Actualidad DEMA

Zubilan Plus: Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) laguntza integraleko programa berria zuzendaritza-profila duten pertsonentzat, 45 urtetik gorakoentzat eta langabezian daudenentzat

Programa pilotua Bizkaiko CEBEK patronalarekin elkarlanean egin da, eta zuzendaritza-profilei laguntzeko laguntza tekniko espezializatuarekin. Programa honen xedea 24 parte-hartzaile laneratzea da.

Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (DEMA) abian jarri du Zubilan Plus. Prpgrama hori Teresa Laespada foru diputatuak zuzentzen duen Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak sustatu eta finantzatzen duen programa pilotua da, zuzendaritza-profila duten 45 urtetik gorako langabeei laneratzen lagunduko diena.

Programak bederatzi hilabeteko iraupena izango du eta 2021eko uztailaren amaieratik 2022ko apirilaren 15era arte iraungo du.

Guztira, gehienez 30 langabetu bilatu nahi dira –horietatik 6 erreserbakoak–, Bizkaian erroldatuta daudenak, aldez aurretik talde-kudeaketaren arloan edo bestelako erantzukizunetan arduradun izan direnak eta kudeatzaile-, zuzendaritza-, buruzagitza- edo erdi-mailako aginte-postuetan esperientzia profesionala dutenak.

Honako hauek dira DEMAren programa berrian parte hartu ahal izateko beste beharkizun batzuk:

  • Oinarriak argitaratu aurretik LANBIDEn inskribaturik egon behar dute.
  • Informatika-ezagutzak izan behar dituzte eta Interneterako konexioa eta ekipoa izan behar dute.
  • EAEko hizkuntza ofizialetako bat menderatu behar dute

Programak, gainera, arreta berezia jarri nahi die gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei, hala nola emakumeen kolektiboari, iraupen luzeko langabeziari eta 55 urtetik gorako pertsonei.

 

Lankidetza publiko-pribatua

Zubilan Plusek lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du; hori dela eta, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin batera jarri da abian, konfederazio hau Bizkaiko enpresa-ehunean eragilerik adierazgarriena baita. FVEM, AVEQ, CECOBI eta ASCOBI sektore-elkarteekin batera, CEBEKek ondo ezagutzen ditu enpresek lurralde horretan dituzten lanbide-profilen beharrak.

Programan parte hartuko duten etorkizuneko parte-hartzaileen profilen laneratze-prozesuetan adituak diren aholkularitza-enpresek ere parte hartzen dute programan. Horiekin, laguntza integrala emango dute, honako ekintzak burutuz, besteak beste: orientazio-teknikak, coachinga, helburu profesionalen plangintza, enplegua bilatzeko ibilbide bat hedatzea edo elkarrizketetan trebatzea.

Zubilan Plus testuinguru jakin batean sortu da, non datuek erakusten baitute esperientzia eta heldutasun profesionala galga bihurtu direla langabezian dauden pertsonak birkokatzeko. Hori dela eta, Euskadin langabeziaren kostu sozialaren % 90 bi urte baino gehiago langabezian daramaten 45 urtetik gorako pertsonen artean pilatzen da; horietarik % 45ek hezkuntza-profil ertain-altuak dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu Planaren arabera.

Horrela, Zubilan Plus programa egoera horri buelta emateko asmoz sortu da, beren bizitzako uneren batean gerentziako edo zuzendaritzako lanpostuetan esperientzia profesionala izan duten eta orain langabezian dauden pertsonen kolektibo horri dagokionez.

“Pertsona proaktiboak nahi ditugu, bederatzi hilabetez lana bilatzeko bide bizi-bizia egiteko prest daudenak”, azpimarratu du Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak, pertsonak programa honetan izena ematera animatzeko asmoz.

Izena emateko eskaera telematikoa izango da. Horretarako, inprimaki bat bete behar da, eta curriculum vitaea eta lan-bizitza erantsi, helbide honetan:

http://www.dema.eus/forms/zubilan.php

magen-zubilan-banner-web

Berrietan bilatu

Archivos