Actualidad DEMA

Aldundiak ETEei zein autonomoei krediturako aukera hobetzea hitzartu du bizkaiko finantza-erakunde nagusiekin

 

Finantza-babeserako “AFA eta AFIPYME 2013” planeko laguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da.

Foru erakundeak 3.475.000 euroko diru-laguntzak emango ditu, lankidetza-hitzarmenari atxikitako finantza-erakundeekin sinatutako maileguen korrituetarako.

.

Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak gaur goizean lankidetza-hitzarmena sinatu du Lurralde Historikoko hamahiru finantza-erakunderekin, jarduera ekonomikoaren iraupena eta enpresen nahiz autonomoen lehiakortasunaren hobekuntza errazteko. Foru erakundeak diru-laguntza agindu du inbertsioen finantzaketarako eragiketen korrituak ordaintzeko, edo, saltoki txikien kasuan, zirkulatzailea finantzatzeko kreditu-eragiketen korrituetarako.

Ahaldun nagusia buru zela, akordioa sinatzeko ekitaldia egin da harrera-aretoan, eta hainbat finantza-erakunderen ordezkariak bertaratu dira (Kutxabank, BBVA, Banco Santander, Banco Sabadell, Euskadiko Kutxa – Ipar Kutxa, CaixaBank, Bankinter, Banco Popular, Targobank, Deutsche Bank, Bankoa, Ibercaja eta Nafarroako Rural Kutxa).

Bere hitzaldian Jose Luis Bilbaok eskertu egin du finantza-erakundeen ordezkariak ekitaldian izatea, eta hau esan die: “Denok batzen gaituen helburua da Bizkaiko ekonomia suspertzea”.

“Gai izan behar dugu gure enpresek aberastasuna sortzeko behar dituzten tresnak aurkitzeko, eta badakit ez gabiltzala bakarrik bide horretan”, adierazi du azkenik Jose Luis Bilbaok.

Finantza-babeserako “AFA eta AFIPYME 2013” planak hiru eremu ekonomiko desberdin biltzen ditu. Lehenengoa mikroenpresei, autonomoei eta nortasun juridikorik gabeko erakundeei dagokie; bigarrena, saltoki txikiei, eta hirugarrena enpresa txiki eta ertainei. Aldundiak guztira 3.475.000 euro bideratuko ditu plan horretara, honela banaturik: 875.000 euro autonomoentzat, 600.000 euro txikizkako merkatarientzat eta 2.000.000 euro ETEentzat. Eskabideetan diru kopuru hori gainditzen bada, foru erakundeak diru-laguntzaren zenbatekoa handitu ahal izango du 500.000 euro gehiago emanez, gehienez ere. Diru-laguntza eskatzeko epea 2013ko irailaren 30ean amaituko da.

 

Berrietan bilatu