Actualidad DEMA

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ETA BILBOKO UDALAK ‘BizkaiaAKTIBATU Bilbao’ PROGRAMAREN BIGARREN DEIALDIA ZABALDU DUTE

  • Bi erakundeak elkarlanean arituko dira beren enpresa-proiektua Bizkaiko hiriburuan sortzeko bokazioa duten 35 urtetik beherako 71 gazteri trebakuntza eta laguntza emateko
  • Parte-hartzaileek erdi-mailako heziketa-ziklo bateko maila, batxilergokoa edo baliokidea eduki behar dute eta Bilbon erroldatuta eta langabezia-egoeran egon behar dute
  • Proposamenek sektore estrategikoetan sartuta egon behar dute, hala nola Zerbitzu Aurreratuetan, Interneten, Teknologia Digitalean, Turismo & Business Conventions izenekoetan, Hiriko Irtenbideetan, Merkataritzan, Artean eta Kulturan.
  • Hautatutako gazteek ekintzailetzarako gaitasunak garatzea xede duen trebakuntza eta beren enpresa-proiektuaren bideragarritasunari buruzko azterketa jasoko dute
  • Parte-hartzaile guztiek 350 euroko beka bat edukiko dute hiru hilabetez, eta azkenean enpresa bihurtzen diren ideiek 5.000 euroko diru-laguntza jasoko dute

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ‘BizkaiaAKTIBATU Bilbao’ programaren bigarren deialdia abian jarri dute. Programak hiriko 71 gazteren izaera ekintzailea sustatuko du Bizkaiko hiriburuaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen diren sektoreetan. Hautatutakoek trebakuntza eta laguntza jasoko dituzte ekonomia-jarduera eta enplegua sortzeko bokazioa duen negozio-ideia bat abian jartzeko. Plana Bilbao Ekintzak eta DEMAk egin dute eta foru-erakundeak abian jarri duen Eskualdea Suspertzeko Programaren zati bat da.

‘BizkaiAKTIBATU Bilbao’ programa Bilbon erroldatuta dauden, 35 urte baino gutxiago dituzten, erdi-mailako heziketa-ziklo bateko maila, batxilergokoa edo baliokidea daukaten eta iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden (hau da, 12 hilabete baino gehiago langabe egon diren) pertsonentzat da. Hala ere, behin-behinean, langabezian urtebete ez daramaten gazteen eskaerak onartuko dira ezarritako plaza-kopuru osoa betetzen ez bada. Interesatuek gaitasun-profil ekintzailea eduki behar dute. Ez da beharrezkoa aldez aurretik negozio-ideia bat edukitzea, baina balioetsiko da balio eta etorkizuneko sektore estrategiko hauetako batean kokatutako negozio-ideia bat edukitzea: Enpresentzako Zerbitzu Aurreratuak, Internet eta Teknologia Digitala, Turismoa & Business Conventions, Hiriko Irtenbideak, Merkataritza eta Artera eta Kulturara aplikaturiko Teknologia.

Laguntza profesionala, proiektuaren bideragarritasuna eta diru-laguntzak

Hautatutako 71 pertsonak, lehen fasean, trebakuntza eta aholkularitzako saio espezifikoetara joango dira, gehienez 80 orduz, programaren lehenengo hilabetean. Eta hurrengo bi hilabeteak negozio-plana egiteko erabiliko dituzte. Aldi horretan, hilean 350 euroko beka bat jasoko dute. Bigarren fasean, gazte bakoitzak 5.000 euroko laguntza bat jasoko du; haren xedea proiektua abian jartzeko laguntza ekonomikoa ematea da. Diru-laguntza hori eskuratzeko, ezinbestekoa izango da enpresa berriari ekonomia-jardueren gaineko zergan eta dagokion gizarte-segurantzako araubidean alta ematea.

Izena emateko azken eguna, apirilak 1

Interesatuek ‘BizkaiAKTIBATU Bilbao’ programaren oinarriak kontsulta ditzakete eta izena emateko fitxa deskarga dezakete Bilbao Ekintzaren webgunean: http://www.bilbao.net/BilbaoEkintza/es. Aldez aurretiko hautapen-prozesu bat egongo da eta, bertan, betekizun guztien betetzea balioetsiko da. Hurrengo fasea Bilbao Ekintzako eta DEMAko teknikariekiko elkarrizketa pertsonal bat izango da. Izena emateko epea datorren apirilaren 1ean amaituko da. ‘BizkaiAKTIBATU Bilbao’ programaren bigarren deialdiak 426.000€-ko inbertsioa aurreikusi du, eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zati berdinetan ordainduko dute kopuru hori.

.

Berrietan bilatu