Actualidad DEMA

Egina dago adineko pertsonen beharrizanen eta biztanleriaren zahartzearen inguruko negozio aukeretan sakonduko duen ekintzailetza talde bat sortzeko deialdia

Bilbo, 2017ko apirilaren 7an

• Bizkaiko biztanleen ia % 22 dira 65 urtetik gorakoak
• Errealitate sozial horrekin zerikusia duten negozio aukerak aztertuko ditu Taldeka-Ekintzailetza Taldeak

DEMA. Firma Taldeka Sociosanitario

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak eta Enplegua eta Ekintzailetza bultzatzeko Foru Agentzia DEMAk beste deialdi bat egin dute Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programari begira. Oraingo honetan, Gizarte Zerbitzu Integralen Taldearekin elkarlanean eramango da burura programa hori, aipatu Taldean adituak baitira batez ere mendekotasun egoeran eta/edo gizartetik kanpora gelditzeko edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko gizarte zerbitzu berritzaileak garatzen. Aldundiaren, DEMAren eta GZI Taldearen arteko lan konpromiso horri esker, Taldeka berri bat sortuko da, Europan eta Bizkaian biztanleen zahartzearen errealitateak eta, hedaduraz, silver economy deritzon ekonomia zilarreztatuak sorrarazten dituzten aukeretan oinarrituta ekintzailetzaren alorrean sakondu dezan.

Taldeka-Ekintzailetza Taldeak programak langabeen artean nork bere enplegua sustatzea du xede. Horretarako aintzat hartzen ditu negozio aukeraren bat ahalbidetu dezaketen enpresak, eta taldeko lana aberasteko formulak erabiltzen ditu kideen artean.

Hiru fasetan ekin
Hiru fasetan garatuko da Taldeka programa. Lehenengoak bi hilabete iraungo ditu, eta coaching eta mentoring tekniken bidez, ekintzailearen profila sendotzeko pertsona barruko trebetasunetan eta ekintzailetzaren alorreko trebetasunetan trebatzeko prozesu kooperatiboa eramango da burura. Fase honetan gehienez ere 500 €ko beka jasoko du parte hartzaileak joan-etorriek, dietek eta antzekoek eragiten dituzten gastuak ordaintzeko. Hurrengo bi hilabeteetan, DEMAk eta GZI Taldearen silver ekintzailetza sailak lagunduta, negozio plan bat landuko dute programan parte hartzen dutenek. Hirugarren fasean, abian jarriko dute proiektua, eta hamabi hilabetez kudeatzeko

laguntza teknikoa izango dute. Fase horretan, 15/2017 Foru Dekretuan eta, hala behar badu, 2018an argitaratzen den Dekretuan finkatutako laguntzak, nork bere enplegua sustatzeko laguntzak, jaso ahal izango dituzte ekintzailetza taldea osatzen dutenek (5.000 eurotik gora enpresako).

Deialdia gaurtik 2017ko maiatzaren 3ra arte egongo da indarrean Bizkaian erroldatuta dauden egoiliarrentzat, langabezia egoeran baldin badaude edo enplegua hobetzeko prozesuan Lanbiden izena emanak baldin badaude. Gainera, gaiarekin zerikusia duen titulazio akademikoren bat izan behar dute (Psikologia, Pedagogia, Ingeniaritza, Informatika, Lan Soziala, Hezkuntza Soziala, Arkitektura alorreko Profesionalak, Teknikariak erabilera sozialeko etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko alorrean, Fisioterapia, Elikadura, Odontologia, Hezkuntza Fisikoa, Goi mailako lanbide heziketa arlo soziosanitarioan), baita eskarmentua eta/edo prestakuntza espezifikoa ere zahartzearen esparruan.

Biztanleria zahartua
Bizkaian gutxi gorabehera 250.000 lagun dira 65 urtetik gorakoak, hau da, biztanleriaren guztizkoaren ia % 22. Herritarren zahartzearen errealitate horrek enplegu eta ekintzailetza aukera berriei zabaltzen dizkie ateak arlo soziosanitarioan. Ekintzailetza talde berri honek bide horiek aztertu eta taldekideentzako aukera gisa proiektatuko ditu.

Deialdi honetan izena eman nahi dutenek helbide honetara jo behar dute: bit.ly/TaldekaDEMAeus edo bit.ly/TaldekaGSSIeus. Gainera, curriculuma aurkeztu eta nortasun ekintzaileari buruzko test bat beteko dute epe jakin batean, programari buruzko informazio gehiago emateko xedean antolatuko diren solasaldietan. Solasaldi horiek zehazki noiz izango diren garaiz jakinaraziko zaie izena emandako pertsonei.

Informazio gehiago nahi dutenek DEMAren bulegoetan lortu dezakete (Barakaldo Elkartegia. Fanderia kalea 2, Barakaldo), edo telefono bitartez (94 418 90 55).

Berrietan bilatu