Actualidad DEMA

Lau enplegu-anezka berrik lagunduko diete 80 pertsonari beren helburua lortzen: lanpostu bat eskuratzea

Deialdi honekin, 27 izango dira Bizkaian abiarazitako enplegu-anezkak; haietan parte hartzen dutenen pertsonen artean, hamarretik seik lortzen dute lan-merkatura sartzea.

enplegu bizkaia anezka

 

Izena emateko epea urriaren 21an amaituko da

 

Bizkaiko Foru Aldundiak, DEMA Enpresa Garapenerako Agentziaren bitartez, urriaren 21eko epea ireki du lau enplegu-anezka berrietan izena emateko; hala, haietan parte hartuko duten 80 pertsonek laguntza izango dute beren helburua lortzeko: lanpostu bat eskuratzea.

Izena eman nahi dutenek langabetuak izan behar dute —edo enplegua hobetzeko prozesuetan egon—; Lanbiden erregistraturik egon behar dute, eta Bizkaian erroldatuta egon. Programa honi buruzko informazio gehiago lortzeko eta aurreinskripzioa egiteko, DEMA agentziarekin jarri behar da harremanetan (bit.ly/AnezkaOCT2019eus helbidean edo 944 189 055 telefono-zenbakian).

Deialdi hau eginda, guztira 27 izango dira gure lurraldean abiarazitako enplegu-anezkak, aukera ematen dutenak hamar parte-hartzailetik sei lan-merkatura sar daitezen. Beraz, lau enplegu-anezka hauek amaitzen direnean, 330 enplegutik gora sortzera helduko da.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak gogora ekarri du “langabezia-tasaren atzean benetako dramak daudela: ahaztutako pertsonak, lan-merkatutik kanporatutakoak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabezian daudenak, emakumeak eta asko saiatu arren aldi baterako enpleguak, gaizki ordainduak eta prekarioak lortzen dituzten gazteak”.

“2016an, Bilbon lehen anezka abian jarri genuen 14 emakume eta 7 gizonekin —ondo gogoratzen dut—, eta ziur geunden tresna baliagarriak izango zirela lana lortzeko, pertsonak ahalduntzeko”, gaineratu du.

Lau enplegu-anezka berri hauek Bilbon, Ezkerraldean, Eskuinaldean eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdean kokatuko dira, baina hori ez da oztopo izango Bizkaiko beste leku batzuetako jendeak parte hartzeko aukera izan dezan.

Enplegu-anezka bakoitzean hogei bat partaide arituko da; lau hilabetetan zuzeneko interakzioa egongo da eta beste bitan jarraipena egingo da; beraz, datorren urteko apirilean izango da amaiera.

Hauek izango dira egingo diren jarduera nagusiak:

  • Taldeko saioetan lan egingo da proiektuen, prestakuntza pilulen, talde-dinamiken eta talde-lanaren bidez.
  • Aukera egongo da koordinatzailearekin saio pertsonalizatuak egiteko.
  • Zuzeneko harremanak izango dira enpresa eta tailerretako giza baliabideen arduradunekin.
  • Foro, topaketa eta ekitaldiak antolatuko dira eta haietan hartuko da parte.
  • Enpresa ekintzailetzari buruzko lantegiak egingo dira.
  • Ekintza-ildo guztietan errefortzua eskaintzen duen boluntariotza korporatiboari lagunduko zaio.

Enplegu-anezkak bere metodologia du enplegu-bilaketan: langabetuz osatutako talde heterogeneo bat eratzen du; langabetu horiek espiritu dinamiko, konprometitu eta solidarioa dute, eta beren borondatez eta kontraprestaziorik gabe sartzen dira ekimen honetan. Arduradun baten koordinaziopean, beren gaitasunak indartuko dituzte, ezagutza kolektiboa sortuko dute, ikusgai bihurtuko dira eta elkarrekin lan egingo dute helburu komun bat lortzearren: enplegua eskuratzea, beren kontura edo inoren kontura.