Gure blog-a

Prest dago zure enpresa Eraldaketa Digitalak dakarren aldaketarako?

Konpainia asko erratu egiten dira pentsatzen dutenean Eraldaketa Digitalak zerikusia duela teknologiarekin eta nahikoa dela “txapa eta pintura” saio bat enpresa kontzeptu horretara egokitzeko. Bien bitartean, 4.0 Industria Iraultzak astindu ederra agintzen du kultura aldaketa sakon honen aurrean makurtzeko asmorik ez duten enpresentzat.

Joan den ostegunean, Iraultza Digitala eta Enpresa Arintasuna XXI. mendean izeneko hitzaldia egin zen Deustuko Unibertsitateko Pedro de Icaza auditorioan, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta haren Enplegu eta Ekintzailetza Agentziak (DEMA) antolatua, DBArekin (Deusto Business Alumni) lankidetzan. Teresa Laespada foru diputatuak eta Jose San Blas DBAko zuzendari nagusiak hartu zuten hitza lehenik, eta Ángel Medinilla eta Almudena Rodríguez Pardo (Improvement21bizkortasun adituak aritu ziren ondoren. Bi adituek jarraibide batzuk eman zituzten lidergo bizkor bat bultzatzeko enpresaren eraldaketa digitalerantz. Argi utzi zuten aldaketa iritsi dela, gure artean gelditzeko ez ezik, baita aldatzen jarraitzeko ere, abiada handian. Dagoeneko iritsi zaigu 4.0 Industria Iraultza deitzen dugun hori, eta konpainiek eraldatu egin behar dute ondorioz. Dena dela, hori ezin daiteke egun batetik bestera egin.      


Honako hauek 2.000 miliako bidaia baten lehen urratsak dira, eta enpresa plantillako kide guztiek parte hartu behar dute era proaktiboan ahaleginean. Bidaia horretan, garrantzitsuena -eta korapilatsuena- pertsona horien guztien mentalitatea aldatzea izango da. 


Lehen

Euri asko egin badu ere Taylorismoaren garaitik, Angel Medinillak dioskunez, “enpresa askok faltan botatzen dute aro hori”. Adituaren hitzetan, malenkoniaz gogoratzen den garai hori -non zeregin espezifiko bakoitza kronometratu eta ekoizpena neurtu egiten baitzen exekuzio denboren arabera-, bateraezina da egun bizi dugun aroarekin eta Medinillak bere burua partaide sentitzen duen langile “nomada” belaunaldi berriarekin. Izan ere, lehen, “lan indarra trukagarria zen funtsean, eta ez ziren aintzat hartzen erresilientzia, asertibitatea, berrikuntza edo talentuaren gestioa bezalako kontzeptuak. Beraz, erraza zen giza baliabideak administratzea”.


Gaur egun oraindik denborak neurtu egiten dira. Produktibitateak eta eragingarritasunak printzipio nagusi izaten jarraitzen dute lan orduak eta enpresa arrakasta baliokidetzat dituzten konpainia askotan. Oker daude.

Adibidea

Facebook-ek WhatsApp erosi zuen 2014an, 19.000 milioi dolar ordainduta. Garai hartan, Brian Acton eta Jan Koumen berehalako mezularitzako aplikazioaren enpresak ez zeukan bulegorik, eta 55 langile zituen, ingeniariak gehienak. WhatsApp-ek jada 10.000 milioi mezu bidaliak eta 17.000 milioi mezu jasoak mugitzen zituen egunean.

Ezagutzaren arloko inguruneetan eta langile taldeetan, egiaztatuta dago bonuak eta pizgarriak eskaintzeak kontrako eragina izan dezakeela. “Ez dezagun hitz egin bonuez eta pizgarriez, lanaz, bezeroaz, produktuaz, balioaz… baizik –aldarrikatzen du Medinillak-, eta honako hau erantsi: “produktibitatea ez da panazea, eta merkatura egokitu egin behar da”.

Zerbait aldatu egin da

Gaur egun, enpresa askok XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako industriaren arauak aitzat hartuz jarraitzen dute. Dagoeneko funtzionatzen ez duen eredu baten arauak dira: tamainak, produktibitateak, kalitateak… ez dute bermatzen negozio baten biziraupena.

2011n, James C. Collins negozio aholkulariak eta ikertzaileak Good to Great liburua argitaratu zuen, erreferentziazko lana XXI. mendeko enpresa gestioan. Dagoeneko 2,5 milioi ale saldu dira eta 32 hizkuntzatara itzuli. 28 enpresa sakon aztertu ondoren, Collins eta haren lantaldea ohartu ziren horietako batzuk batez bestekoaren gainetik zeudela akzioen errentagarritasunean, eta emaitza onak izatetik emaitza apartekoak izatera igaro zirela. Enpresa horiek ezaugarri komun batzuk zituzten, bikaintasunaren gakoak zirenak -Collinsen hitzetan- enpresa gestioaren estrategian eta praktikan.

Angel Medinillak ez du zalantzarik, “enpresa digitalek aintzat hartu behar dituzte Jim Collinsen parametroak”, eta parametro horietako hiru funtsezkoak dira “besteen gainetik nabarmentzen den enpresa batentzat”:

  • Enpresa kultura eta lidergoa. Bikainak izatera iritsi ahalko dira kultura indartsuak eta lidergo oso markatuak (antropologikoki hitz egiten) dituzten enpresak: inspiratu egiten duten pertsonak. Kontuan izan behar da aldaketa estetiko hutsa nor bere burua engainatzea besterik ez dela, baldin eta enpresa sustraietara jotzen ez bada.
  • Egokitzeko ahalmena. Egokitu, ikasi, esperimentatu… egiten duten enpresak. Jakina, aldaketa gogorra da, eta horregatik dira hain uzkur hainbeste enpresa haren aurrean. Hala eta guztiz ere, besteen gainetik nabarmentzen diren enpresak dira aldaketa beren DNAn txertatu dutenak.
  • Taldea. Collinsek nabarmentzen diren enpresetan detektatzen duen izendatzaile komunetako bat lankidetzan diharduten taldeak dira, beren burua antolatzen dutenak. Ezinezkoa da talde hauek sortzea enpresak ez badu haien beharra ulertzen eta onartzen. Medinillak ohartarazten digunez, “enpresa batzuek nahiago dute erratuta egon zalantza baino”. Autoantolamendu kolektiboa aldezten du, langileen mikroantolamenduari kontrajarria.

Eraldaketa digitala eta enpresa bizkortasuna

Etengabe hitz egiten da horri buruz, baina badakigu zer inplikatzen duen kontzeptu horrek? Eraldaketa digitala ez dago hain lotuta tresnei, sare sozialei… “Orain, zer zerbitzu edo produktu ematen dugun alde batera utzita, denok gaude-eta softwarearen negozioan!”  dio Almudena Rodríguezek. Adituak Jeff Gothelf-en (Harvard Business Review) dokumentu bat aipatu du, non antolakuntza bizkor baten garrantzia nabarmentzen den. Merkatuen digitalizazioak eta bizkortasunak halabeharrez eraman gaituzte “gure erakundeak egituratzeko eta antolatzeko moduak berraztertzera. Softwarearen entrega gero eta jarraituagoa den heinean, merkatuarekiko elkarrizketa modu berri bat sortzeko gai gara, jarraituagoa dena”.  Horixe da, hain zuzen, eraldaketa digitala: elkarrizketen bizkortasunak erabakiak azkar hartzea eskatzen du; ez dago nahikoa denborarik erabaki guztiak zuzendaritzatik pasatzeko, horrek asko mugatzen baitu enpresaren erreakzio gaitasuna. Baieztapen horrek autoantolatutako taldeen garrantzia azpimarratzen du berriro ere. “Gure produktuaren optimizazio bizkor eta interaktibo horri euskarria emateko, gure pertsonak finantzatzen, kudeatzen, hornitzen eta gidatzen dituen erakundeak bizkortasun maila bera eduki behar du.” Enpresa kudeaketaren eta taldeen exekuzio gaitasunaren arteko zuzeneko gatazka inplizitua gureganatu behar dugu. Aldaketak hori dakar; saria, berriz, negozioaren biziraupena da.

Erronka

Eta orduan, galdera honako hau da: zer egin behar da enpresa bat eraldaketa digitalera eramateko? Rodríguez Pardok dibisioak dituzten enpresak aipatu ditu: “Ez zaitez saiatu hegazkin ontzi bat mugitzen, norabide berean doazen ontzi dibisioak baizik”. Eraldaketa digitalaren erronka lortzeko oinarrizko sei ildo eman ditu:

  1. Besarkatu konplexutasuna eta aldaketa.
  2. Maitemindu bezeroa (bezeroa estrategiaren erdigunean; balioaren maximizazioa, irabaziaren aurrean). Bezero zoriontsuek langile zoriontsuak behar dituzte.

 “Ez pentsatu nola egin behar den merkatuko zulagailurik onena, bezeroak paretan koadro bat nola jartzen duen baizik”. Almudena Rodríguez Pardo

3. Landu enpresaren kultura: erakarri talentua, eman helburu bat, garatu pertsonak, sustatu autoantolakuntza.

4. Garatu lankidetza ereduak: inbertitu errendimendu handiko ekipoetan; sortu talde “kross-funtzionalak”, lan egin dezatela erabakiak hartzeko sistema egoki batekin eta coach onenaren gidaritzapean.

5. Murriztu feedback zikloa: baztertu ziklo luzeko proiektuak, enpresa bizkortasuna bilatzeko. Erakunde guztiek, zer tamaina duten alde batera utzita, prozesu bizkorrak eduki behar dituzte.

6. Berritu, esperimentatu, ikasi… Zureganatu testuinguruaren mendekotasun bat, liberatu espazio bat sisteman, inplikatu etengabeko hobekuntzan. Kalkulatzen da horretarako enpresek langile bakoitzaren lanaldiaren % 20 berrikuntzara bideratu beharko luketela.


Azken batean, enpresa askok eraldaketa digitala teknologiari lotuta dagoela pentsatzearen hanka sartzea egiten dute; ostera, kontzeptua enpresa kulturaren alderdiei dago lotuta, haren kultura eraldaketari eta merkatuarekin eta langile taldearekin harremanetan jartzeko moduaren aldaketa sakon bati.


Lanerako erabiltzen den enpresa kudeaketa sistema zaharkitua geratu da. “Esnatu erraldoia! -Eskatu die Almudena Rodríguezek enpresa arduradunei- Zuen eginkizuna ez da enpresa eraldatzea, zuen enpresetako langile guzti-guztien indar kolektiboak ordezkatzen duen erraldoia esnatzea baizik. Etorkizuna hain da ziurtasunik gabea, ezen negozioek, bizirik irautekotan, taldeetako inteligentzia kolektiboa bildu beharko baitute”.


Iraultza Digitala eta Enpresa Arintasuna XXI. mendean hitzaldiaren aurkezpenera sartu.

Iraultza Digitala eta Enpresa Arintasuna XXI. mendean hitzaldiko argazki gehiago:


Warning: Parameter 2 to qtranxf_excludeUntranslatedPostComments() expected to be a reference, value given in /var/www/dema.eus/www/wp-includes/class-wp-hook.php on line 287