Gure blog-a

Gogoan izan! Zure erakusleihoa zure “saltzaile ikusezina” da

Zenbat denbora ematen duzu zure dendaren itxura berrikusten, batez ere erakusleihoari dagokionez?

Artikulu honekin zuen dendaren atal bisualak duen garrantzia erakutsi nahi dizuegu. Zuen dendaren erakusleihoa “saltzaile ikusezin” bilakatzeko pauso errazak helarazi nahi dizkizuegu. Pausook aplikatzea espero dugu; horrela, salmentak areagotzeko aukera izango duzue, orain arteko lan bera eginez!

Lehenengo eta behin, errotuluak ikusgai egon behar du. Distantzia gorabehera errotulua ikusi egin behar da, eta ezinbestekoa da logotipo bat ere izatea. Logotipoa identifikagarria eta argitsua izan behar da, establezimendua identifikatzen lagundu behar duelako.

Bigarrenik, are garrantzitsuagoa dena, erakusleihoak bezeroen arreta deitzen lagundu behar digu; izan ere bezeroei gure dendara sar daitezen konbentzitzeko tresna da. Erakusleihoak argia izan behar du, eta prezioak kartel bakarrean egon behar dira ikusgai (bezero posibleak ez kolapsatzeko). Argiztapenak berebiziko garrantzia du, azpimarratu nahi ditugun produktuak nabarmendu behar ditu.

Paseatzen dabiltzanen arreta deitu behar dugu, gure erakusleihoaren aurrean geldiarazi behar ditugu, eta hori lortzeko modua sormenezko muntaia deigarri eta originalak erabiltzea da. Erakusleihoa ez da denda txiki bat, erakusgai dagoen produktua erosteko nahia eragin behar du. Hori dela eta, gomendagarria da erakusleihoak atzealdea izatea, produktua soilik nabarmentzeko. Erakusleihoak ez du estatikoa izan behar, egokiena hiru astetik behin berritzea da. Eta oso garrantzitsua da erakusleihoa garbi eta kartelik gabe egotea!

Aipatutako guztia dela eta, kontuan hartu behar dugu erakusleihoan irudizko hiru alde desberdintzen direla: alde hotza (8, 7 eta 9 zenbakiak), alde beroa (2, 1 eta 3 zenbakiak) eta alde epela (5, 4 eta 6 zenbakiak). Produktuak kokatzeko altuera ere garrantzitsua da. Horiek alde beroan jartzea gomendatzen dugu, erakusleihoaren erdialdean, oinezkoen begirada erakartzeko.

Irudian ikus dezakezuen bezala, erdiko aldeari, begien altuerara kokatuta dagoenari, erreparatzen diogu hasieran, horregatik da erakusleihoaren alderik beroena. Punturik beroenak, erdikoa, ezkerrekoa eta eskumakoa dira, hurrenez hurren.

Zer dela eta dauka ezkerreko aldeak eskumako aldeak baino lehentasun handiagoa? Mendebaldarrek ezkerretik eskumara irakurtzen dugulako. Erdiko aldearen ostean, beheko aldeak du goiko aldearekiko lehentasuna, eskuen eta oinen altuerara kokatuta dagoenak. Hemen ere ibilbide bera egiten da: erditik hasita ezkerretara jo eta eskumako aldean bukatu.

Bukatzeko, saltokira sartzeko atearen kokapenak duen garrantzia azpimarratu behar dugu. Sarrerako ateak lokalaren eskumako aldean egon behar du, eta gomendagarria da probagelak alde hotzean egotea, erosle posibleak saltoki osoa ikus dezan.