Actualidad DEMA

Bizkaiko ekintzailetzaren hitzordua, Bilbon

“Gure lurraldeko talentu ekintzaileari ahalik eta erraztasun gehien eman behar dizkiogu gaur hemen elkartu garen erakundeek eta entitateek”. Hitz horien bidez ekin zion Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak Sarekin – Bizkaiko Ekintzailetzaren Sarea osatzen duten erakundeen arteko osoko bilkurari. DEMA Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetza Agentziaren bidez kudeatutako proiektua da Sarekin. Adela Balderasek gidatutako jardunaldia gaur egin da San Mames estadioan, Bilbon, Bizkaiko ekintzailetzaren arloko arduradunen aurrean, eta bertan, sarearen hastapenak eta mugarri nagusiak izan dituzte hizpide.

Emprendimiento, Red Sarekin

Teresa Laespadak, ekitaldiari hasiera emateko, eskerrak eman dizkie sare hau ehuntzen lagundu duten erakunde, elkarte eta pertsona guztiei. Proiektua EmprenditON jardunaldian sortu zen, ekintzailetza ekosistema hobetzeko egituratzeko beharrari erantzun nahian eta 70 eragile baino gehiagoren ordezkariekin hirutan bildu ondoren.

“Sarekin errealitate bat da dagoeneko. Elkarri entzuten eta elkar ondoan aurrera egiten jarraitzen dugu. Zuen ezagutza eta esperientzia ezin dugu alferrik galtzen utzi.”

Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemako eragileek osatutako sarea da SAREKIN, eta helburutzat du ekintzaileak erdigunean jartzea eta enpresa proiektu berriak garatzeko, finantzaketa bilatzeko eta enpresak sortu, abiarazi nahiz egonkortzeko Bizkaian dituzten baliabide eta laguntza interesgarrien berri ematea eta horiek modu koordinatuan eskaintzea.

 

Batasunaren indarra

Topaketan mahai inguru bat eratu da, eta bertan parte hartu du Maria Tatok, zeina abokatua, enpresaburua, enpresa elkarte eta erakundeen zuzendaria, unibertsitateko irakaslea eta hizlaria baita. Mariak “ekintzailearen bakardadea” eta lankidetzaren boterea partekatu ditu parte hartzaileekin. Haren ustez, enpresa sareak ezinbestekoak dira karrera bat arlo guztietatik bultzatzeko, eta taldean lan egitearen efektu biderkatzailea aipatu du.

“Zuk irabaz dezakezu partida bat bakarrik, baina ez denboraldi bat”

Haren ondoan, Mikel Renteriak, WOP-Walk on Proyect GKEren bultzatzaileak eta sortzaileak, arreta jarri du, gehienbat, lankidetzak elkartasunetik duen boterean. Pentsamendutik eta ekintza bateratutik abiatuta, aldeen batuketa baino askoz ere balio handiagoa duten proiektuak eraikitzen dira. “Saretik tiraka hasi ginen eta gauzak hasi ziren gertatzen pertsonekin, gure proiektua gauzatzea ekarri zutenak”. Adierazi du ere haren ustez zein den arrakastaren gakoa.

“Egia eta balioekiko leialtasuna dira arrakastaren gakoa, proiektu batek iraun dezan”

Sarean lan egitea eta kolaboratzea, beste pertsona batzuk zure proiektuan inplikatzea, pertsona bakoitzak bere onena eman dezan lortzea edo taldeak motibatuta mantentzea; horrelako gomendioak eman dituzte lehen eskutik Maria Tatok, CECAP Euskadiko presidenteak –Prestakuntza Enpresen Elkartea– eta Mikel Renteriak, zeinak herritarren lankidetzaren bidez 400.000 € biltzea lortu baitu ikerketa proiektuak finantzatzeko.

Sarekin-en helburua ekintzaileei laguntzea da

Walk On Project WOP hedabideetan ezagun izatera eman zuen Today is My Future bideo hunkigarria ikusi ondoren, Adela Balderasek hitza eman dio Mª Victoria Riol DEMAko zuzendari gerenteari, eta Victoriak Bizkaiko enpresa ehuna eta orain arte egindako lana goraipatu ditu, eta proiektuan aurrera egiteko animoak eman ditu. Horrez gain, Sarekin Sarea osatzen duten hainbat talderen lana partekatu du; lan horren emaitza ekintzen plana dugu.

Ideiak partekatzea, ezagutza biderkatzeko

“Zuk sagar bat baduzu eta nik sagar bat badut eta sagarrak trukatzen baditugu, bada, zuk eta nik sagar bana izaten jarraituko dugu. Alabaina, zuk ideia bat baduzu eta nik ideia bat badut eta ideiak trukatzen baditugu, bada, bi ideia izango ditugu biok.” George Bernard Shaw-ren aipu horretaz baliatu da Bilbao Ekintzako Susana Bilbao, Finantzaketa koordinatzaile gisa egindako lanaren berri emateko; izan ere, Sarekin Sarea ez legoke gaur egun dagoen lekuan, haren eragileen lanik eta inplikaziorik gabe, hain zuzen: S.J. Calasanz ikastetxeko Rafa Balparda kultura ekintzailearen koordinatzailea, UPV/EHUko Noemi Peña enpresa proiektuen koordinatzailea, Work-Laneko Belen Varela enpresa sorreren koordinatzailea, UPTA Euskadiko Silvia Martinez Finkatze koordinatzailea, UBS Merkataritza Ganberako Jokin Cearra Preskriptoreen koordinatzailea, eta DEMAko Zerbitzu Orokorretako zuzendari Beatriz Morcillo Sarearen bideratzailea. Bloke hau ixteko, Beatrizek ekintzen plana aurkeztu du; horren ekintza nagusia Sarekin Ekintzailetzaren Astea izango da.

Jardunaldiaren bigarren zatian sei lan mahai egin ziren, 2020an antolatuko den Sarekin Ekintzailetzaren Astearen hainbat alderdi zehazten hasteko, hala nola izena eta logoa, datak, gaiak, egitura eta edukiak. Mahai bakoitza sarearen multzo tematiko bakoitzaren taldeko ordezkariek osatu zuten, eta aipatutako erronka horri heltzeaz gainera, beste ekintza batzuk proposatu zituzten, esate baterako, sarea osatzen duten eragileentzako prestakuntza jarduerak.

 

Laburpen bideoa ikusi: