Actualidad DEMA

Enpresari 20 urte

Enpresari Programak 20 urte bete ditu Lanbide Heziketako ikasleen artean enpresa-ekintzailetzaren kultura bultzatzen.

DEMA Foru Agentziaren programa honen balantzearen arabera, Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta 863 enpresa-proiektu aurkeztu dira. Guztira, 48.500 ikasle inguruk parte hartu dute 2001. urteaz geroztik.
Teresa Laespada: “Enpresari-rekin gure gazteak ausartzera, ahalegintzera eta elkarlanaren, berdintasunaren edo iraunkortasunaren moduko balioak sustatzera animatu nahi ditugu”.

Enpresari Programak 20 urte daramatza Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean ekintzailetzaren kultura sustatzen. DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako teknikarien laguntzarekin eta Enplegua Sustatzeko Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, lurraldeko LHko hogeita hamar zentrok aintzatespen zabala eman diote ekintzailetza eta autoenplegua sustatzeko programa honi.

Programa hau baliagarria dela Enpresarik enpresa-kultura ekintzailea sustatzeko bi hamarkada hauetan izan dituen emaitzetan egiaztatu da. Guztira, 2001az geroztik – Programaren hasiera-data – 1.821 tailer egin dira, eta LHko zikloetako 37.397 ikaslek parte hartu dute.
Gainera, 20 urte hauetan, 3.438 ideia sortu dira LHko ikasgela horietan, eta 8.790 ikasle arduradunek hartu dute parte. Eta, azkenik, DEMAko teknikarien laguntzarekin aurkeztu eta ondutako ideia guzti horietatik 863 proiektu argitaratu dira, benetako errealitateari itsatsita daudenak, eta horietan 2.310 ikaslek parte hartu dute.
Azken batean bi hamarkada hauetan Enpresari Programak 48.500 ikasle inguru mobilizatu ditu bere tailerretan, ideiak prestatzen eta proiektuak aurkezten.

DEMA Foru Agentziako teknikariak dira, ikastetxeetako tutoreen, irakasleen eta zuzendarien laguntzarekin, tailer horietan guztietan ikasleen ideiak garatu ahal izatea ahalbidetu dutenak, ideia, proiektu eta, kasu batzuetan, enpresa-errealitate bihurtu arte.
Enpresari-ren azken helburua ez da horrenbeste enpresak sortzea, baizik eta autoenpleguaren eta enpresa-ekintzailetzaren kultura zabaltzea ikasleen artean; izan ere, jakin dakigu gaurko ikasle horiek biharko enpresaburu izan daitezkeela Bizkaian.

Ildo horretatik, historian zehar hainbat enpresa-esperientzia izan dira, paperetik errealitatera igaro direnak: foru programa honen babesean irekitako negozioen artean enpresa asko daude, batzuk oso finkatuta daudenak, 20 urte baino gehiagorekin, Emilio Campuzano ikastetxeko Diluz kasu; Auspola, Peñascal Fundazioko arotzeria metalikoa; Durangoko DDS Informática; Tartangako Megasound edo Irekisoft; Sampler, Zabalburu Ikastetxekoa; Hárika, Errepelegakoa; Felicitarte, Emilio Campuzano ikastetxekoa, etab.

“Enpresari ez da soilik kultura ekintzailea sustatzeko programa bat; ez da soilik DEMA, Lanbide edo Enplegua Sustatzeko Foru Saila bezala kalitatezko enplegua sortzeko konpromisoa duten erakundeak inplikatzen dituen programa bat. Mugiarazten gaituena ez da ideiarik onena aurkitzea, ezta enpresa-proiekturik onena sortzea ere. Enpresari-rekin gure gazteak ausartzera, ahalegintzera eta elkarlanaren, berdintasunaren edo iraunkortasunaren moduko balioak sustatzera animatu nahi ditugu” azpimarratu du Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak.

Enpresa-Ideia eta -Proiektuen Lehiaketaren 20. edizioko sariak emateko DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ekitaldi berezia antolatuko du ekainaren 23an Bilboko Euskalduna Jauregian enpresa-kultura ekintzailea sustatuz bete diren bi hamarkada horiek ospatzeko.

Gaur egungo 2020-2021 deialdian, pandemiak zailtasunak eragin baditu ere, 122 tailer egin dira (1.908 parte-hartzailerekin), 216 ideia aurkeztu dira (563 parte-hartzailerekin) eta 70 proiektu egin dira (184 parte-hartzailerekin).

DEMA Foru Agentziak, inplikatutako irakasleekin eta zentroekin batera, kontuan hartuta edukierak murriztu egin direla ahalegin handia egin du saioen kopurua handitzeko. “Covid-19aren ondorioz zailtasun eta eragozpen gehiago egon arren, guztion artean programa aurrera atera dugu LHko gazteen artean enpresa-ekintzailetzaren kultura bultzatzeko”, onartu du Marivi Riolek, DEMAko zuzendari-kudeatzaileak.

 

Taller de maduración en San Viator

Berrietan bilatu

Archivos