Actualidad DEMA

DEMAren Taldeka programari esker, 19 enpresa sortu ziren 2016an

Bilbo, 2017ko apirilaren 27a

• Maiatzaren 7ra arte egongo da irekita Taldeka programan izena emateko deialdia, adineko pertsonen arloan dauden negozio aukerak landuko dituena
• Programa honetan parte hartzen dutenek autoenplegurako laguntzetarako sarbide sustatua izango dute

Oraindik ere ez du urterik bete, baina Taldeka programa dagoeneko hasi da bere fruituak ematen. Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak iazko maiatzean jarri zuen martxan, eta harrezkero, DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatutako programa honi esker, 19 enpresa sortu dira. Alabaina, 2016an eratutako ekintzailetza taldeetakoren batek ekainaren 30era bitarte jarraituko du bere garapenarekin. Espero da, egun horretarako, beste hainbat negozio plangintza ere enpresa bihurtuta egotea.

Taldeka programaren helburua da, hain zuzen, langabezian dauden pertsonak lan arloan aktibatzea, ekintzailtzarekin lotutako prestakuntza emanez, eta, hala, gutxienez % 60k euren lanpostua sortzea. Programa honetan parte hartuz gero, bestalde, autoenplegurako laguntzetarako sarbide sustatua eskuratuko da: 5.000 €-tik gora, enpresako, Taldeka bakoitza osatzen duten pertsonek euren ideia enpresarialak abian jar ditzaten. Oraingoz, Bilboko ekintzailetza taldean, Merkataritzaren eta Turismoaren sektoreetan landu dira proiektu gehien (proiektuen % 25 izan dira sektore bakoitzekoak); Bizkaiko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Taldeka-n, berriz, Eraikuntzaren eta Prestakuntzaren sektorekoak (% 17, bakoitzean).

Adineko pertsonen premiei erreparatzen dien Taldeka
Gaur egun, Sailak eta DEMAk, Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldearekin lankidetzan, deialdi bat daukate irekita Taldeka batentzat; hain zuzen, biztanleriaren zahartzeak dakartzan negozio aukerak aztertuko dituena. Egia esan errealitate horrek enplegu aukerak sortzen ditu, eta geroz eta gehiago sortuko ditu, gainera. Geroz eta zaharragoa den biztanleria baten premietan oinarritutako ekintzailetza gauzatzea lehiarako abantaila izan liteke lan arloa aktibatzea lortzeko; izan ere, aurreikusten da 2025. urtean Euskal Lurralde Historikoko biztanleen % 27k 65 urte baino gehiago izango dituztela.

Taldeka honetan sartu ahal izango dira, hain justu, Psikologiako, Pedagogiako, Informatika Ingeniaritzako, Gizarte Langintzako, Gizarte Hezkuntzako, Arkitekturako, Gizarte Erabilerako Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko, Fisioterapiako, Elikadurako, Odontologiako, Heziketa Fisikoko edo Arlo Soziosanitarioko LHko profesionalak, baldin eta langabezian edo enplegua hobetzeko prozesuan, eta Lanbiden izena emanda badaude. Bizkaiko udalerriren batean egon beharko dute erroldatuta, eta han bizi; era berean, unibertsitateko titulu akademikoa, teknikoa (erdi edo goi mailakoa) edo/eta Lanbide Heziketakoa eduki beharko dute.

Deialdi honetan izena emateko epea maiatzaren 7ra arte luzatu da. Programan parte hartu nahi dutenek hemen eman ahal izango dute izena: bit.ly/TaldekaDEMAeus edo bit.ly/TaldekaGSSIeus. Gainera, xedatutako epearen barruan, curriculuma aurkeztu, eta nortasun ekintzaileari buruzko test bat bete beharko dute; zehazki, programari buruzko informazio gehiago emateko antolatuko diren informazio solasaldietan. Solasaldiak noiz eta non izango diren izena eman duten pertsonei jakinaraziko zaie, hala dagokionean.

Informazio gehiago behar izanez gero, jo DEMAren bulegoetara (Barakaldo Elkartegia. Fanderia 2, Barakaldo), edo deitu telefono zenbaki honetara: 94 418 90 55.

Berrietan bilatu