Actualidad DEMA

Lanbide Heziketako gazte ekintzaileek DEMAren aitortza jasoko dute 2018-2019 Enpresari sarien banaketa ekitaldian

● Lehiaketaren XVIII. edizioaren helburua da LHko milaka ikasleren sormena eta ekintzailetza indartzea.
● Enpresari programa liderra da bere alorrean Bizkaiko Lanbide Heziketara bideratutako programen artean.

Bilbo, 2019ko maiatzaren 27a. Bizkaiko Foru Aldundiako Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta haren DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak 2018-2019 Enpresari sarien banaketa ekitaldia egingo dute maiatzaren 30ean. Izen bereko programaren ideia eta proiektu enpresarialen lehiaketaren XVIII. edizioa da, programaren helburua izanik enpresa-ekintzailetza kultura sustatzea Bizkaiko Lanbide Heziketako zikloetako irakasle eta ikasleen artean. Lehiaketaren hemezortzi edizioetan, 3.000 negozio ideia baino gehiago aurkeztu eta 700 proiektu baino gehiago landu dira. Oraingoan, ekitaldiak kutsu berezi bat izango du. Izan ere, 2018-2019 deialdiaren amaiera ezartzeaz gainera, DEMAren eta Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko elkarlanaren hogeita hamar urteak ospatuko dira.

Ekitaldia Bilboko Campos Eliseos Antzokian egingo da, 18:45etan, Diego Perez eta Olatz Ganboa aktoreen gidaritzapean, eta Teresa Laespada foru diputatua izango da bertan. Aitortza ekitaldira gonbidatu dituzte Enpresari programan parte hartu duten ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta zuzendariak.

LANBIDE HEZIKETATIK EKIN

Enpresari programak bultzada ematen die ekintzailetzari eta enpresen sorkuntzari, lana aurkitzeko eta autoenplegurako alternatiba egoki gisa. Enpresa proiektuen lehiaketa –LHko graduetako ikasleentzat bakarrik– Aldundiak DEMA bidez sustatzen duen programaren ataletako bat da. Beste bi atalak dira: lehen ikasturtetik, ekintzailetza tailerrak eta enpresa ideien garapena; eta irakasleentzat, prestakuntza ekintzak, programan duten lan dinamizatzailea sendotzeko.

XVIII. edizioaren lehiaketa iazko urrian hasi zen. Aurkeztu ziren 200dik gora enpresa ideien artetik 59 hautatu ondoren -aurreko edizioan baino 9 gehiago-, enpresa proiektuak lantzeko fasea hasi zen, martxoan bukatu zena amaitutako proiektuen entregarekin eta haien aurkezpen eta defentsarekin. DEMAk aholkulari talde bat eskaintzen die ikastegiei eta ikasleei, proiektu bakoitzaren tutoretza, orientazio eta jarraipenerako.

Diploma eta sari banaketak amaiera jarriko dio 2018-2019 Enpresari deialdiari. Lehen saria 1.500€ izango dira; bigarrena, 1.200€; hirugarrena, 1.000€; eta laugarrena, 500€. Proiektuaz gainera, beste alderdi batzuk baloratuko dira: hala nola enpresa espiritua edo enpresa mundura bideratutako gaitasunen garapena. Ekitaldian sarituko dira ere lehiaketako hiru ikus-entzunezko aurkezpen onenak.

Enpresa sortzea programaren helburu nagusia ez bada ere, lantalde batzuek lortzen dute beren proiektua garatzea lehiaketaren ondoren. Horren erakusgarri dira aurreko edizioetan sortutako enpresak: Diluz, Emilio Campuzano ikastetxearena; Auspola, Peñascal Fundazioarena; DDS Informatika, Durangokoa; edo Megasound, Tartanga ikastetxearena.