Actualidad DEMA

Tailer eta hitzaldietan izena eman duten 4.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin hasi da PRESTIK Enpleguaren Azokan

Azoka Sarekin Ekintzailetasunaren Aretoarekin batera egingo da gaur eta bihar, Bilboko Euskalduna Jauregian. PRESTIKek 60 bat enpresatan eskatzen dituzten 170 profil profesional baino gehiagoko lan-poltsa bat du.

PRESTIK Enpleguaren Azoka gaur hasi da, eta bi egunez gauzatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. Guztira, 4.000 pertsona baino gehiago inskribatu dira bertan antolatuko diren jarduera, tailer eta hitzaldietan.

Sarekin Ekintzailetasunaren Aretoarekin batera antolatuko da azoka, eta hamar mila pertsona baino gehiago hurbiltzea espero da.

DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren mende dago) sustatu eta antolatu ditu bi ekitaldiak BBKren, Bilboko Portuaren eta Euskaltelen lankidetzarekin.

Bizkaiko hainbat sektoretako 60 enpresak baino gehiagok parte hartu dute azokako lan-poltsan, zeinaren bitartez 170 profil profesionali erantzuteko pertsonak bilatzen diren. Enpresa askok hitzaldiak eskainiko dituzte zuzenean, eta langileak hautatzeko eta biltzeko politikak azalduko dituzte bertan.

Prestiken egitarauan enpleguaren tourra jaso da, honako 4 espazio edo txoko hauek izango dituena: helburu profesionala, curriculuma, lan-elkarrizketa eta “about me” edo nire aurkezpenaren espazioa. Parte-hartzaileei lan-bilaketa ahalik eta eraginkorrenak egiteko urratsak egitea da xedea. LHko 2.000 ikaslek baino gehiagok eman dute izena tourrean. Bertan, sortzen zaizkien zalantza eta galderak argitu ahal izango dituzte lan-orientazioaren alorreko profesionalekin, bai eta tailer praktikoak egin eta ginkana batean parte hartu ere. Horrela, punta-puntako 2 smartphone irabazteko zozketan parte hartuko dute.

Prestiken, halaber, ekintzailetza sustatuko da Ekintzailetzaren abentura izeneko espazioaren bitartez, non dinamika irekiak, praktikak eta zuzeneko testigantzak izango dituzten, LHko ikasleak eta gazteak ekintzailetzaren kulturan murgil daitezen. Azokarekin batera, SAREKINen Ekintzailetasunaren Aretoa antolatuko da. Bertan, banakako orientazio-mahaiak eskainiko dira zuzen-zuzeneko baliabideekin, informazioarekin eta aholkularitzaren. Horrela, jakin ahal izango dute sareak dituen bost gai-alorretan ideia bat nola abiarazi eta negozio edo proiektu bat nola egonkortu.  Espazioan gai ezberdinei buruzko 5 stand egongo dira, honako hauek barne hartzen dituztenak, besteak beste: kultura ekintzailea, enpresa-proiektu berriak, enpresak abiaraztea eta sortzea, finantzaketa eta egonkortzea. Gainera, bideo-jokoen, kirolaren eta artearen industrien inguruko tailer praktikoak egingo dira.

Enpleguko berdintasunari dagokionez, lan-munduko alderdi guztietarako benetako genero-berdintasunaren alde kontzientziatzen eta aurrera egiten jarraitzeko hainbat jardunaldi antolatuko dira Prestiken. Programan hitzaldi bat egingo da tradizioz batik bat gizonek egin dituzten lanbideetan emakumeek dituzten erronkak aztertzeko. Bestalde, mahai-inguru bat egingo da lanbide-heziketaren ikuspuntutik lanbide horiek irakastea nola bideratzen den aztertzeko. Horrez gain, sormenaren sektoreko belaunaldi-aldaketaren gaineko hitzaldi bat eskainiko dute bi diseinatzailek eta enpresaburuk.

Nazioarteko enpleguak ere espazioa izango du azokan; izan ere, EURES sarearen eta Erasmus programaren bitartez Europan dauden prestakuntza, lan-eskaintza eta ekintzailetzaren berri emango da hainbat jardunalditan enpresaren, akademiaren eta politikaren munduko ordezkari eta profesionalen eskutik. Bestalde, networking eta eztabaidarako gune bat egongo da Bizkaian ikasten ari diren Erasmuseko ikasleen ideia eta proposamenekin.

PRESTIK azoka etorkizun profesionalaren bila dabiltzan pertsonen eta Bizkaiko enpleguaren arloko eragileen arteko topagune izateko sortu zen. Bi urtean behin egiten den azokaren bitartez, enpleguaren eta ekintzailetzaren gaur egungo egoerari buruzko ezagutza sortu eta hedatu nahi da.  Nahi duenak har dezake parte, doan, baina, leku- eta antolaketa-arrazoiengatik, izena eman behar da jardunaldietara joan ahal izateko.

Berrietan bilatu