azken batean bi hamarkada hauetan Enpresari Programak 48.500 ikasle inguru mobilizatu ditu bere tailerretan, ideiak prestatzen eta proiektuak aurkezten.

DEMA Foru Agentziako teknikariak dira, ikastetxeetako tutoreen, irakasleen eta zuzendarien laguntzarekin, tailer horietan guztietan ikasleen ideiak garatu ahal izatea ahalbidetu dutenak, ideia, proiektu eta, kasu batzuetan, enpresa-errealitate bihurtu arte.
Enpresari-ren azken helburua ez da horrenbeste enpresak sortzea, baizik eta autoenpleguaren eta enpresa-ekintzailetzaren kultura zabaltzea ikasleen artean; izan ere, jakin dakigu gaurko ikasle horiek biharko enpresaburu izan daitezkeela Bizkaian.

Ildo horretatik, historian zehar hainbat enpresa-esperientzia izan dira, paperetik errealitatera igaro direnak: foru programa honen babesean irekitako negozioen artean enpresa asko daude, batzuk oso finkatuta daudenak, 20 urte baino gehiagorekin, Emilio Campuzano ikastetxeko Diluz kasu; Auspola, Peñascal Fundazioko arotzeria metalikoa; Durangoko DDS Informática; Tartangako Megasound edo Irekisoft; Sampler, Zabalburu Ikastetxekoa; Hárika, Errepelegakoa; Felicitarte, Emilio Campuzano ikastetxekoa, etab.

“Enpresari ez da soilik kultura ekintzailea sustatzeko programa bat; ez da soilik DEMA, Lanbide edo Enplegua Sustatzeko Foru Saila bezala kalitatezko enplegua sortzeko konpromisoa duten erakundeak inplikatzen dituen programa bat. Mugiarazten gaituena ez da ideiarik onena aurkitzea, ezta enpresa-proiekturik onena sortzea ere. Enpresari-rekin gure gazteak ausartzera, ahalegintzera eta elkarlanaren, berdintasunaren edo iraunkortasunaren moduko balioak sustatzera animatu nahi ditugu” azpimarratu du Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak.

Enpresa-Ideia eta -Proiektuen Lehiaketaren 20. edizioko sariak emateko DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ekitaldi berezia antolatuko du ekainaren 23an Bilboko Euskalduna Jauregian enpresa-kultura ekintzailea sustatuz bete diren bi hamarkada horiek ospatzeko.

Gaur egungo 2020-2021 deialdian, pandemiak zailtasunak eragin baditu ere, 122 tailer egin dira (1.908 parte-hartzailerekin), 216 ideia aurkeztu dira (563 parte-hartzailerekin) eta 70 proiektu egin dira (184 parte-hartzailerekin).

DEMA Foru Agentziak, inplikatutako irakasleekin eta zentroekin batera, kontuan hartuta edukierak murriztu egin direla ahalegin handia egin du saioen kopurua handitzeko. “Covid-19aren ondorioz zailtasun eta eragozpen gehiago egon arren, guztion artean programa aurrera atera dugu LHko gazteen artean enpresa-ekintzailetzaren kultura bultzatzeko”, onartu du Marivi Riolek, DEMAko zuzendari-kudeatzaileak.

 

Taller de maduración en San Viator

Turistei Euskadiren berri emateko “webapp” batek ENPRESARI lehiaketa irabazi du

DEMAk eta Enplegu Sailak 2019-20 enpresa-proiektuen lehiaketako sariak eman dituzte

 

Joan den asteazkenean, Rebeca López Llarenak XIX. Enpresari Programaren lehen saria jaso zuen Bilboko Azkuna Zentroko Auditorioan. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak DEMA agentziaren bidez sustatutako programa honetako lehen saria Galdakaoko Andra Mari LH Zentrora joango da Kaixo Euskadi”-ri esker, euskal kulturari buruzko informazioa aurkitu edo Erkidegoaren barruan hainbat jarduera bilatu nahi dituzten turistei zuzendutako webapp bat. Aplikazioak ibilbideen, tailerren, ekitaldien agendaren, tokiko merkataritzaren edo artisautzaren berri ematen du. 

(gehiago…)

Dena prest ENPRESARI programako enpresa-ideia eta -proiektuen lehiaketaren sari-banaketarako

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatzen duen DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bidez, Bizkaiko Lanbide Heziketako finalisten ahalegina eta asmamena sarituko duen En-presari programaren ideia eta enpresa-proiektuen lehiaketako 19. sari-banaketa antolatu du asteazken honetanirailaren 9an, 19:00etan, Bilboko Azkuna Zentroko auditorioan. 

(gehiago…)

Lanbide Heziketako gazte ekintzaileek DEMAren aitortza jasoko dute 2018-2019 Enpresari sarien banaketa ekitaldian

● Lehiaketaren XVIII. edizioaren helburua da LHko milaka ikasleren sormena eta ekintzailetza indartzea.
● Enpresari programa liderra da bere alorrean Bizkaiko Lanbide Heziketara bideratutako programen artean.

Bilbo, 2019ko maiatzaren 27a. Bizkaiko Foru Aldundiako Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta haren DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak 2018-2019 Enpresari sarien banaketa ekitaldia egingo dute maiatzaren 30ean. Izen bereko programaren ideia eta proiektu enpresarialen lehiaketaren XVIII. edizioa da, programaren helburua izanik enpresa-ekintzailetza kultura sustatzea Bizkaiko Lanbide Heziketako zikloetako irakasle eta ikasleen artean. Lehiaketaren hemezortzi edizioetan, 3.000 negozio ideia baino gehiago aurkeztu eta 700 proiektu baino gehiago landu dira. Oraingoan, ekitaldiak kutsu berezi bat izango du. Izan ere, 2018-2019 deialdiaren amaiera ezartzeaz gainera, DEMAren eta Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko elkarlanaren hogeita hamar urteak ospatuko dira.

(gehiago…)

Berrogeita hamar ideiatik gora ‘Enpresari’ DEMA agentziaren LHko ekintzailetza-programaren azken faserako

  • urtetik hona, 700 enpresa-proiektuk baino gehiagok hartu dute parte programa honetan
  • DEMA agentziak egiten du ‘Enpresari’ programa, lanbide heziketako zentroekin batera.

DEMA Enpresa Garapenerako Agentziak enpresa-ekintzailetzari buruzko 55 ideia aukeratu ditu ‘Enpresari’ programaren azken fasean parte hartzeko; Bizkaiko lanbide heziketako ikasleek aurkeztu dituzte proiektuok.

(gehiago…)

2017-2018ko XVII. Enpresari Sariak

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (DEMA) Bizkaiko Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleen artean ekintzailetza eta enpresaritza kultura sustatzeko helburuarekin egiten duten Enpresari programaren amaieran Enpresari sariak banatzen dira urtero.

(gehiago…)

DEMAk negozio ideiei buruzko bideo lehiaketa bat antolatu du, ENPRESARI programaren baitan

Bilbo, 2017ko otsailaren 23a

• Izena emateko epea martxoaren 30era arte izango da zabalik Bizkaiko Lanbide Heziketako zentroetako ikasleentzat
• Lehiaketaren xedea da sormena sustatzea gazteen ekintzailetzaren arloan

Lanbide Heziketako ekintzailetzako ENPRESARI programa da DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak urteko antolatzen eta kudeatzen duen klasikoetako bat. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren laguntzarekin antolatzen da. Enpresa proiektuen lehiaketa bat da, Lanbide Heziketako Bizkaiko ikasleentzat. Zer duen helburu? Bizkaiko gazteen artean kultura ekintzailea-enpresa kultura sustatzea; erakustea enpresen sorkuntza enplegua lortzeko baliozko aukera dela.

Azaroan ezagutu genituen aukeratutako 50 ideiak (ENPRESARI 2016-2017 deialdian aurkeztu ziren 200 baino gehiagoren artetik). Ideia horiek ikasle eta prestakuntza zentroetarako negozio proiektuak dira jada, eta datorren martxoaren 10era arte garatuko dituzte (programako lan fasearen baitan), DEMAko tutoreen aholkularitzarekin. Maiatzean ezagutuko ditugu 10 sarituak. Konpentsazio ekonomikoa jasoko dute, sarituen sailkapenean duten kokapenaren arabera. Zenbateko horrekin, batik bat, ahalegina eta espiritu ekintzailea saritu nahi dira, baina baita enpresa martxan jarri nahi dutenak ere, haien enpresa proiektuak errealitate bihurtzen laguntzearren.

Negozio ideiei buruzko bideo lehiaketa

Programa honen baitan, baina 50 ideia horietatik aparte, Foru Agentziak Lanbide Heziketako zikloetako ikasleak deitu ditu soilik negozio ideiei buruzko bideo lehiaketa batera, ekintzailetzaren arloan sormena sustatzeko asmoz. Bideoek (gehienez ere 3 minutukoak) enpresa ideia bakoitzean funtsezkoa dena adierazi beharko dute, eta parte hartzaileek beren ideia irudikatzeko egokientzat jotako modu (bideo)grafikoan aurkeztu ahal izango dira.

Nik parte hartu nahi dut! Nola emango dut izena?

Zuk, zure ikaskideek, zure ikasgelak… negozio ideiei buruzko lehiaketan parte hartu nahi baduzue eta talde irabazleko kide bakoitzak tablet bat jasotzeko aukera izan (gehienez ere lau tablet taldeko) kategoria hauetako bakoitzean: Bideo bozkatuena eta Bideorik onena DEMAren iritziz; hau egin behar duzue

1) Ideia bideo batean grabatu.
2) Bideoa YouTube edo Vimeo plataformara igo.
3) DEMAren web orrian izena eman, prozedura honen bitartez: bit.ly/2l7KilQ
4) Izena emateko inprimakiaren amaieran, zuen bideoaren YouTube edo Vimeo plataformako lotura erantsi.

Bizkaiko Lanbide Heziketako zentroetako irakasle eta ikasleak animatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera; izan ere, sariaz haratago, ekimenaren xedea da kultura ekintzailea eta sormena sustatzea gazteen artean. Gure ustez, honelako ekimenak beti aukera ona dira gazteak gai izateko “barnetik” antzemateko ekintzailetza, autoenplegua, etorkizuneko aukera erreal eta bideragarria izan daitekeela.

Bideoak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 30ean amaituko da. Lanak DEMAren web orrian argitaratuko dira 2017ko apirilaren 3an. Bideo bozkatuena kategoriarako bideo irabazleak 2017 apirilaren 4tik 6ra bozkatu ahal izango dira.

Ikusi lehiaketaren oinarriak.

Berrietan bilatu

Archivos