Actualidad DEMA

Enplegua bultzatzeko Bilboko III. ANEZKA programak berritasunez betea hasi du ikasturtea

Enplegua bultzatzeko Bilboko III. ANEZKA programak berritasunez betea hasi du ikasturtea

Bilbo, 2016ko abenduaren 29a

  • Parte hartzaileek beren literazia maila hobetzeko aukera izango dute, 150 orduko ikastaro batean.
  • Kontzeptu hori, hemen oso ezaguna ez den arren, gaur egun erreferentzia bat da herrialde askotan, gaitasun pertsonalak eta profesionalak neurtzeko.

Gaur goizean, Enplegua eta Ekintzailetza Solidarioa bultzatzeko Bilboko III. ANEZKA programak ikasturte berriari ekin dio. Gaurtik aurrera eta datozen 5 hilabeteetan, 15 langabek osatutako talde bat bere enplegagarritasunaren alde ariko da lanean, modu boluntario, aktibo eta solidario batean. Koordinatzaile baten gidaritzapean, anezkako parte hartzaileek lankidetzan jardungo dute beren gaitasunak indartzeko, ezagutza kolektiboa sortzeko eta beren buruak ezagutzera emateko. Azken helburua hauxe: denon artean denontzako lana bilatzea; taldeko kide bakoitzaren laneratzea lortzea. Enplegua eta Ekintzailetza Solidarioa bultzatzeko ANEZKA programaren azken edizioan % 60tik gorako laneratzea lortu zen.

ANEZKA programak askotariko ekintzak proposatzen ditu hamabost kideentzat. Departamentuka lana egiteko taldeko dinamikez gainera, Bilboko III. ANEZKA programako kideek saio pertsonalizatuak egingo dituzte, anezkako koordinatzailearekin. Hala, beren gaitasunak indartuko dituzte, prestakuntza pilulen bidez; harremanetan jarriko dira zuzenean enpresekin, ETEekin eta tailerrekin, delako giza baliabideetako arduradunen bidez; foro, topaketa eta ekitaldietan parte hartuko dute; ekintzailetza ibilbide praktiko bat izango dute, negozio ideia bat izanez gero… eta, jakina, DEMA-Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziako boluntario korporatiboen babesa jasoko dute, agentziak errefortzua eskaintzen baitu hainbat ekintza lerroren bidez.

Nolanahi ere, Bilboko III. Anezka honek berritasun garrantzitsu bat izango du lehenengoz: parte hartzaileek gaitasun pertsonalak eta profesionalak lantzeko 150 orduko ikastaro bat jasoko dute, beren literazia maila hobetzeko; pertsonen gaitasunak eta trebetasunak neurtzeari lotutako kontzeptu bat da literazia, beste herrialde batzuetan hitzetik hortzera dabilena dagoeneko. Lanbidek diruz lagundutako ikastaro honen helburua parte hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea da; izan ere, zuzenean eragiten du enpresek eskatutako gaitasunetan eta jarreretan, hala nola talde lanerako orientazioa, norbere buruarenganako segurtasuna eta autoikaskuntzarako motibazioa.

Ohikoa denez, DEMAren ANEZKA programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu, Gizarteratze eta Berrikuntza Sailak eta Santamaría La Real Fundazioak babestuko dute.

Taldea hasi da ikastaroa egiten jada STIko lokaletan; hortik aterako dira, beraz, literazian trebatuko diren etorkizuneko ekintzaileak. Aurreikusitakoaren arabera, beren enplegagarritasunaren aldeko lanean jarraituko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Agiritegi Historikoaren ikasgelan, Bilboko Maria Diaz Haroko kalearen 11. zenbakian.

 

Berrietan bilatu