Actualidad DEMA

Bizkaiker aurkeztu da, Bizkaiko Lan Behatoki berria

Gaur aurkeztu dute Bizkaiker, Bizkaiko Lan Behatoki berria; Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Saila eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia dira Behatokiaren sustatzaileak. Bizkaiker behatokia hobetu egin dute bigarren bertsio honetan; funtzionaltasun gehiago txertatu dizkiote, Bizkaiko lanarekin lotutako informazioa herritarrei modu erraz eta ulergarrian helarazteko tresna bihurtzeko asmoz.

Teresa Lespada y Sara de la Rica, Bizkaiker

Bigarren bertsio honetan, plataforma berrituta agertzen da: langabeen banaketari buruzko informazio eguneratua eta zehaztua eskaintzen du, generoaren, adinaren, prestakuntzaren, langabezialdiaren iraupenaren eta jasotako prestazioen arabera, betiere Bizkaiko 2.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan, eskualde bakoitzaren kasuan, baita Lurralde osoan ere. Horretaz gain, kontratatutako pertsonen kopuruari buruzko informazioa eta sinatutako kontratuei buruzkoa ematen du, sinatzailearen generoaren, adinaren, kontratu motaren, okupazioaren eta jarduera sektorearen arabera banatuta, betiere Bizkaiko 2.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan, eskualde bakoitzaren kasuan, baita Bizkaia osoan ere. Halaber, aipatu dugun informazio horrek denboran zer nolako bilakaera izan duen ere eskaintzen du.

Bizkaiker plataformaren bitartez irudikatutako datuak Open Data Euskaditik eta Lanbidetik hartzen dira, eta Bizkaiko Lanaren Demografiaren Mapan aurkezten dira, hau da, administrazioaren erregistroko datuak dira, ez inkestak; informazio zehatzagoa eta zorrotzagoa, alegia. Datu horiek hilean behin eguneratuko dira.

Bizkaiker, observatorio empleo Bizkaia

Sara de la Rica Goiricelayarekin berba egin dugu; Sara Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia katedraduna eta Iseak fundazioaren (proiektuaren lan teknikoa egiten duen fundazioa) zuzendaria da.

Lan merkatuaren funtzionamendua eta bilakaera ulergarriago egitea, bai tokiko, bai eskualdeko, bai probintziako mailan, eta ikuspegi kuantitatibo eta kualitatibotik”.

Zer eskaintzen du Bizkaiker plataformak beste datu iturri edo tresna batzuekin alderatuta?

Bizkaikerren, alde batetik, Lanbidek langabeei buruz duen informazioa eta, bestetik, kontratuei buruzko informazioa uztartzen dira, eta datu horiek hilabetero eguneratzen dira, herri edo eskualde bakoitzerako nahiz Bizkaia osorako. Langabeen eta sinatzen ari diren kontratuen egoera zehatzaren erradiografia egiten du. Hilean zenbat kontratu sinatzen diren jakiteko aukera emateaz gain, nolakoak diren eta zeintzuk diren, nork sinatzen dituen ere azaltzen du, generoaren, adinaren eta prestakuntza mailaren arabera, edo kontratuak zer lanbide eta jardueratan sinatzen ari diren; hartara, langabeak zein enplegu nitxotara bidera daitezkeen fokalizatu daiteke.

Gainera, informazio horrek guztiak denboran izan duen bilakaera ere eskaintzen da; izan ere, 2015. urtetik aurrerako datuak daudenez, enpleguaren bilakaera zein izan den jakin dezakegu eta, hartara, hainbat ondorio atera ditzakegu: esate baterako, zer kolektibo izaten ari den laneratzeko arazo gehien, edo zer jardueratan egiten diren iraupen luzeagoko kontratuak eta abar.

Oso adierazgarria da, baina ez soilik bi iturriak uztartzen dituelako; informazioa kalkulu orrietan ematea ez da aski, informazioa argi, azkar eta erraz ulertzeko moduan eman behar baita, erabaki hobeak hartu ahal izateko.

Zein dira Bizkaikerren xede taldeak?

Enpleguan erantzukizunen bat duten pertsona guztiak dira, oro har, xede hartzaileak; garapen agentziak, zinegotziak, kargudun politikoak eta abar, arazoak zeintzuk diren eta non dauden jakiteko aukera ematen duelako eta, egiaz, langabezia murriztea gure gizartearen erronka nagusietako bat delako. Lan bila ari diren pertsonak zeintzuk eta nolakoak diren, eta zer kontratu egiten ari diren azaltzen duen informazioa eguneratuta eta modu atsegin eta ulergarrian izateak denbora eta dirua aurrezteko aukera ematen du, erabakiak hartzeko garaian. Arazoa sakonki aztertu eta administrazioak egin beharreko ekintzak fokalizatzeko aukera ematen du.

Langabezian daudenek ere beren egoera zein den jakin dezakete, eskaintzari dagokionez, lan bila ari diren beste eskatzaileei dagokienez; eskaria zein den jakin dezakete, zer sektoretan eta zer jardueratan ari den lana sortzen udalerri edo eskualde bakoitzean, eta aukera berriak aurki ditzakete.

Era berean, tresna baliagarria izan daiteke lan merkatuan espezializatutako kazetarientzat, ikertzaileentzat, irakasleentzat, ikasleentzat eta herritarrentzat, oro har, informazio gehiago jaso dezaketen aldetik. Informazio egokia duen gizarteak erabaki hobeak hartuko ditu, hobeto bozkatuko du eta gehiago eskatuko du.

Bizkaiker, observatorio empleo Bizkaia

Bizkaikerrek balioa ematen die dauden datuei, baina ulergarri eginez”.

Nondik atera zen Bizkaiker sortzeko ideia?

Gure ustez, lurraldearen enplegagarritasuna indartzeko ezinbestekoa zen Bizkaiko enpleguari buruzko datuak bildu, prozesatu eta eskainiko zituen tresna bat izatea. Bizkaiker sortu zen horrela, erabakiak hartzeko prozesua eta horren emaitzak optimizatzearren.

Nor dago Bizkaikerren atzean?

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Saila da Lan Behatokiaren sustatzaile, eta Iseak fundaziotik proiektuaren alderdi teknikoa diseinatu, gainbegiratu eta zuzentzeaz arduratu gara. Bestalde, DEMAko langileekin batera, tresna erabilgarria izateko zer datu eman behar zituen ere zehaztu dugu. Bizkaiker plataforma dinamikoa izatea nahi dugu, etengabeko bilakaera izango duena, sortzen diren edo sor daitezkeen eskarietara egokituko dena; horregatik, ezinbestekoa da enpleguaren ekosisteman inplikatutako eragileekin kontatzea.

Zer da Iseak fundazioa?

Iseak –Initiative for Socio-Economic Analysis and Knowledge– gizarte eta ekonomia zientzien alorreko diziplinarteko ekimen pribatua da; lan merkatua, pobrezia eta desparekotasuna, hezkuntza, politika urbanoa edo genero desparekotasuna, besteak beste. Mikro datuak, norbanakoaren edo enpresaren mailakoak… baliatzen adituak diren profesionalek osatzen dugu; diagnostiko eta gomendio oso onak eskaintzen dizkiegu arazoak non dituzten jakin nahi duten erakunde publiko eta pribatuei. Era berean, teknika modernoen bitartez, erakundeak egindako esku-hartzeen eta izan duten inpaktuaren ebaluazioak ere egiten ditugu; ez dago horrelakorik egiteko ohitura handirik, baina guk indartu egin nahi dugu, kostuak eta aurrekontuak optimizatzeko aukera ematen baitu.

Erabaki hobeak hartzen laguntzea eta eztabaida publikoa aberastea dira gure helburuak.

“Informazio egokia duen gizarteak erabaki hobeak hartuko ditu, hobeto bozkatuko du eta gehiago eskatuko du”.

Lan merkatuan aditua zaren aldetik, nola ikusten duzu gaur egungo lan merkatuaren egoera?

Ez zaigu asko falta Euskadi 2007ko mailetara, krisialdiaren aurreko mailetara iristeko, baina hala ere, arazo nagusia enpleguaren kalitatearekin lotuta dago. Erritmo egokian hazten ari gara, baina prekarietatea oso handia da, kontratu oso laburrak egiten dira, lehen baino askoz ere iraupen laburragokoak eta soldatak ere ez dira behar bezain handiak. Gizarteak soldaten jaitsiera nabarmena pairatu izan du luzaroan, baina soldatak igotzen hasteko garaia iritsi da. Enpresa askok irabaziak izaten dituzte balantzeetan, baina horrek ez du ondoriorik izaten soldatetan. Kontratu hobeak eta soldata hobeak behar ditugu hobeto hazteko, eta datuen berri izatea lagungarria da.

BIZKAIKER webgunera joan