Gure blog-a

Sasoi ona al da uda enplegua bilatzeko?

Gai hau landu dugu DEMAren enLANzar programako jardueretako batean

2017ko ekainaren 2a
Enpresa guztiek izaten dute euren lantaldearen oporrak ordezkatzeko premia, eta horri beste aukera batzuk gehitzen zaizkio. Besteak beste, sasoi honetan hainbat sektore indarberritu egiten direla; esaterako, turismoarekin, ostalaritzarekin, sukaldaritzarekin eta aisialdiarekin lotutakoak.

Bilbok geroz eta erakarpen indar handiagoa dauka norako turistiko moduan, eta, beraz, gure hirira datozen bisitarien kopuruan pixkanakako hazkundea hauteman dugu. Horrek pentsarazten digu pertsona horiei guztiei zerbitzua eman ahal izateko, enpleguak gora egingo duela.

Uda sasoian sortutako enpleguarekin batera, bada beste iritzi bat: udako lanpostu horiek prekarioak direla, aldi baterakoak baino ez, oso epe laburrekoak, eta horrenbestez, bereziki ikasleentzat sortutakoak edo ikasleek betetzen dituztenak.

Egoeraren analisi erreal bat egiteko, duela aste batzuk mahai inguru bat egin zen, Gloria Mugica DEMAko zuzendari gerenteak gidatutakoa. Bertan, behin-behinekotasun horrek eragindako sektoreetako ordezkariek galdera horiei guztiei erantzuna ematen lagundu zuten. Mahai ingurua, hain zuzen, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak enplegu anezketatik igaro diren pertsonei laguntza eskaintzeko abian jarritako enLANzar programaren baitako jardueretako bat izan zen. Honako honetan, gainera, gaiari buruz eztabaidatzeko aukera ere izan zuten.

Nork hartu zuen parte mahai inguruan?
– Ángel Gago, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko presidentea. Elkarte honetan daude bilduta, besteak beste, ostatua, sukaldaritza, kafetegia, taberna, cateringa edo taldekako sukaldaritza eskaintzen duten enpresak. Elkarte honek osatzen du Bizkaian sektore honek duen pisu ekonomikoaren % 80, eta, beraz, Espainiako Estatuko ostalaritza elkarteen artean erakunde garrantzitsuena dela esaten dute.

– Julián Ruiz, Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioko (CECOBI) idazkari nagusia. Konfederazio hau irabazi-asmorik gabekoa da, gremio eta zonako elkarte eta taldeek osatutakoa. Hain zuzen, saltokien kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzeko jarduerak antolatzen ditu; bestalde, sektorean enplegu bila dabiltzanei zuzendutako plataforma bat ere badauka: cecobilan.es

– Nekane Sagarduy eta Gurutze González, Randstad Taldeko Bilboko eta Derioko bulegoetako zuzendariak. Nazioarteko talde honek 4.600etik gora bulego ditu mundu osoko 40 herrialdetan, eta Holandan dauka egoitza nagusia. Espainian, 250etik gorako eta 1.500 langileko sarea dauka autonomia erkidego guztietan barreiatuta. Eta horri esker, 37.000 pertsonak egunero enplegua izatea bermatzen du.

– Sito Pons, Mercure Bilbao Jardines de Albia hotelaren zuzendaria. Bilboren erdigunean kokatuta dagoen hotel honek 138 gela, jatetxea, taberna, aparkalekua, gimnasioa, spa eta 135 metro koadroko aretoak ditu, askotariko ekimenak egiteko. 4 izarreko hotela da, eta Skyscanner bilatzaileak Bilboko 10 hotelik onenen artean sailkatzen du.

Landutako gai nagusiak

Krisialdiari eta gaur egun hizpide dugun lehengoratzeari buruz:
Julián Ruiz ez dator horrekin bat; ez, behintzat, eurei dagokienez. 2007. urtean hasitako krisialdiaren ondorengo lehengoratzeari buruz dihardugunean, bereziki industriaz ari gara. Merkataritzaren sektorean sumatu da hobekuntza txikiren bat, baina oraindik goiz da egiazko lehengoratzea ikusteko: “Gure gasturako ahalmenean eragin handiak izan dira, alderdi ugaritan; baita elikaduran ere, eta horretatik ezin du inork ihes egin, pertsona guzti-guztiok baitaukagu elikatzeko beharra. Kontsumitzeko dugun modua aldatu egin da, eta marka zuriak ugaritu izana dugu horren erakusle garbia”.


Ángel Gagok datu positibo bat gehitu du: krisialdiaren hasieran bere elkartean 19.500 langile zeuden erregistratuta; gaur egun, berriz, 23.500.

Udan sortzen den lanari buruz:
Ángel Gagoren aburuz, ostalaritzaren sektorean udan sortzen den lana ez da pentsatzen den bezain nabarmena; izan ere, gehienetan, saltokietako lantaldeko kideen oporraldietan ordezkaritza lanak egiteko izaten baita. Alabaina, berretsi du badela lana sektorean, eta ez soilik udan. Lanpostuak betetzeko, bestalde, prestakuntzara jotzen dutela adierazi du; bereziki, Artxandako Ostalaritza Eskolan ikasi dutenetara, baina baita Lanbideko ikastaroetan eta gauzatu beharreko funtzioekin hertsiki lotuta dagoen prestakuntza egin dutenetara ere. Jendeari eskaini beharreko arreta funtsezkoa da, gainera, enpresen eta horrekin lotutako saltokien martxa onerako. Alegia, jendearekin zuzeneko harremana duten pertsonen bitartez, eta horiek eskainitako zerbitzuaren nolakotasunaren bitartez, bezeroak gal ala irabaz daitezke. Horregatik, lehentasuna ematen zaie prestakuntza jaso dutenei eta euren lanbidea gustuko dutenei.


Sito Pons Mercure Bilbao Jardines de Albia hotelaren zuzendariak, berriz, nabarmendu du hotel batean lan egiteko (zuzenean jendaurrean lan egitekoa ez den lanposturen batean izan ezik; esaterako, garbiketan edo mantentze lanetan), ezinbestekoa dela ingelesa jakitea, eta hala badagokio, baita frantsesa ere, hurbiltasunagatik turista frantses dezente joaten baita Bilbora. Beraz, zeinahi postu izanda ere, oso aintzat hartzekoak dira hizkuntzak.

Udako lanaren prekarietateari buruz:

Nekane Sagarduyren ustez, prekarietaterik handiena enplegurik ez izatea da; eta, tamalez, gaur egun, pertsona askori gertatzen zaio hori, eta modu orokorrean gainera, hots, sektore guztietan.

Ángel Gagoren aburuz, alde handia dago Euskal Herriko egoeraren eta estatuko gainerako tokietako egoeraren artean. Gure hitzarmeneko baldintzak gure autonomia erkidegotik kanpoko hitzarmenetakoak baino askoz ere hobeak dira. Egia da udan egiten diren kontratazio gehienak oporraldietan ordezkapenak egiteko izaten direla; baina egia da, halaber, enpresarekin harreman ona izan baduzu, aukera handiak dituzula berriz ere deitzeko.

Jardunaldian nabarmendutako beste ideia batzuk:
Nekane Sagarduyk eta Gurutze Gonzálezek nabarmendu zuten aldatu egin behar dugula enpresa bati geure burua aurkeztean daramagun ikuspegia: geure burua eskaintzera goaz, ez lana eskatzera. Eta ikuspegi hori erakusten omen diete Randstadera jotzen duten pertsonei.


Garrantzitsua da enpresa aldez aurretik ezagutzea, enpresaren webgunean argitaratutako informazioa aztertzea eta gure profilaren eta enpresaren balio zein premien arteko loturak bilatzea. 

Hainbat ekintza egin beharko lirateke lan egin nahi duten 45 urtetik gorako langabeei laguntza emateko. Izan ere, gazteen langabezia tasa handia dela ahaztu gabe, onartu behar dugu 45 urtetik gorakoen egoera gazteena baino dramatikoagoa dela, gazteek, askotan, gurasoen babesa jasotzen baitute.

Udako lana enplegua bilatzeko atea izan liteke. “Enpresak ezagutu egiten zaitu, eta zuen arteko harremana ona izan bada, langile baten premia duenean, zeu izango zara, seguru asko, lehenengo aukera”.