Actualidad DEMA

Bidaia-agentzia alternatiboa den proiektu batek irabazi du LHn ekintzailetza-kultura sustatzeko Enpresari 2020-2021 lehiaketa

Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak eta Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak banatu dituzte Enpresari Sarien hogeigarren edizioko sariak.

2020-2021 edizioko Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleen artean ekintzailetza sustatzeko Enpresari Programan aurkeztutako ideien eta proiektuen lehiaketako Lehen Saria jatorriz Marokoarra den Aziz Oulahbib gazteak irabazi du. Bere proposamenaren helburua ‘Oaziz’ sortzea da, zirkuitu turistikoenak alde batera utzita “Benetako Maroko” ezagutzeko ibilbide alternatiboetan espezializatutako bidaia agentzia. Oulahbib Dolores Sopeña Lanbide Heziketako Zentroko ikaslea da  eta 1.500 euro jasoko ditu sariagatik.

Bideoen modalitatean -parte hartzen duten ideia enpresarialak ikus-entzunezko hizkuntzan erakusten dituztenak- sei lan saritu dira; horietako bat San Luis Zentroko Ibone Monge Serranok asmatutako “Gure Tabadul” migratzaileen laguntza-zentroaren proiektuari egokitu zaio.

2020-2021 edizio honetako sariak asteazken honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den galan banatu dira, aldi berean programa honen 20 urteko bizitza ere ospatuz. Enpresari Programak bi hamarkada daramatza Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen artean enpresa-kultura ekintzailea sustatzen. DEMA- Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak zuzentzen du eta Enplegua Sustatzeko Foru Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza du.

Programa honen balantzearen arabera Bizkaiko LHko ikastetxeetako ikasleek 1.821 tailer egin dituzte, 3.848 ideia aurkeztu dira eta 863 enpresa-proiektu aurkeztu dira. Guztira 48.500 ikasle inguruk parte hartu dute 2001. urteaz geroztik.

Ana Urrutia kazetariak aurkeztu duen ekitaldian, Idoia Mendia,  lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua, eta Teresa Laespada,  Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, egon dira. Sari banaketaz gain, ekitaldian zehar Enpresari Programaren 20 urteak gogoratzeko bideoa erakutsi da eta Euskaldunako aretoa bete duen jendeak Maitane Sarralde dantza bertikaleko dantzariaren, Maite Guevara clownaren eta Aukeran dantza konpainiaren emanaldiez gozatzeko aukera izan du.

“Proiektuak eta ilusioa dituzten gazteak”

Enpresari Programaren XX. urteurrena ospatzeko egin dituzten esku-hartzeetan bi erakundeetako arduradunek gazteen artean ekintzailetza sustatzeko defentsa sutsua egin dute.

Laespada diputatuak programa honen hogeigarren urteurrena azpimarratu du. “Hazten eta sendotzen jarraitzen dugu, ikusgarritasunean, parte-hartzean, bizitasunean, ekintzailetzaren erreferente gisa”, gaineratu du.

Halaber, azpimarratu duenez, ekintzailetza “DEMA Agentziaren DNAn dago duela 31 urte sortu zenetik”, 3.000 enpresa baino gehiagoren sorrera babestuz.

Bere aldetik, lehendakariordeak parte hartzaile guztiak zoriondu ditu eta Gobernuaren berariazko aitortza helarazi die, “Herrialde moduan daukagun oraina eta, batez ere, etorkizuna erakusten duzuelako”. “Hilabete oso gogorrak igaro ditugula eta oraindik ere zuhurtasun handia eskatzen duten garaietan gaudela”, gogoratu ondoren, Idoia Mendiak baieztatu du  “ateratzeko gizarte-oinarri sendoa dugula. Gobernu guztien eta eragile sozialen konpromisoa dugu, eta proiektuak dituzten eta aurrera egiteko ilusioa duten gazteak ditugu”. “Gizartea eta ekonomia berreraikitzeko bidean gaude”.

2020-2021 Enpresari Sarien edizio honetan, programa honen XX. urteurrena ere badena, 216 enpresa-ideia aurkeztu dira guztira. Ideia horietatik 70 aukeratu ziren. Lau hilabetez DEMA – Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako aholkularien laguntzarekin ikasle parte-hartzaileak –20 eta 28 urte bitarteko gazteak, gero eta adin handiagoko pertsona gehiago dauden arren– ikasgeletan foru agentziako aholkulariekin egindako bileretan hasierako ideia horiek onduz joan dira, enpresa-proiektuei forma eman arte. Ikasle horietako asko asteazken honetan Euskalduna Jauregira joan dira azkenean DEMAk aintzatetsi dituen ideiak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko.

2020-2021 edizioko gainerako Enpresari Sariak honako hauek dira:

  • Bigarren Saria (1.200 euro) Alba Rodriguez Salvadorren ‘Fertinfo’ proiektuarentzat; Bilboko Elorrieta Erreka Mari Zentroa.
  • Hirugarren saria (1.000 euro) Silvia Agrafojo Fernéndezen ‘Baratzetik’ proiektuarentzat;  Elorrieta Erreka Mari Zentroa.
  • Laugarren saria (500 euro) Begoña Echabe, Carol Morunas, Emma Esteras, José Larrondo, Mikel García eta Nicolás Tamayoren ‘IzAz3D’ proiektuarentzat; Bilboko Emilio Campuzano Zentroa.
  • Bosgarren saria (500 euro) Ander San José Velascoren ‘AyalaCamperVans’ proiektuarentzat; Basauriko Bidebieta Zentroa.
  • Seigarren saria (500 euro) Beatriz Amenedo, Borja Maleta eta Yanilke María Villacísen ‘Bubble Babies B.B.‘ proiektuarentzat; Sopuertako San Viator Zentroa.
  • Zazpigarren saria (500 euro) Julieth Brito eta Nerea Alonsoren ‘Parafarmacia Dietética, Estética, Bihotza’ proiektuarentzat; Leioako Jose Miguel Barandiaran Zentroa.
  • Zortzigarren saria (500 euro) Ainhoa García, Angie Mikaela Valladarez, Josu Ozalla eta María Barberren ‘Proyectos Ecológicos sin Plástico’ proiektuarentzat; Bilboko Zabalburu Ikastetxea.
  • Bederatzigarren Saria (500 euro) Joana García Belarren ‘Oposikasi Akademia’ proiektuarentzat; Markinako Lea Artibai Zentroa.
  • Hamargarren saria (500 euro) Ander Calvo, Andrea Blanco, María Aurkene Obregón, Nadir Cogollo eta Oier Castañoren ‘Gozogintza’ proiektuarentzat; Santurtziko San José de Calasanz Zentroa.

Bideorik onenen sariak

Aipatu dugun Gure Tabadul horretaz gain;

  • Enaitz Anta Fernándezen ‘4 Art’ proiektuarentzat; Bilboko Emilio Campuzano Zentroa.
  • Aser Ebro Rodríguezen ‘Speedas’ proiektuarentzat; Barakaldoko Nicolás Larburu Zentroa.
  • Marlene López Espinozaren “Ganatxe” proiektuarentzat; Galdakaoko Ostalaritza-Zentroa.
  • Hugo Díez Virizuelaren ‘Diversity Dance School’ proiektuarentzat; Getxoko Fadura Zentroa.
  • Leire Goitia, Maider Seijido eta Maitane Jaioren ‘Naturart’ proiektuarentzat; Gernikako Institutua.

premio Enpresari 20

Berrietan bilatu