Actualidad DEMA

“Autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren programak 3102 ekintzaileri lagundu dio 2010etik”.

2010ean eta 2011n autoenplegua hautatu zuten eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren programako laguntzak eskatu zituzten hamar lagunetatik ia-ia zortzik aurtengo hirugarren hiruhilekoan euren lanpostuari eutsi diote. Erakundeak bildu duen informaziotik ondorioztatzen denez, denbora-tarte horretan programa horren bitartez lagundu diren proiektuen iraupen-tasa % 73koa izan da. Beraz, 1.089 lanpostu inguru mantendu dira..

Iraupen-tasa hori arrakastatzat jo daiteke, batez ere gaur egungo krisi ekonomikoan. Gainera, lan-merkatuan sartu nahi diren pertsona guztientzat autoenplegua aukera ona dela agertzen du.

Horregatik, Aldundiak, azken urteotan, beren kontura lan egitea erabakitzen dutenentzako laguntza apurka areagotu egin du. Gero eta enpresa gehiagori lagundu die, eta gainera, lan-merkatuan sartzeko bide hori aukeratzen duten pertsonen kopuruak ere gora egin du. Foru Erakundeak orain arte egin duen ahalegin osagarria, emandako laguntzen kopuruaren gorakadan ageri da: 2010ean, 2011n eta 2012an 1.962 izan dira. Baina horrez gain, eskari hori artatzeko aurrekontuan apurka gertatu den igoeran ere ageri da. Autoenplegurako laguntzetan erabiltzen den kopuruaren igoerarik nabarmenena, aurten bertan gertatu da. Urtarrilean, diru-laguntza hauetarako aurrekontua 5,2 milioi izan zen, baina laguntzak eskuratzeko aurkeztutako proiektuen kopurua handia izan zenez, iragan hilean partida hori 6,8 milioi eurora arte igo zen.

Azken kopuru horrekin, 1.140 laguntza emango direla espero da. Horrela, 1.500 lanpostu inguru sortzen lagunduko litzateke. Aurreikuspen horrekin, programaren iazko emaitzak gainditu dira. Orduan, autoenpleguko 814 proiektuk jaso zituzten laguntzak, eta 1.069 lanpostu sortu ziren. Hau da,% 40ko gorakada egongo da.

Autoenplegua hautatzen duten pertsonen ezaugarriak

Bizkaiko Foru Aldundiaren datuek euren negozioa abian jartzea erabakitzen duten pertsonen ezaugarriei buruzko informazioa ere ematen dute. Ikasketa-mailari dagokionez, pertsona gehienek (% 48,4) unibertsitateko titulazioa daukate, eta haien atzetik doaz Lanbide Heziketa egin dutenak (% 21,8). Eta autoenplegua aukeratzen dutenen adinari erreparatzen badiogu, pertsona gehienak (% 35,3) 36 eta 45 urte bitartekoak dira; haien atze-atzetik doaz 26 eta 35 urte bitartekoak (% 31,7). Sexuen arabera, esan daiteke gizonak eta emakumeak antzera direla ekintzaile.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren programako laguntzak jaso zituzten hamar lagunetatik zazpik diotenez, lan-merkatura sartzeko aukera nagusia autoenplegua izan zen. Eta euren negozio propioan lan egiten hastea erabakitzen dutenen artean gehienak gazteak dira.

Pertsona horiek sortzen duten enpresa motari dagokionez, batik bat pertsona bakarreko enpresak dira (% 67,9), baina nabarmenak dira, halaber, sortzen diren kooperatiben eta Sozietate Mugatuen kopuruak (% 4 eta % 15,1, hurrenez hurren).

http://www.deia.com/2013/11/04/economia/el-73-de-los-proyectos-de-autoempleo-del-programa-de-apoyo-de-la-diputacion-se-mantienen-activos

Berrietan bilatu