Actualidad DEMA

DEMAk Aldundiaren enplegu politiketan parte hartzen du, 2017an 10.000tik gora pertsonengana iritsiko direnak

Bilbo, 2017ko apirilaren 6a

• Joan den urtean 400 bat lagunek aurkitu zuten lana DEMAren programei esker
• Bi programa berrik –Eskutik eta Indartu– enpresei laguntzeko ekintzak abiaraziko dituzte

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatuak, atzo emandako prentsaurrekoan, Aldundiak 2017rako martxan jarri dituen enplegu programen eta inbertsioen datu nagusiak eman zituzten. Kopuruak esanguratsuak dira: Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko sailak berak bultzatzen dituen ekintzak –zeinetan DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak parte hartzen duen– 10.000tik gora lagunengana iritsiko dira aurten.

Norantz bideratu behar dira ahaleginak?
Rementeriak eta Laespadak ez dute zalantzarik: foru erakundea lanean ari da eta lanean jarraitu behar du gazteen, 45 urtetik gorakoen eta iraupen luzeko langabeen enplegua sustatzeko ahaleginean, baina arreta berezia jarri behar du ere gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonengan eta beren negozioa martxan jarri nahi duten lagunengan.

DEMA elkarlanean ari da Sailarekin, eta bere ahaleginak bideratzen ditu irtenbide espezifikoak aurkitzera enplegu eta ekintzailetza arloan kolektibo horientzat. Teresa Laespada diputatuak banan-banan azaldu zituen Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak martxan jarriko dituen programa eta ekimenak, 2,3 milioi euroko ekarpena izango dutenak:

Enpresari programak kultura ekintzailea sustatu nahi du Lanbide Heziketako ikasleen artean. 2016an, 119 tailer antolatu ziren (ekintzailetza eta ideien heltzea), 2.501 parte hartzailerekin. Gainera, 532 pertsonaren 212 enpresa ideia landu ziren, eta 144 lagunek proposatutako 50 proiekturen aholkularitza lana egin zen; horietatik, 10 negozio plan aukeratu ziren eta deialdiko enpresa proiektu onenen saria jaso zuten.

• Abian izeneko programa pentsatuta dago negozio ideiak enpresa proiektu bihurtzeko. Hona hemen 2016ko zifrak: 15 ikastaro, 564 negozio ideia, 510 negozio plan eta martxan jarritako 186 enpresa, 268 lanposturekin.

• Anezka-Enplegu eta Ekintzailetza eta Taldeka-Ekintzailetza Taldeak lan ekimen solidarioak dira, enplegua bilatzeko eta ekintzailetza bultzatzeko helburua dutenak. Gaur den eguneraino, 11 anezka sortu dira Bizkaian eta 208 lagunek parte hartu dute, % 60tik gorako laneratze indizearekin (norberaren kontura edo besteren kontura). Taldeka programari dagokionez –anezken antzeko lan taldeak, baina ekintzailetzara bideratuagoak–, 4 talde sortu dira, eta 76 lagun aritu dira horietan.

Enplegurako 3 tresna berri
Laespadak aipatu zuen, halaber, DEMAko EnLANzar programaren eskaintza berria, proiektu bat, orientazioa eta ondorengo laguntza emango diena ANEZKA Enpleguko Anezketatik eta TALDEKA Ekintzailetza Taldeetatik igarotako pertsonei.
Era berean, aurten bi programa berri jarriko dira martxan: batetik, Eskutik programa (enpresa berriei laguntzeko); horren bidez, Enplegu eta Ekintailetza Foru Agentziak 60 bat erakunderi laguntzea aurreikusi du; bestetik, Indartu programa (bi urte baino gehiago dituzten enpresak finkatzeko), 30 bat enpresari laguntzeko xedea duena. “DEMAren autoenplegurako dekretuen eta laguntzaren bidez abian jarri diren ekintzaileek egindako eskaera bati emandako erantzuna dira, laguntzen jarraitzeko eskatu baitziguten” azaldu zuen Teresa Laespadak.

DEMA ferias y eventos en Bizkaia                           Teresa Laespada

Diputatuak gogora ekarri zituen, bide batez, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak DEMA agentziarekin batera egindako beste jarduera batzuk. Nabarmentzekoa izan zen Prestik Enplegu Azoka; 6.000 bisitari izan zituen, 74 erakunde erakusle eta 70 hizlari, eta Bizkaiko Ezkerraldean eta Meatzealdean jarri zuen arreta nagusia, lan egoera okerrena lurraldeko bi eremu horietan ematen baita; bestalde, enpleguko eta ekintzailetzako hainbat jardunaldi egin dira, hala nola Ekintzailetza eta BIZIraunkortasun Jardunaldiak, Emprendit-ON Ekintzailetzako Gazteen Foroa eta “Bizkaiker” (bizkaiaker.eus) enpleguko mapa birtuala.

Berrietan bilatu