Actualidad DEMA

DEMAk Deustuko Enplegu eta Ekintzailetza Foroan parte hartuko du

Bilbo, 2017ko martxoak 27

  • Aurreko ekitaldian, 237 gaztek aurkitu zuten lana
  • Foru Agentziak Taldeka ekintzailetza taldeak zer diren azaldu, eta une honetan

Martxoaren 29an eta 30ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak Deustuko Unibertsitatearen Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren hamahirugarren ekitaldian parte hartuko dute. Urteroko hitzordu honetan, unibertsitateak topagune bat izan nahi du, enplegu eragileak, azken mailetako ikasleak eta lehenengo lana edo lan hobeago bat bilatzen ari diren gradudunak zuzenean elkartu daitezen.

Sailak eta DEMAk stand bat jarriko dute, Eraikin Nagusiaren klaustroetan. Foru Agentziak enplegu eta ekintzailetza arloetan abian dituen jarduera lerroak, zerbitzuak eta irtenbideak azalduko dizkie hurbiltzen direnei. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, bestalde, informazioa emango du standean bai enplegua sustatzeko dekretuei buruz (autoenplegua, gazteak eta bazterkeria arriskuan dauden
pertsonak) bai EEEren eraginpean dauden pertsonak berriro kualifikatzeko ekimenei buruz.

Ostegunean, hilak 30, DEMAko enplegu eta ekintzailetza teknikari Isabel Morejón andreak hitzaldi bat emango du, TALDEKA-Ekintzailetza Taldeak programaren nondik norakoak azaltzeko. Hitzaldia Graduondoko 2. ikasgelan (Psikologia) izango da, 10:00etatik 11:00etara. Jarduera horretan parte hartzeko interesa dutenek izena eman
behar dute esteka honetan: bit.ly/TaldekasDEUSTO.

Aste honetan, bi deialdi zabalduko dira, bi taldeka programa zehatz hauetan izena emateko: bat, immigrante profesionalei zuzendutakoa, eta beste bat, sektore soziosanitarioari lotutakoa; hain zuzen, biztanleria zahartzearen errealitatetik sortutako lan aukerei buruzkoa.

Deustuko Unibertsitatearen Enplegu eta Ekintzailetza Foroak enpresa mundua gerturatu nahi die prestatutako pertsonei, haien laneratzea bultzatzeko. Ekitaldian parte hartuko duten berrogeita hamar enpresak eta erakundek baino gehiagok aukera ugari eskainiko dituzte, boluntario proposamenetik hasita praktika eta enplegu profesionaletara. Aurreko edizioan, foroa plataforma moduko bat izan zen lana bertan aurkitu zuten 237 gazterentzat.

Berrietan bilatu